saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Urkiolako parke naturaleko fauna eta flora

Informazioa

 

Hostogalkor-basoa

 

Urkiolako Natur Parkeko baso hostogalkorra. (Zabaldu leiho berri baten)

Landaretza

Lur planetako alde epeleko habitat konplexuenak baso hostoerorkorrak dira. Ezaugarririk nagusiena urtaroaren araberako erritmoa da, hau da, bertako landareen bizitzak urtaroa zein den halako egokitzapena egiten du, izan ere, hori guztia neguko hotzekiko erantzuna baita. Erritmo hori prozesu biologiko askotan agertzen da eta gehien igartzen den sasoia udazkena eta udaberria da, hurrenez hurren orriak jausi eta kimuak jaiotzen direlako.

Giza iharduerarik izan ezean, basoek Urkiolako Parke Natural ia osoa (harkaiztegiak eta zohikaztegiak kenduta) estaliko lukete. Hala eta guztiz ere, basoen hedapena urritu da azken urteotan eta, gaur egun, parkeko azaleraren herena baino ez da. Nahiz eta azalera txikia bete, espezie eta baso ugari gordetzen ditu bere baitan.

Hariztia behe-behealdeko basoa da: ibarretako beheko aldeak eta 600 m-rainoko aldatsak betetzen ditu, hala ere, lur argal harritsuetan hariztiaren ordez artea (Quercus ilex) azaltzen zaigu. Gaur egun oso harizti gitxi daude. Sasoi batean ibarretan zeuden basoak goldatu egin zituzten soro landuak egiteko; aldatsetan zeudenak, ostera, larre bihurtu zituzten eta bertatik ateratako zura burdinoletako erregaitarako eta untzigintzarako erabili zuten. Hariztiak 35 Ha betetzen ditu Parkean, bestela esanda, azalaren %1 baino gitxiago. Oleta eta Mendiola dira hanztl geluenak dituzten aldeak.

Harizti elurtua (Zabaldu leiho berri baten)

Harizti-mota bi daude: harizti eutrofoa eta hareazko substratuetako hariztia. lkus ditzagun banan-banan. Harizti eutrofoa ibarretako beheko aldeetako lur sakonetan azaltzen da. Baso-mota horretan, ugaritasun handia dago eta, horrela, haritzarekin batera (Quercus robur) beste zuhaitz batzuk azaltzen dira, besteak beste lizarra (Fraxinus excelsior), ezkia (Tilia platyphyllos), zumarra (Ulmus glabra), astigarra (Acer campestre). Bertako oihanpea ondoko zuhaiska hauek osatzen dute: iparraldeko elorri zuriak (Crataegus monogyna), elorri beltzak (Prunus spinosa)... Beheko geruzan aipatzekoak dira Polystichum setiferumeko koroak eta beste iratze batzuk, besteak beste, sorgin-iratzea (Athyrium filix-femina) eta, horiekin batera, oihaneko landare asko eta asko, esate baterako, zolda-belar txikia (Symphytum tuberosum) edo biri-belarra (Pulmonaria longifolia). Hareazko substratu-aldeetako basoa ez da hain joria: haritza da nagusi zuhaitzen artean eta, tarteka baino ez dira antzematen urkiaren azal zuriska (Betula celtiberica) edo gorostiaren orri distiratsuak (Ilex aquifolium).

Mendian gora goazela, prezipitazio-maila handiekin batera, pagadiak azaltzen zaizkigu: Europa epeleko baso adierazgarriena da. Pagoen gerizpean gertatzen da Europako mitologia gehiena eta, bestalde, pagoa, askorentzat, gure herriko ikurretako bat da. Usteak uste, pagoa (Fagus sylvatica) heldu berria-edo da. Orain dela 8000 urte Balkanetan baino ez zen bizi, bertan glaziarren eraginpetik babesteko, baina klima-baldintzak hobetu zirenean mendebalderantz abiatu zen beste zuhaitz batzuk lagun zituela (izeia, izei gorria ... ), eta haritza bera izan zen urrunen heldu zena. Zenbait ikerlarik uste dute haritza oraindik ere hedatzen dabilela. Orain dela hiru mila urte gitxi gorabehera, Pirinioak zeharkatu zituen. Espezie hau Penintsula Iberikora berriki heldu izanak aukera ematen digu landareen mugigaiztasunaz hausnartzeko.

