saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

II. Gida Plana 2013-2015

Informazioa

Bizkaiko Foru Aldundiak Gobernu Kontseiluan Bizkaiko Lankidetzako II. Gida Plana 2013-2015 onetsi du, "garapenerako lankidetza deszentralizatuko benetako berezko politika publikoa" mantentzearen helburu nagusiarekin. Kontsentsu handiko testua da, kooperazioaren alorreko hainbat elkartek parte hartu dutelako planaren idazketan.

Lankidetza deszentralizatuko benetako politika publikoa balioestea eta hura sendotzearen konpromisoa hartzea gaur Gobernu Kontseiluan onetsi den Bizkaiko Lankidetzako II. Gida Planaren helburu nagusia da.  Berezko kudeaketaren aurrekontuaren zati bat garapenerako lankidetza eta sentsibilizazio edota heziketa proiektuetara bideratzea erabakitzean BFAk hasitako prozesuaren goren-unea da. Garapenerako lankidetzaren esparruan duela hamarkada bat baino gehiagoz geroztik egin izan den lanak une garrantzitsu bat bizi zuen 2009an Lankidetzako I. Gida Plana 2009-2011 onestean. Esparru horretako gure politikaren definizioak babestutako ekintzen eragina hobetzea lortu zuen eta koherentzi handiagoa eskaini zien, toki garapenaren eremuan ekitatearen aldeko borroka adierazle izanik. Horrela bada, Bizkaiko Foru Aldundiak, garapenerako lankidetzaren esparruko jarduera eta programetan 10 urte baino gehiago igaro ondoren, munduko herrialde txiroenekiko elkartasun konpromisoa adierazi du.

Garapenerako lankidetzako foru politikaren agenda gizarte zuzena eta kohesionatua lortzera bideratuta dago, sei helburu nagusiren bidez:

  1. Pobrezia eta desnutrizioa gainditzea, munduan mila milioi pertsona baino gehiagok haren eragin latza pairatzen baitute, emakumeek bereziki.
  2. Gizon eta emakumeen harremanen esparruan atzematen diren desberdintasunak ezabatzea, errentaren banaketan, kultura aniztasunaren defentsan eta sexu-identitateekiko errespetuan ere.
  3. Ingurumena zaintzea, beharrezkoa baita bai ikuspuntu praktikotik, hartzen ditugun ekosistemen gaineko ondorioengatik, bai ikuspuntu kulturaletik, ekosistema hori osatzen duen orori zor diogun errespetua kontuan hartuta.
  4. Herritar zaurkorrenen eskaerekiko gizarte globalizazioa sustatzen duten nazioarte mailako arau berriak ezartzeko beharra.
  5. Ekitaterik gabeko eta pobreziako uneko egoeraren gaineko kontzientzia kritikoa eratzea, fenomeno horiek azaltzen dituzten arrazoiei aurre egin ahal izateko.
  6. Bake-kultura eraikitzea, ezinbestekoa baita pobrezia egoerei lotuta egoten ohi diren indarkeriaren eta giza-eskubideen urratzeen testuinguruan.

Bizkaiko Foru Aldundiak 5.3 milioi euro bideratuko ditu aurten herritarren eskubideetarako eta garapenerako lankidetzako proiektuetara.  Berezko lankidetza politika mantentzen duen lurralde historiko bakarra da. Lan-indar horri hirugarren gizarte sektoreko organizaioen, erakundeen, GKEen... bidez bidea zabaltzeko, aldundiak hainbat tresna eskaintzen dizkie, hala nola, Laguntza Humanitarioko eta Larrialdiko etengabeko deialdiak, hegoaldeko herrietan toki-garapenerako proiektuen deialdiak, sentsibilizazio deialdiak, prestakuntza, eragin politikoa, Bizkaian egin beharreko garapenerako ikerketa eta hezkuntza...

Bizkaiko lankidetzaren ardatzak eta identitate-zeinuak

Bizkaiko Lankidetzako 2013-2015 Plan Gidari honek Foru Lankidetzako 2009-2011 Plan Gidarian du bere aurrekaria. Azken horrek lankidetza politika antolatuaren hasiera sortu zuen hiru ardatzen inguruan:

  1. Tokiko Giza Garapena: Pertsonen ongizatea jarduera guztien amaierako helburutzat jotzen duen garapenaren bilaketa.
  2. Genero Ikuspegia: Emakume eta gizonen arteko harremanetan aldaketen beharra kontuan hartzen duen ikuspegia, aldaketa horien erantzukizuna emakumeengan bakarrik egon ez dadin.
  3. Garapenerako Hezkuntza: Iparraldeko zein hegoaldeko gizarteetan, pobrezia eta desberdintasuna eragiten duten bidegabekeria-egoerari aurre egiten dion kontzientzia sustatzeko tresna.

Foru Lankidetzako 2009-2011 Plan Gidari hori amaitu ondoren, aldundiak uste du lankidetzako lanari identitate zeinu bat eskaintzea lortu duela, ahaleginak emakumeen eskubideen defentsara bideratuz, komunitateen egitura ordezkatzaileen inplikazioarekin.

 
 

e-mailez bidali