Albisteak

2024(e)ko apirilaren 2(a) 10:36-10:36

Bizkaiko Foru Aldundiak ehizari eta arrantzari buruzko informazioa gehitu dio datu irekien biltegiari, jarduera-eremuen mugak denbora errealean kontsultatu ahal izateko

Informazio geografikoko geruzak, zehazki, Basurdea Ehizatzeko Eremuak eta Arrantza Tokiak dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen informazio publikoa herritarrei eta eragileei helarazteko helburuarekin, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko saileko Ehiza Fauna eta Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuak ibai-arrantzako tokiei eta ehizarako lurrei buruzko informazioa argitaratu du.

Informazio geografikoko geruzak, zehazki, Basurdea Ehizatzeko Eremuak eta Arrantza Tokiak dira. Oraingoz, informazioa Bizkaiko Lurralde Historikoko ibai-arrantzako tokietara eta ehiza-lurretara eta ehizakoak ez diren lurretara mugatzen da.

Informazio hori herritar guztientzat egongo da eskuragarri, eta horri esker:

  • Ehiztari eta arrantzaleek jakin dezakete baimena duten eremuetako mugak zehatz-mehatz zein diren.
  • Ehizarekin edo arrantzarekin zerikusirik ez duten pertsonek ehiza-jarduerak non egin daitezkeen jakin dezakete.
  • Gardentasuna areagotzen da Administrazio Publikoaren eremuan.

Nola kontsultatu

Datu horiek denbora errealean kontsultatu ahal izango dira, estaldura duen gailu mugikor batetik GeoBizkaia mapa-bisorea erabiliz, ehiza- edo arrantza-eremuan dauden bitartean.

Horretarako, besterik gabe, Ehiza-faunari eta Ibai-arrantzari buruzko datuen geruzak aktibatu behar dira, telefono mugikorraren geolokalizazioa aktibatuta izan behar da, eta erabiltzailea dagoen eremua zein barruti mota den egiaztatu.

mapa-bisorea

WMS mapa zerbitzua eta Open Data Bizkaiatik deskarga daitezkeen informazio geografikoko fitxategiak erabiliz ere kontsulta daiteke informazioa.

Informazio hori informazio gisa SOILIK erabili behar da.

Datuak, funtsezko balioa gure lurralderako

Aurkezten diren datuak emateko, honako hauen dokumentazio ofiziala erabili da: Euskadiko eta Bizkaiko Datu Espazialen Azpiegiturak, Bizkaiko Lurralde Historikoan dauden Ehiza Antolatzeko Plan Teknikoak eta ehizaren eta arrantzaren arloko foru-araudia.

Horrelako datuak argitaratzeak gardentasunaren bidean aurrera egiteko aukera ematen digu, eta gure lurralderako estrategikoak diren helburuak betetzen:

  • Lurralderako balioa eta aberastasuna sortzea, produktuen garapenetik abiatuta, eskura jarritako datuak erabilita.
  • Zerbitzuen sorrera erraztea, administrazioen arteko datuen elkarreragingarritasunaren bidez.
  • Datuen dokumentazioan eta sailkapenean eraginkortasuna sustatzea, Administrazioaren informazioaren barne-antolamenduaren bidez.