Pagoak gerizpe ederra sortzen du eta argiagatiko lehia sortarazten du oihanpean. Horrelaxe ikus dezakegu zuhaitz gazteak dauden lekuan, izan ere, argi-urritasuna dela-eta zuhaitzak lerden hazten baitira eta, ondorioz, garaiera handiak lortzen dituzte, zurtoin meheak dituztela. Harrigarria bada ere, leku batzuetan, badira zenbait zuhaitz adar asko dituztenak lurretik oso hurbil; haritz motzak dira horiek. Sasoi batean, adarrak moztuz lortzen zen zura; gaur egun, berriz, ia-ia ez da horrelakorik egiten, horregatik, historia-balio handia dutela esan liteke.

Santutegitik hurbil dagoen pagadi lepatu honek argi eta garbi erakusten digu zein izan den gure basoen tradiziozko erabilera.

Loredun Anemona (Zabaldu leiho berri baten)

Baso-eguerdililiak (Anemone nemorosa) oso goiz egiten ditu loreak. Bestalde, bat ere joriak ez diren lurretarako joera argia dute

Ezti Armilaria izeneko onddo parasitoa (Zabaldu leiho berri baten)Ezti Armilaria izeneko onddo parasitoa (Armillaria mellea)

Armillaria mellea onddo bizkarroia da: zuhaitz bizien zurarekin elikatzen da eta kalte larriak eragin ditzake pagadi eta pinudietan.

 

Prezipitazio-eskakizun handiak baditu ere, pagoari ia-ia berdin dio zein substratu-mota duen eta, horrela, hareazko nahiz kararrizkoetan bizi daiteke lasai asko. Kokatzen den lurra zelakoa den, halako espezieak azalduko zaizkio inguruan. Substratua azidoa bada eta, beraz, joria ez bada, esate baterako areazko substratuak, basoaren barrualdeak oso lore gitxi izaten ditu.Baldintza horietan bizi daitezkeen espezie gitxietariko batzuk hauexek: orri meheak dituen gramineo bat Deschampsia flexuosa, ahabia (Vaccinium myrtillus) eta baso-erdililia (Anemone nemorosa). Batzuetan, baso hauen barrualdean gorostiren bat (Ilex aquifolium) azaltzen da edo eta urkia (Betula celtiberica) ere bai. Baso-mota hau Mendiola, Sakonandi eta Kondebaso inguruetan azaltzen zaigu eta, horien ondoan, ametzak (Quercus pirenaica).

Kararrien gainean kokatzen denean, loredia joritu egiten da, baina oihanpeak estaltzen duen azalerak txikia izaten jarraitzen du. Geofitoak sarri ikusten dira; dituzten erreserbei esker arin-arin garatzen dira, pagoak erresela itxi baino lehenago. Astatipularen lore ederrek (Scilla lillio-hyacinthus), hartz-baratxuriek (Allium ursinum) edo mingrana garratzek (Erytbronium dens-canis) udaberriaren hasiera adierazten dute. Beste espezie batzuk, berriz, ez dira hain goiztiarrak izaten eta basoa itzaltsu dagoenean garatzen dira, esate baterako, melika (Melica uniflora) edo albitz-belarraren ahaide bat (Brachypodium sylvaticum). Azkenik, zenbait zuhaiska, esate baterako, garatxo-belarrak (Daphne laureola) hostoiraunkorrak dira eta, horri esker, udaberrian eta udazkenean, pagoak orririk ez duenean, aprobetxatu egiten dute argia bereganatzeko. Horrelako basoak Aramotz, Anboto eta Arangio mendi-multzoetan topa ditzakegu.

