saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Bizikleta elektrikoen mailegu-sistemak Parke Naturalak bisitatzeko

Informazioa

(Iturria: eSmartCity)

Gaztela eta Leongo eta Portugaleko parke naturaletan bizikleta eta kotxe elektrikoak eskaintzen zaizkie bisitariei.

2019ko uztailaren 1ean abiatu zen esperientzia pilotua; hari esker, hainbat parke natural (Batuecas-Frantziako Mendilerroa, Arribes del Duero, Sanabriako Aintzira, Segundera Mendilerroa eta Porto) bisitatzen dituzten pertsonek aukera daukate beren ibilbideetan bizikleten eta auto elektrikoen mailegu-sistema doan erabiltzeko. Moveletur proiektuaren ekimen pilotua da hau, Espainia-Portugal Mugaz gaindiko Interreg Lankidetza-programaren baitan kokatzen dena (POCTEP).

Arribes del Duero Parke Naturala; Moveletur proiektuaren barne dauden parkeetako bat.

Gaztela eta Leongo Sustapen eta Ingurumen Kontseilaritzak Ondare Naturalaren Fundazioaren bitartez eskuratu zituen auto elektrikoak (auto bat proba pilotuan parte hartzen duen naturgune bakoitzeko) eta 40 bizikleta elektrikoak (horietatik 16 zortzi urtetik gorako gazteentzat, eta gainerako 24ak helduentzat).

Erreserbak doan

Programan parte hartzen duten Parkeetako etxeetan banatu ziren ibilgailuak: La Albercan eta Sobradillon (Salamanca), eta Fermoselle eta Galenden (Zamora).

Autoak zein bizikletak doan erreserba daitezke Fundazioaren webgunearen bitartez. Goizez erabil daitezke maileguan hartutako ibilgailuak, gehienez hiru orduz, 10:00etatik 13:30era bitartean. Parkeko etxeetan jaso zein itzuli behar dira.

Eta naturguneetan esperientzia jasangarri eta asebetegarria bultzatzeko asmoz, zenbait ibilbide osatu dira bisitariei gomendatzeko. Horietan, oso kontuan hartu dira teknologia eta balio natural eta kulturalak, betiere publiko mota guztiei eta ibilgailuen bateria-autonomiari egokituta.

Moveletur proiektuaren hedapena

Harrera bikaina izan denez, Espainia eta Portugal arteko mugan dauden beste 4 parke naturaletara hedatu da esperientzia: Gredoseko Mendilerroko Parkera eta Portugaleko hiru naturgunetara (Montesinho Parke Naturala, Peneda-Gerés Parke Naturala eta Malcata Mendilerroko Erreserba Naturala).

Proiektuaren aurrekontu osoa 908.829 eurokoa izan da, horietatik 681.622 euro EBeko EGEF funtsek finantzatu dituztelarik.

Bestalde, espazio babestu horietako turismo sektoreko hainbat enpresa ekimenarekiko atxikimendua adierazten ari dira. Atxikimendu Gutunaren bitartez, enpresek konpromisoa hartzen dute beren establezimenduetan proiektuaren informazioa edukitzeko, eta beren negozio-ereduetan mugikortasun elektrikoa txertatzeko.

https://patrimonionatural.org/proyectos/turismo-sostenible-y-movilidad-electrica-en-espacios-naturales-moveletur

 
 

e-mailez bidali