Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak


logotipo Observatorio Violencia de Género en Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia
BGIB BULETINA 40. zk., 2016 martxoa
 
 
HASIERA GAIAK SAREAN KONTUAN HARTU
 tresnak
Emakumeen genitalen mutilazioa: Esku hartzeko baliabideak eta tresnak
Arlo guztietako profesionalak ezinbestekoak dira emakumeen genitalen mutilazioari aurrea hartu eta aurka egiteko, baina batez ere osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloetakoak. Horregatik, profesional horiek trebatze aldera, nahitaezkoa da prestakuntza eta baliabide egokiak izatea.

Emakumeen genitalen era askotako mutilazioari aurrea hartu eta horrelako kasuei arreta eskaintzea diziplina anitzeko lana da, konplexua, eta osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloak inplikatzen ditu batez ere.  

Arlo horietako profesionalek hainbat zailtasun dituzte. Lehenik eta behin, Saharaz hegoaldeko Afrikako lurralde askotan tradiziozkoak diren ohitura horien ezaugarriak eta testuingurua ezagutzen ez dituztelako. Neskatilak eta emakumeak zauritzen dituzten ohiturok giza eskubideen errespetuaren aurkakoak dira.

Aurrea hartzeko esku-hartzeak, disuasiokoak eta aringarriak planifikatu eta garatzeko lehen urratsa arazoa ezagutzea da. Esku-hartzeok konbinatutako erantzunak izan behar dira, ohitura hori gauzatzea ekidin eta biktimei arreta eskaintzeko gaitasuna izango dutenak, betiere ondorio txarrik eragin gabe, adibidez: neurriok arbuiatzea emakume izateari dagokion kultur eta gizarte-arauaren aurkako inposiziotzat jotzen dituztelako, edo adingabekoak baliabideetan artatzea saihestea, edota adingabekoak eta haien familiak desagertzea; horrelako egoerak bizi izan ditugu gure inguruan.

 

Aurrea hartzeko esku-hartzeak, disuasiokoak eta aringarriak planifikatu eta aurrera eramateko lehen urratsa arazoa ezagutzea da

2015. urtearen amaieran, Genero Indarkeriari aurre egiteko Gobernu-ordezkaritzak txosten zabala kaleratu zuen: “Emakumeen genitalen mutilazioa Espainian”. Hiru arloetarako (Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte-zerbitzuak) prestakuntza-edukiak biltzen dituen monografikoaren parekoa da, batez ere lehen mailako arretari dagokionez, eta informaziorako eta kontsultarako iturria da baliabideen, eskuragarri diren materialen eta orain arte garatutako jardunbide egokien gaietan. Gainera, berariazko legedia, argitaratzeko unera arte izandako sententzien corpusa eta erreferentziazko bibliografia zabala ere biltzen ditu.

Indarrean dauden protokoloak jasotzen ditu, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Emakumeen genitalen mutilazioaren (EGM) aurrean osasun arloan jarduteko protokolo komuna. Genero-indarkeriaren aurreko Protokoloei eta Jardunbideei buruzko Batzordeko lantaldeak eta Etikako eta Legezko alderdiei buruzko taldeak 2015ean egin zuten, Autonomia-erkidego guztietako ordezkariekin:

    Tresna hori, Osasun-zerbitzuetako prozedurak adieraztera bideratuta badago ere, erabilgarria da gainerako arloetan, arazoaren ezaugarriak, zergatiak eta ondorioak zehazki azaltzen baititu.
  • Kataluniako Parlamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren jarduteko protokoloek, eta baita Gironako eta Aragoiko administrazioetan onartutakoek ere, profesionalentzako jarraibideak zehazten dituzte, hala nola, gizarte-zerbitzu komunitarioetako edo lehen arretako profesionalentzako, ikastetxeetan ari direnentzako, arriskuan diren adingabekoekin lan egiten dutenentzako eta segurtasun-indarrentzako jarraibideak.