Hartz-baratxuria (Zabaldu leiho berri baten)

Hartz-baratxuria (Allium ursinum), berakatzaren antzekoa dena, populazio handietan azaltzen da pagadi hezeetan.

Pagadiek parkeko azalaren %20 estaltzen badute ere, ez dira haiek bakarrik, badira bestelako "begetalak" ere. Goroldioek eta onddoek garrantzi handia dute pagadiaren dinamikan. Hezetasunik handiena dagoenean, goroldioek orbelen artetik ateratzen den edozein haitz eta enbor-oinarri jazten dute. Nahiz eta habitat hauetan agertzen diren espezieak asko izan eta egiten duten estaldura askoz handiagoa izan fanerogamoena baino, ez dira oso ezagunak. Onddoak, berriz, pagadi barruan eginkizun gehien dituen taldea da: gaiak usteltzen laguntzen dute (horrela, elikagaien zikloa amaitutzat joko da), zura eta orbelak liseritzen dituzte; baina ez hori bakarrik, sinbiosi-lana ere egiten dute zuhaitzen sustraiekin. Sinbiosi-lan horren bidez, zuhaitzek errazago bereganatzen dituzte zenbait elikagai. Udazkenetan eta udaberri euritsuetan, landareen eta animalien erreinuen erdibidean dauden izaki hauek ezkutupetik irteten dute eta ugalketa-gorputzak erakusten dituzte, hau da, perretxikoak. Besteak beste, hauexek aipa ditzakegu: udazkeneko onddozuriak (Boletus edulis), tripaki argiak (Hydnum repandum), lakaria ubelak (Laccaria amethystina) edo gibelokre hankazuriak (Russula ochroleuca).

Ametza(Quercus pyrenaica) Lehorte-baldintza handiagoetara egokitutako zuhaitza da, Mediterranio-izaerako baldintzetara bidean dagoena. Egokitzapen hori morfologian igartzen zaio: oso orri lobulatuak, ihartu ondoren ez dira adarretik jausten eta bertan irauten dute udaberrirarte, orri berriek irteten dutenean. Substratu silizeoa duten aldeetan aurki dezakegu, hala nola Kondebason eta, oro har, parkeko hegoalde osoan. Ametzek lur lehorrenak betetzen dituzte eta, askotan, pagadi barruan azaltzen dira tartekatuta. Beren oihanpea osatzen duten espezie batzuk harizti azidofiloetakoak dira eta, beste batzuk txilardietakoak.

Urkiolan interes handiko beste baso batzuk ere azaltzen dira. Urkidiak, Txakurzulon eta Saibiko HEko aldasetan kokatuta, landaretza aitzindaria dira, bestelako basoak garatu aurrekoak. Urkiak (Betula celtiberica), malda gehien duten. lekuetan eta lur azidoenetan, iratze eta ahabi asko (Vaccinium myrtillus) dituen basoak osatzen ditu. Antzeko egoeretan, baina kararriaren gainean, haitzak paisaia jaten duen lekuan, labar-oinarrietako basoak azaltzen dira. Leku horietan, lurraren mugikortasunak ez du pagadi heldua ezartzen uzten eta, horren ordez, oso joriak dira hurritzetan (Corylus avellana), hostazurietan (Sorbus aria) eta haginetan (Taxus baccata). Zenbait tokitan, pagadi azidofiloetan, haritz kandugabeen basoskak (Quercus petraea) azaltzen dira eta, batzuetan, astigar zorrotza (Acer platanoides) edo astigar zuria (Acer pseudoplatanus).

Okre koloreko hostoak dituen basoa, atzealdean Urkiolako mendia dagoelarik (Zabaldu leiho berri baten)

Orriak jausi baino lehenago, zuhaitzak orrietako klorofila eta gainerako elikagaiak xurgatzen ditu. Basoek horregatik hartzen dute halako kolore okrea.

Zabalaundiko pago bakartia (Zabaldu leiho berri baten)

Baso-lurretan dauden larreek sasoi bateko zuhaitzen arrastoak gordetzen dituzte oraindik ere. Esate baterako, Zabalandiko pago bakarti hau.

