saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Zer da Aldundia?

Informazioa


ANTOLAMENDU POLITIKOA

Bizkaiko antolamendu politiko berezi, berezko eta zehatza Erakunde Historikoek eurek islatzen dute hobekien: Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia. Bi erakundeok, hainbat gertaera historikoren ondorik berreskuratuak, Bizkaiko autogobernuaren altxor preziatuak dira.

BIZKAIAKO BATZAR NAGUSIAK

Bizkaiko Batzar Nagusiak dira Bizkaiko Lurralde Historikoaren herri ordezkaritza eta partaidetzaren organo nagusiak.

Bizkaian Batzarrek dute eskumen araupetzailea, hau da, legegintzazkoa, eta hainbat gai atzematen dituzte: errepideak, herrilanak, nekazaritza, basoak, gizarte ongizatea, agiritegiak, museoak, ogasuna etab; gainera, horiekiko eskumena batzarrei eurei baino ez dagokie.

Haien eskuetan dago, halaber, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorren onespena, Diputatu Nagusiaren hautapena eta Foru Aldundiaren jarduketaren kontrola eta sustapena.

Batzarkide edo Ahaldun deritzen 51 kidek osatzen duten egiazko parlamentu-organo honen hautapena hautespen unibertsalez burutzen da, eta lau hauteskunde mugabarru daude horretarako: Bilbo, Enkarterriak, Durango-Arratia eta Busturia-Uribe. Kideon artetik hautatzen da Mahaia; mahai hori mahaiburuak, bi mahaiburuordek eta bi idazkarik eratzen dute, eta berori izaten da Erakundearen organo artezkaria.

Batzarkideen artetik hautesten da Diputatu Nagusia, eta beronek izaten du Foru Aldundia osatzen duten gainerako foru diputatuak izendatzeko eskumena.

FORU ALDUNDIA

Foru Aldundia da betearazpen-erakundea, eta bere eskumenekoak dira Bizkaiaren gobernua eta administrazioa. Foru Aldundiaren burua Diputatu Nagusiaren figura historikoa da. Diputatu Nagusia Batzar Nagusiek hautatzen dute. Horrek, bere aldetik, Foru Diputatuak hautatzen ditu, Aldundia osatzen duten sail guztien buruak izan daitezen. Egun, ondoko hauek dira Foru Aldundiaren Sailak:

  • Ahaldun Nagusiaren Kabinetea
  • Berrikuntza eta Ekonomi Sustapena
  • Gizarte Ekintza Herri Administrazioa
  • Herri Lanak eta Garraioak
  • Hirigintza eta Udal Harremanak
  • Ingurumena
  • Kultura
  • Lan eta Trebakuntza
  • Nekazaritza
  • Ogasuna eta Finantzak

BESTE ZENBAIT GOBERNU ERAKUNDE

Arestion aipatu diren erakundeez gain, bada Bizkaian bestelako gobernu-mailarik ere. Alde batetik, autogobernuko Erakundeek osatzen dutena, eta bestetik, Gobernu Zentralak beretzat gordetzen dituen gaien administrazioari dagokiona.

Autogobernuko Erakundeak, alde batetik, Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza dira, eta beste alde batetik, Udalak. Eusko Legebiltzarra Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren legegintza-organoa da Bizkaia Erkidego horren barruan dago. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Erkidego osoaren betearazpen-erakundea delarik, Konstituzioak eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuak esleitzen dizkioten eskumenak atzematen ditu, eta Bizkaian dituen sail eta eskuordetzen bidez erabiltzen.

Udalei, ostera, Bizkaiko Lurralde Historikoa osatzen duten 111 udalerrietako bakoitzean euren manupeko dituzten gaiak burutzea dagokie. Autogobernuko Erakundeen arteko eskumenen banaketa, oro har, Lurralde Historikoei buruzko Legeak araupetzen ditu.

 
 

e-mailez bidali