Era berean, profesionalentzako baliabideen inguruan "La MGF en España. Prevención e intervencion" - Guía para profesionales - Edición 2015 (UNAF) argitaratu zuten 2015ean, profesionalentzako gida:

Eta erreferentzia iraunkor azpimarragarria da ikerkuntzan, planifikazioan eta materialak lantzeko esparruetan Wassu-UAB fundazioak Gambiarekin batera aurrera daraman egitekoa. Emaitzak erakundearen web-orrian daude eskuragarri: www.mgf.uab.cat

Hainbat eskuliburu, gida eta eskuorri daude bertan, informazioaren eta sentsibilizazioaren bidez esku-hartzeei ekiteko lagungarri izan daitezkeenak.

Azkenik, arazoa errespetuz eta eraginkortasunez aztertzeko ikuspegiari buruzko azalpena jasotzen du txostenak. Arrakastatsuak eta porrotak izan diren esperientzien bitartez ikasitakoaren emaitza da. Ondorio gisa, hamar proposamen aurkezten ditu ekintza eraginkorra izan dadin. Hona hemen laburbilduta:

 

Erreferentzia iraunkor gisa, nabarmentzekoa da ikerkuntzan, planifikazioan eta materialak lantzeko esparruetan Wassu-UAB fundazioak Gambiarekin batera aurrera daraman egitekoa

  1. Profesionalak prestatu eta gaitu egin behar dira, biktima izan diren emakumeei arreta eskain diezaieten, arriskua antzematen ikas dezaten, familiekin esku hartu dezaten eta, gainera, laguntza-materialak landu ditzaten.

  2. Arriskuan diren neskatoak antzeman behar dira, eta horretarako, faktore susmagarriak kontuan hartu, adibidez, etnia jakin batzuetakoak izatea eta familiaren jatorrizko herrialdera bidaiatzeko asmoa edukitzea; jarrerei eta eman beharreko urratsei buruzko orientazioa eskaini behar da.

  3. Hurbiltzea lortu behar da, lehen mailako arretak eskaintzen dituen aukera anitzetatik abiatuta: pediatren eta ginekologoen azterketak, amaren kontsultak, elkarrizketak irakasleekin…

  4. Amaren, aitaren eta gainerako familiaren egoeraren eta jarreren inguruan ikertu behar da, errespetuz eta errudunak bilatu gabe.

  5. Aukera dagoen bakoitzean informazioa eskaini behar da anatomia osasuntsuari buruz, indarrean den legediaz eta mutilazioa egiteak dituen legezko ondorioez.

  6. Ez mutilatzeko erabakia irmotu egin behar da, aldaketak eta kanpoko presioen eragina saihesteko, eta ahal denean, prebentziozko konpromisoaren sinadura-dokumentua erabili behar da. Horrez gain, arriskuei eta jarduteko modu egokienari buruzko bestelako orientazioak eta gomendioak eskaini behar dira.

  7. Neskatoa familiaren jatorrizko herrialdera bidaiatzekotan denean jarraitu beharreko prozedurak: Aurretik, informazioa eman eta ohartarazi egin beharko da, eta itzuleran, berriz, azterketa osoa egin beharko zaio haurrari.

  8. Kulturartekotasuneko bitartekaritza erabili beharko da mutilazioaren aurkako jarrera sendotzeko, eta legezko aholkularitza beharko da aita edo ama oraindik ere EGMaren alde baldin badaude bidaia hasi aurretik.

  9. Arrisku-egoeretan eman beharreko urratsak aurrerapenez planifikatu behar dira.

  10. Estrategia koordinatuak planifikatu behar dira udalerriko gizarte-zerbitzuekin eta lehen mailako arretakoekin, ikastetxeekin, irakasleekin eta arduradunekin, kulturarteko bitartekariekin, ospitaleekin, iritzi-liderrekin, erlijio-agintariekin, etorkinen elkarteekin, fiskaltzarekin… hainbat arlotatik esku hartu dezaketen gizarte-eragile guztiekin.

Esperientziak erakutsi du arazo honen aurrean familiekin egindako prebentziozko esku-hartze profesionala eraginkorra izaten dela gehienetan, auzibidera jotzea saihesten dela. Nolanahi ere, horretarako, esku-hartzeetan parte hartzen duten hainbat arlotako partaideek beharrezko ezagutza jaso behar izan dute.

Emakumeen genitalen mutilazioan: Ikasketak.