Urkiolako parkeko ekosistema. Urkia, pagoa, urritza, gibel belarera, agina, okil handia, basurdea, arrabio arrunta, katagorria,  zapelatz arrunta eta urubia. (Zabaldu leiho berri baten)

Fauna

Erakuntza begetal hau izendatzeko erabili dugun epigrafeak nahaste apur bat dakar, izan ere, baso-mota bi aipatzen dira-eta: pagadia eta hariztia. Horietako lehenengoa, esan bezala, oso hedatuta dago Urkiolan; bigarrena, berriz, ia-ia desagertu da. Hori dela-eta, baso hostoerorkorra aipatzen dugunean pagadia esan nahi dugu batez ere.

Baso honen ezaugarri aipagarrienetako bat oso animalia gitxi izatea da, behintzat beste baso batzuekin alderatzen badugu. Goi-ornodunek aprobetxamendu trofiko eskasa egiten diote baso honi; hori da arrazoia. Baso honetan ia-ia zuhaiskarik ez dagoenez (pagoen orri-trinkotasunaren hedapen zabalak eraginda), basoetako hegaztientzat hain handia den janari-iturria (bertatik baia eta fruitu asko jaten dituzte) ezereztaturik geratzen da. Pagadiak duen gabezia horrek ornodunen beste talde batzuetan du eragina. Ugaztun haragijaleek, ondorioz, animalia gitxiago dituzte eskura elikatzeko eta egoera horretan bizi daitezkeen balizko harrapakin-aleen kopurua txikiagoa da beste baso batzuetan baino. Hariztian ere antzeko egoera gertatzen da eta, orduan, ukituta agertzen ez diren animali talde bakarrak baso barruko zuhaisken zuzeneko beharrik ez dutenak dira. Mikrougaztunak eta anfibioak dira Urkiolan eta inguruko pagadietan horrelako egoeran daudenak. Hain zuzen ere, aipatutako animalia horiek behegainean bizi dira batez ere eta, pagadiko behegaina berezia denez, ondorioak begi bistakoak dira. Leku askotan, pagadiko lurrak ez du ezta goroldiorik ere. Beste leku batzuetan, ostera, lurrik ere ez dago, izan ere, pagoa kararriaren gainean bizitzeko gauza da-eta. Honenbestez, lurren batean haitz bizia azaleratzen bada eta landaretzarik ez, janari-baliabideak hutsaren hurrengoak dira. Biologiaren aldetik antzematen den gabezia konpentsatzeko-edo, usteltze-bidean dauden orriek, zelanbait eta neurri ezberdinetan, elikagai-ahalmen ederra dakarkiote baso honi. Horrelako ekarpena garrantzi txikikoa badirudi ere, funtsezkoa da zenbait omodun (lehenago aipatutako mikrougaztunak eta herpetofauna) pagadian bizi ahal izateko. Usteltze-bidean dauden orrien artean orriak jaten dituzten artropodoak eta bestelako ornogabeak bizi dira. Hezetasun handia dago bertan, eta horrek lagundu egiten die zenbait anfibiori urteko sasoi luzeetan uretatik kanpo bizi izaten.

Urubi izeneko hegazti harraparia adar batean bermaturik (Zabaldu leiho berri baten)

Urkiokako zuhaitz-sailak handiak direnez, urubia da (Strix aluco) parkean hoberen banatuta eta gehien dagoen gau-harraparia. Argazkian azaltzen zaiguna habitik irten berria den kume bat da.

Pagadian agertzen den fauna, funtsean, oso antzekoa da Atlantiko-Izaerako hariztian dagoenarekin. Hona zertan den bien arteko aldea: pagadian kokatutako populazioen dentsitateak txikiagoak dira, bertan dauden baliabideak urriak direlako. Aipatu egin da pagadiak zein elikagai gitxi dakarkien espezie askori, batez ere hegaztiei, baina ez da begi bistatik galdu behar hegazti eta erdi tamainako ugaztun askok (mustelidoak batik bat) habiak eta zuloak, hurrenez hurren, ipintzeko dituzten zailtasunak. Oztopo horrek, azken batean, lagundu egiten du ornodunen komunitatea nahikoa ugaritasun urrikoa izaten.

