Berriak
2026(e)ko otsailaren 26(a) 12:52
‘Zu ere euskaldun’, migratzaileek euskara bere egiteko Bizkaiko proiektua
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Integrazio-eredu bat diseinatuko da, euskara erabiliko duena iritsi berrien sustraitzerako, gizartean loturak sortzeko eta parte-hartze aktiborako tresnatzat
Arrizabalaga
Bizkaiko Foru Aldundiak, Zu ere euskaldun proiektuaren bidez, arreta jarri nahi du euskaran eta Bizkaiko etorkinenganako entzute aktiboan. Helburu nagusia da hizkuntzaren ikaskuntza modu naturalean antolatzen duten topaguneak sustatzea. Gainera, komunitatearen eta lankidetzaren ikuspegitik planteatu da, eta tartean sartu dira euskaltegiak, elkarteak, gizarte-erakundeak, udalak, herritarren sareak eta erakunde-eragileak.
Proiektuaren lehen fasean, diagnostiko bat egin zen, aipatutako eragileekin elkarrizketak eta kontrasteak eginez, eta, horri esker, jakin ahal izan zen zer bizipen, pertzepzio, oztopo eta motibazio izan zituzten iritsi berri zirenek, euskarari dagokionez. Lehen fase hori amaituta dago.
Diagnostiko horrek agerian utzi du Bizkaiak euskarari lotutako hizkuntza-, gizarte-, hezkuntza- eta lan-baliabideen ekosistema zabala duela, baina iritsi berrientzat oraindik ez dela oso irisgarria. Azterlanean zenbait oztopo identifikatu dira, migratzaileei euskara —integratzeko tresna gisa— berenganatzea zailtzen dietenak; besteak beste, oztopo sinbolikoak (euskara, identitate-elementua, urrunekotzat daukate), pedagogikoak (eskaintza akademikoegia eta malgutasun gutxikoa dela sentitzen dute) eta instituzionalak (hizkuntza, batzuetan, baldintza baztertzailetzat ikusten dute, eskubide progresibotzat baino gehiago). Aldi berean, azterlanean adierazi da lurraldean badirela, lehendik ere, jardunbide inspiratzaileak —hala nola mintzapraktika-taldeak, euskarazko kultura-jarduerak edo familiekin egiten diren eskola-proiektuak—, zeinek erakusten baitute potentziala dutela euskara partaidetzarako eta kidetasun partekaturako aukeratzat hartzen duten komunitateko eta eguneroko espazioak sortzeko.
Orain, proiektua bigarren fasean sartuko da. Fase horretan, zenbait saio abian jarriko dira, eredu bideragarri, malgu eta migratzaileen askotariko errealitateekiko sentikorra diseinatzeko. Saio horiek martxoaren 4an egingo dira Euskararen Etxean, eta hiru talde izango dituzte ardatz:
- Migratzaileak
- Euskararen eragile traktoreak
- Migratzaileen errealitatea ezagutzen duten erakundeak
Ahaldun nagusiak eta Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak lehenengo taldearekin emango diote hasiera saioari, eta Bizkaiko etorkinen ordezkaritza batek aukera izango du bere esperientziak eztabaidatu eta azaltzeko.
Aurrez aurreko tailer horiek amaitu ondoren, eta bildutako informazio guztiarekin, lurraldean hasiera emango zaio fase pilotuari. Fase horretan, eredua balidatuko da, eta, horretarako, esperientzia pilotuak inplementatuko dira, aniztasun soziolinguistikoa eta migratzailea kontuan hartuta aldez aurretik hautatutako udalerrietan. Azkenik, ereduaren inpaktuak ebaluatuko dira eta eredua lurralde osora pixkanaka hedatzeko tresnak eraikiko dira.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp