saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Ezagutu gaitzazu

Informazioa

Bizkaiko Foru Aldundiak, udalek udal-suteak itzaltzeko beharrezkoak ziren baliabide ekonomikoez hornitzeko zailtasunak zituztenez, Toki Araubidearen Legearen arabera, Bizkaiko lurraldean suteak itzaltzeko zerbitzu batzuk ematea erabaki zuen.  Hala, 1965. urteaz geroztik, Foru Aldundia beharrezko izapideak eta azterlanak egiten hasi zen, suhiltzaileen lehen parkeak martxan jartzeko azpiegitura materiala eta giza azpiegitura eratzeko.

1970ean, Gernikako, Durangoko eta Trapagarango lehen suhiltzaile-parkeek ireki zituzten ateak; horietan, 50 suhiltzailek, bi sarjentuk eta zerbitzuburu batek hasiko zituzten zerbitzu horretako lanak, eguneko bi lan-txandatan.  Lau urte geroago, Basauriko, Getxoko eta Zallako parkeak martxan jarri ziren, beste 54 suhiltzailerekin eta baliabide tekniko berriekin.  1985ean Markinako parkea martxan jarri zen eta urtebete geroago Mungiako parkea ireki zen.  Suhiltzaile profesionalen sareari suhiltzaile boluntarioen sarea gehitu zitzaion Lekeition, Urduñan, Karrantzan eta, azkenik, Otxandion 1993an. Parke-sare hori Bizkaiko edozein udalerritara gehienez ere 20 minutuan sartu ahal izateko printzipioaren araberakoa zen.

90eko hamarkadan, Aldundiak proposatu zuen lehendik zeuden instalazioak komunikazio-bide berrietara egokitzea eta lekualdatzea, batez ere autobiak, lurraldearen zerbitzura zeudenak. Hala, 92. urtean, Trapagarango parke zaharrak Uriosteko (Ortuella) instalazio zentrala sortu zuen, eta 97. urtean Getxoko parkea gaur egun Artazan (Leioa) duen kokalekura lekualdatu zen.  1994an, Komunikazio Zentroa sortu zen Urioste parkean, eta bertan zentralizatu zen Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak egin beharreko jarduera guztien informazioa eta koordinazioa.

Gaur egun, Bizkaiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua zortzi suhiltzaile-parke profesionalek osatzen dute, eskualde guztietan banatuta:  Urioste (Ortuella), Basauri, Artaza (Leioa), Iurreta, Gernika, Balmaseda (Zallan), Markina eta Derio.  434 pertsonako plantilla eta 94 ibilgailuko flota ditu. Lanestosa, Urduña, Karrantza, Bermeo eta Otxandio udalerrietako Babes Zibileko Boluntariotza Elkarteek babesten dituzte. Halaber, prestakuntza-eremu bat dute Ispasterren. Bertan, suhiltzaileak sortzen dira bizitza profesional osoan zehar.

2019ko urtarrilean, Bizkaiko Foru Aldundiak 'Bizkaia Prest' larrialdiak kudeatzeko Bizkaiko zentro integrala jarri zuen martxan.  Zentro honek komunikazioen arloko azken aurrerapen teknologikoak ditu, eta foru mailan larrialdien arloko abisuen sarrera bakarra da. Bertan, erantzuna koordinatzen da eta Aldundiaren baliabide guztiak (giza baliabideak eta baliabide materialak) mobilizatzen dira erantzun eraginkor eta efikaza emateko, eguneko 24 orduetan zerbitzua eskainiz.

Zerbitzua laster hobetuko da Zalla eta Arratzuko suhiltzaile-etxe berriak eraikita, azken aurrerapen teknologikoez hornituta.

 
 

e-mailez bidali