Parkeko lurretan hedatuen dagoen espezieetariko bat urubia (Strix aluco) da. Basoan baino bizi ez den hontza da eta Urkiolako zuhaiztietan aurkitu du bizileku errez eta egokia. Erdi tamainako hegaztia da, bizkarraldeko lumak nabar gorriskak ditu eta paparraldekoak zein sabelaldekoak krema kolorekoak (zelako koloreztapen-aldia izan, halako kolore gorriskagoa edo ez hainbestekoa). Urubien kantua uhubia da, udazkenean eta neguan entzuten dena, hain zuzen ere, hegaztia arreske dagoenean. Zuhaiztitik irteten duelarik, kantua funtsezko soinu-osagaia da basoko neguko isiltasun geldian. Hontza gehienen modura, oso zail da egunez urubia hegan ikusten cta, ikustekotan, gehienetan beste hegazti batek egun argitako atsedenaldia eteten dionean, izan ere, orduantxe hegan hasiko da-eta. Elikadurari dagokionez, hegazti honek mikrougaztunak ditu jangai: hatzapar luzeen bidez harrapatu ondoren, jan egiten ditu edozein zuhaitzetako adarrean. Horregatik urubiak, beste hontza batzuek ez bezala, normalean, ez du egagropilen pilarik egiten.

Europako basoetako fauna zabalaren barruan, okilak dira zuhaitz-giro hauetako espezie ezaugarri-emaileetako bat. Urkiolako Parke Naturalean espezie horietako bi bizi dira, bata, okil handia (Dendrocopos major) eta, bestea, okil berdea (Picus viridis). Okil handia parkeko lurraldean bizi da, nahiz eta bertan ale gitxi izan; ez da horren arrazoirik ezagutzen. Hegazti hau urteko sasoi gehienetan banaka bizi da basoan, talderik sortu barik. Horren arrazoia adierazteko, esaten da ehiza-iharduerak eragin handia duela populazio horretan, baina hemen, Urkiolan, sineskaitza egiten da, izan ere, oso zail baita horien gainean zuzen-zuzenean eragiten. Egoera horrelakoa izan arren, parkeko hegoaldean (Kondebasoko pagadian) espezie honetako nahikoa ale aurki ditzakegu. Basoetako hegazti gehienekin gertatzen den bezala, errezago topa dezakegu entzumenarekin ikusmenarekin baino. Okilaren kantua nahikoa seinale izaten da hegaztia non dagoen jakiteko, baina hori ez bada, danbolin antzeko errepika-doinua izaten da argigarri (okilak kolpe erritmikoak egiten ditu zur hutsaren kontra). Luma deigarriak ditu: paparraldean, sabelaldean eta buruan zuri nahastua; bizkarraldean eta buruan beltza; behe-sabelaldean eta buruaren behealdean gorria (azken kolore hau arretan bakarrik). Hegan ustez duen tamaina baino txikiagoa da benetan (23 Zm mokotik buztanera). Zur ustelean arakatuz aurkitzen dituen harrak ditu jangai, baina gehienbat zuhaitz-haziak (pagatxak, ezkurrak, hurrak ... ) jaten ditu urtean zehar. Hazi horiek oskol larrukara dutela-eta, okilak zuhaitzen azalaz baliatzen dira haziak bertan sartu, mokoka apurtu eta barrukoa jan ahal izateko. Haziok sartzeko leku horiei "ingude" esaten zaie.

Arrano txikia (Zabaldu leiho berri baten)

Arrano txikien (Hieraaetus pennatus) bikoteren bat bizi da parkeko hegoaldeko baso hostozabalen eremu handian. Arrano-mota hori udan baino ez da agertzen Europan.

