saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Oraingo egoera

Informazioa

Abeltzaintza estentsiboarekin lotutako zenbait erabilerek, Karrantzako haranaren jarduera nagusia den aldetik, arriskuan jar ditzakete Ordunte BGL(Batasunaren Garrantzizko Lekua)ko habitat bereizgarrienen kontserbazio egoera eta iraupena. Kudeaketan izandako aldaketek eta gorputz-pisu handiagoko arrazen erabilerak nekez jasan daitezkeen zapalketa eta artzaintza sortzen ditu gune jakin batzuetan. Gainera, larreak sortze aldera egindako suteek gero eta gehiago murriztu dituzte zuhaitz- eta zuhaixka-sailak, eta horrek lurra hondatu eta pobretu du. Eskualdeko prezipitazio ugariek, aldapa handiekin, haizearekin eta harea-substratuarekin batera, neurri handiko higadura-prozesuak sorrarazten dituzte.

Iragan mendeko 80eko hamarkadaren amaieran, sute horietako batek kalte nabaria egin zion Zalama mendiko estaltze-zohikaztegiari. Zohikaztegiko azaleraren % 40 erre egin zen, eta horrek zenbait ezponda sortu zituen. Ezponda horietatik, zohikatza eta ura galdu izan dira etengabe, haizearen higadura, azaleko ur-lasterren arrastatze eta abereek eta mendizaleek lurra zapaltzearen eragin konbinatua dela eta.

Beste alde batetik, mendi hauetan behin eta berriz gertatu diren suteen ondorioz, baso autoktono oso homogeneoak sortu dira, birsortzeko gaitasun txikiarekin; gainera, zepek eta abeltzaintzaren presio handiak belaunaldi-errelebua eragozten dute. Orain dela denbora gutxiago, espezie exotikoen baso-ustiategiek murriztu egin dute baso naturalek okupatzen zuten azalera.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ahaleginak

Ordunteko azaleraren % 98,4 Onura Publikoko Mendi bezala dago deklaratuta, eta horrek eremu horren babes publikoa dakar berekin; hori horrela, inbertsio mardulak egin dira beraren hobekuntza eta kontserbazioan.

Mendi horietan suteak gertatzen direnez sarritan, kudeaketan suteen prebentzioarekin zerikusia duten neurriak jaso dira (belar-sastrakak kentzea, inausketak eta azpiegiturak jartzea, batik bat), eta baita haien ondorioak arintzea ere (higadura prebenitzea eta hondatutako zuhaitz-masak berriz jartzea). 2003 urtean Ordunte Natura 2000 leku izendapenarekin bat eginez, beste lan-ildo batzuk indartu dira, hala nola, balio naturalak berreskuratzea eta kontserbatzea; adibidez: Zalamako zohikaztegia leheneratzea, bertoko basoak biziberritzea, edo Batasunarentzat eta eskualdearentzat garrantzizkoak diren fauna eta flora espezieen populazioen inbentarioa, kontserbazioa eta jarraipena.

Zalamako zohikaztegian egindako lehenengo zuzeneko esku-hartzeak 2009an izan ziren: itxitura perimetral bat sortu zen, zohikaztegia zeharkatzen zuen trafikoa ezabatzeko eta aziendaren sarrera eragozteko. 2010ean, berriz, zohikaztegiaren landaredi estaldura gabeko eremuak leheneratzeari ekin zitzaion, material geotestilez estali ziren, higaduraren eraginak ekidin asmoz eta habitataren berezko landarediaren birsortzea ahalbidetze aldera. LIFE+ Ordunte Jasangarria proiektuak bidea emango du zohikaztegian abiatutako leheneratze-lanekin jarraitzeko.

Azken urteotan, gainera, zuhaitz-masetan ere lan egin da, pagadi, amezti, haltzadi eta beste zuhaitz-multzo batzuen birsorkuntza naturalari laguntzeko, honelako tresnak erabiliz: kimuak aukeratzea, inausketak, aberasgarriak landatzea, eta aziendaren sarrera eragozteko itxiturak.

Ordunte BGLko kontserbazio-jardueretan egindako inbertsioa 3 milioi eurotik gorakoa izan da azken 10 urteotan.

  • Ordunte logoa
  • Life logoa
  • Natura 2000 logoa
 
 

e-mailez bidali