Okilak, beraz, basoetako hegazti ezaugarri-emailetzat hartzen diren bitartean, katagorri arrunta (Sciurus vulgaris) eta muxar grisa (Glis glis), berriz, dira baso-inguruneetan bizi diren ugaztun tipikoak. Katagorria animalia txikia da, 23 zm-ko gorputza du eta 15-20 zm-ko buztana. Buztana oso iletsua du eta, duda barik, katagorria ezagutarazteko gorputz-ezaugarririk onenetako bat. Gorputzak bi kolore-alde ditu: sama eta sabelaldea zuriak dira beti, eta gainerako atalen ileak gorriskak, behintzat parkean ikusitakoetan. Hori horrela bada ere, katagorri batetik bestera kolorea alda daiteke eta, horrela, zenbait alek ile nabar iluna dute. Atzeko hankak, aurrekoak baino garatuago daudenez, horiexek dira animalia adarrez adar joateko bultzada ematen diotenak. Neguko ileetan, ile luzeen mototsak ateratzen zaizkio belarrietan. Kumeak egiteko, batzutan zuhaitzen husguneak erabiltzen ditu, baina normalean habiak egiten ditu bere kumeentzat zuhaitzen adaburuetan eta, beste batzuetan, berriz, beste hegaztiren baten habiaren oinarria hartzen du abiapuntutzat. Basoko ugaztun gehienek ez bezala, katagorriek batez ere egun-argiz iharduten dute. Hori dela-eta, parkeko txoko ugarietan zehar behatzaile ibiltzen direnentzat ez da zaila izaten katagorriak ikusten; beste ugaztun batzuk ikustea, berriz, ia ezinezkoa da. Nahiz eta animalia hau nonahi egon Urkiolako basoetan, zaila izaten da ikusten, izan ere, behatzaileek espezie honen ezaugarri bi gainditu behar dituzte: katagorria oso isila da (arriskuren batek jota dagoenean baino ez du intziriren bat botatzen) eta gitxitan irteten du hosto-tarteetatik. Zuhaitzetan aurkitzen dituen begetalak ditu oinarrizko jangai, baina beharrezko badu, dudarik ez du izaten lurrera jaitsi eta jaten jarraitzeko.

Ipar hemisferioko alde heze eta epeletako baso-inguruneetan egunez iharduten duen harrapari ohikoena aztorea da (Accipiter gentilis) Gaur egun, zoritxarrez, seguru asko esan dezakegu hegazti hori ez dagoela parkean, ezta inguruetan ere. Basoetako beste harrapari bat, baina basoarekin hainbesteko lotura trinkorik ez duena, zapelatz arrunta da (Buteo buteo); hegazti hau badago parkean, ugari egon ere. Aztoreak Urkiolako basoan utzitako hutsunea zapelatzak betetzen ez duen arren, esan liteke basoko harrapari hegodunen espezie adierazgarriena dela zapelatza. Gorputzaren aldetik ez du halako ezaugarri bereizgarririk; lumen kolorea marroia du. Paparraldea, sabelaldea eta hegoen behealdea kremak dira, tarteka gune marroi batzuk dituztela. Koloreari dagokionez, alde handia dago ale batetik bestera: ale batzuk argiak dira eta, beste batzuk, azaldutako eredua baino marroiagoak. Hegan ikustean, badirudi hegazti astuna dela; buru zabal eta laburra du eta buztana ez da oso luzea. Ehizan egiteko, gehienetan, basoko kanpo-ertzetako adarren batean ipintzen da edo eta lasto-meta baten gainean, edo kable nahiz zutoin elektrikoetan, eta hortxe egoten da harrapakinen baten zain. Horixe da espeziea ikusteko modurik ohikoena. Hala ere, ez da zail. izaten entzumenaren bidez aurkitzen, izan ere, "kiu" luzea botatzen du sarri hegan dabilen bitartean. Karraskariak (mendebaldeko ur-arratoiak, lursaguak, arratoiak ... ) jaten ditu, baina baita narrastiak ere, besteak beste, muskerrak eta sugeak, eta zenbaitetan, hegaztiak.

Basakatua (Zabaldu leiho berri baten)

Basakatuak (Felis silvestris) gaueko bizimodua du. Basakatuen espezializazioa harrapakin txikiak harrapatzea da; lurrean bertan egiten du hori.

Urkiolako Parke Naturalean gaur egun bizi den ugaztunik handiena basurdea (Sus scrofa) da, orkatza (Capreolus capreolus) ahaztu barik. Gorputz sendoa eta trinkoa du, ile gogor ilunekin estalita. Bai hankak, bai belarriak laburrak dira; arrek oso letagin luzeak dituzte, ahotik kanpo ateratzen zaizkionak. Basurde-kumeek marra horizontaldun ileak dituzte bizitzaren hasierako hilabeteetan. Basurdea orojalea da, baina begetaleraino joera du. Basapizti honek parkean dituen aleen kopurua, noizbehinka, oso handia da: Urkiola barruan (hegomendebaldean) urte osoan bizi izaten diren aleei Arabatik ihes datozen aleak gehitu behar zaizkie, parketik kanpo egiten zaizkien jazarraldien ondorioz babes bila etortzen direlako. Animalia hauek, normalean, iparmendebaldetik sartzen dira (Errialtabaso eta Eskuagatx) eta, bertan sasoi labur bat eman ondoren, beren betiko bizilekuetara itzultzen dira. Urkiolako alde honetan, beraz, ez dago populazio finkorik. Gure inguruan, gizakion joan-etorriak direla-eta, gaueko animaliak dira gehienbat. Anbotopeko mendi-larreetan ikus daitezke basurdeen arrastoak: sustrai bila dabiltzala lurra harrotzen dutenean, markak uzten dituzte han eta hemen, behin eta berriro. Markon egileak Kondebasotik etortzen dira.

Orkatz kumea (Zabaldu leiho berri baten)

Joan den mendearen amaierararte baziren honelako animaliak Urkiolan. Hainbeste urtetan ez da horrelako alerik ikusi eta, orain berriro ere, badirudi ugaltzen hasi direla. 1994ko udan orkatza (Capreolus capreolus) hazi egin da parkean.

Arrabio arrunta (Salamandra salamandra) nahikoa itxura berezia duen anfibioa da; ezohiko kolore ikusgarriak erakusten ditu, Penintsula Iberikoko espezie gehienek ez bezala. Larruaren kolorea horia da tarte batzuetan eta beste batzuetan, berriz, beltza. Ikusgarria benetan. Kolore berezi horien arrazoia defentsa-taktika izatea baino ez da: mimetismoa alde batera utzita, balizko harrapariei aurre egiteko modu bilakatzen du kolorea. Harraparien aho-mukosarako pozoitsua den jariakin batek estaltzen du arrabioaren larrua, eta orduan, harrapariren batek arrabioa jan nahi izanez gero sumina eragingo dio. Kolore horiek, horrela, inoiz arrabioa jaten saiatu direnei gogoraraziko diete zelako ondorioak dituen hori egiteak. Animalia sendoa da. Gaueko bizitza egiten du baina, noizbehinka, euria egin ondoren azaldu egiten da. Basoetako giro heze eta geriztunei lotuta bizi da; egunean zehar harrien edo orbel azpian egoten da. jangai dituen intsektuak eta moluskuak harrapatzeko oso mugimendu motelak egiten ditu.




Bibliografia-aipamenak:
Egilea:
Luis Viera (Geologia).
José Miguel Olano, Francisco Solván eta Josetxo Riofrío (Landareak eta fauna).
José Ramón Aihartza (Saguzarrak).
Elena Barrena eta Miren Ayerbe (Gizakiaren arrastoa).
Izenburua:
Urkiola.
Tokia:
Vitoria-Gasteiz.
Argitaratzailea:
Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia
Argitalpen-urtea:
1995
Orrialdeak:
64-73 (biak barne).
 
 
 

e-mailez bidali