Berriak
2023(e)ko azaroakren 11(a) 11:09
Zabalik dago Bizkaidatz Txikia haur eta gazteentzako literatur lehiaketaren hamargarren edizioan parte hartzeko epea
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Bizkaidatz Txikia haur eta gazteentzako literatura lehiaketaren hamargarren edizioak izena emateko epea irekiko du otsailaren 9ra arte lurraldeko haur eta gazteentzat. Idoia Carramiñanak eta Monica Garciak idatzi dituzte amaitu gabeko kontakizunak, eta haien amaiera haurrek osatuko dute "Bizkaidatz Txikia" saioan. Bizkaiko edozein udalerritan kokatutako ikastetxe batean ikasketak egiten ari direnak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, haurren kategorian (Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleak) eta gazteen kategorian (Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailako ikasleak).
Idoia Carramiñana, Begoña de Ibarra eta Mónica García
Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, Idoia Carramiñana eta Mónica García idazleekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Bizkaidatz Txikia literatur lehiaketaren hamargarren edizioa aurkeztu du, amaitu gabeko kontakizun bat bukatzean datzana.
Begoña de Ibarrak aurkezpenean nabarmendu duenez, BizkaIdatz Txikia lehiaketak frogatu du gure gazteen sormenaren katalizatzailea dela, sormena askatzeko eta ideiak idatziz adierazteko leku bat. Ikasteko eta hazteko aukera bat da, eta, batez ere, kulturalki etorkizun aberatsa eta anitza ereiteko
. De ibarrak gehitu duenez, literatura-lehiaketa hau lehiaketa enblematikoa da gure lurraldean, eta Bizkaiko gazteenen artean irakurzaletasuna eta idazketa sustatzeko Aldundiak duen konpromisoa erakusten du.
Idoia Carramiñanak eta Mónica Garciak eman diete hasiera aurtengo kontakizunei. Horrela, Idoia Carramiñanak euskaraz hasiko du istorioa, "Zer erremedio!" izeneko proposamenarekin, eta Monica Garciak gaztelaniazko istorioaren hasiera proposatuko du, "Una nueva familia" izeneko kontakizunaren bidez. "Zer erremedio!"ren testuak Iker Oruetak ilustratu ditu eta Jesse izan da "Familia berri bat"en irudien sortzailea.
Parte hartzen duten haurrek edo gazteek istorioari, pertsonaiei eta hasierako kontakizunean proposatutako kontatzeko moduari egokituta amaitu beharko dute kontakizuna, eta euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dute. Bi modalitateetan ere irabaz dezakete, epaimahaiak hala iritziz gero. Horrela, Bizkaiko edozein udalerritan kokatutako ikastetxe batean ikasketak egiten ari diren 16 urte arteko haur eta gazteak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara: haur kategorian (Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailako ikasleak - II. taldea -) eta gazte kategorian (1. eta 2. mailako ikasleak - III. taldea -, 3. eta 4. mailako ikasleak - IV. taldea -).
Kontakizunak jasotzeko epea 2024ko otsailaren 9ko 13:30ean amaituko da. Testu guztiek gutxienez 4 orrialde eta gehienez 5 izango dituzte, eskuz idatzita, letra argiz, edo ordenagailuz, "Times" edo "Arial" motako letra erabiliz, DIN A4 orrietan, 12. gorputzean, lerroarte bikoitzean.
Obrak eskuz edo postaz aurkeztuko dira erregistro eta herritarren arretarako Laguntza bulegoan (Diputazio kalea, 7 - 48008 Bilbao). Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira: www.ebizkaia.eus.
Lehiaketaren oinarri guztiak www.bizkaia.eus/foruliburutegia-n aurki daitezke eta irabazleen izenak Bizkaiko Aldizkari Ofizialaren bidez ezagutuko dira.
Bizkaidatz historikoa
Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean abiarazi zuen lehiaketa hau, Bizkaiko ikastetxeetako haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta idazketa sustatzeko.
Lehen edizioan Joanes Urkixo idazle eta gidoilariaren partaidetza izan zuen, "Zuhaitz Neska" kontakizunarekin, Urtzi Urkixok ilustratu zuena, eta Belen Lucasek "El misterio del jardín botánico" kontakizuna idatzi eta ilustratu zuena. Lehen edizio horretan 186 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 72 euskaraz.
Bigarrena 2015eko urritik 2016ko apirilera bitartean egin zen, eta bertan Miren Agur Meabek ("Haize-Begi" kontakizunarekin, Enrique Morentek ilustratua) eta Seve Callejak ("Viaje nocturno" kontakizunarekin, Nuria Hernandezek ilustratua) hartu zuten parte. 194 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 90 euskaraz.
Hirugarren edizioan, Xabier Olasok hasiera eman zion Bizkaidatz Txikiari "Paul eta sorginkeria-liburua" lanarekin (Aitziber Alonsok ilustratua), eta Laida Martínez Navarrok gauza bera egin zuen gaztelaniaz "El caso de Sopapos y su banda de matones" testuarekin (Beñat Oleak ilustratutako ipuina). Parte-hartzaileen kopuruak nabarmen egin zuen gora: 262 kontakizun aurkeztu ziren guztira, 132 euskaraz.
Bi izan ziren lehiaketaren laugarren edizioan kontakizunei hasiera eman zieten egileak: Leire Bilbaok, "Munstro bat nire ispiluan" kontakizunarekin, eta Toti Martínez de Lezea, "El secreto de la isla" lanarekin. Testuak Elena Ciordiak eta Estibalitz Jalónek ilustratu zituzten, hurrenez hurren. Parte-hartzaileen kopurua handiena izan zen edizio horretan, 366 parte-hartzaile izan baitziren, horietatik 220 euskaraz.
Bosgarren edizioan, Álvaro Yarrituren "La carrera espacial" (Dani Maizek ilustratua) eta Nerea Arrienen "Zazpigarren olatua" (Amaia Ballesterosen ilustrazioekin) kontakizunek ireki zituzten hasierak. Edizio horretan 206 lehiakidek hartu zuten parte, 65 euskarazko modalitatean.
Seigarren edizioaren hasierako kontakizunak Rafa Ugalderen "Haitzaren erraiak" (Eider Eibarrek ilustratua) eta Noelia Lorenzo Pinoren "¿Quieres rescatar al príncipe?" (Alex Orbek ilustratua) izan ziren. 170 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 54 euskaraz.
Zazpigarren edizioak Emilia Ariasen "Cuando el mundo se volvió tururú" eta Juan Ramon Madariaga Abaituaren "Nuutuk eta hartz zuria" kontakizunak, Kike Infamek eta Ane Pikazak ilustratuak, hurrenez hurren, izan zituen abiapuntu. Pandemiak iraun zuen bitartean, parte-hartzaile kopurua nabarmen murriztu zen, eta 35 kontakizun baino ez ziren aurkeztu, horietatik 9 euskaraz.
Zortzigarren edizioko kontakizunak garatzeko eta amaitzeko erronka hartu zuten haur eta gazteek jarraitu zuten, euskaraz, Idoia Barrondo Etxebesteren "Abrakadabra" kontakizuna, Asier Iturraldek ilustratua "Gastón", eta, gaztelaniaz, Andoni Abenójar Martínez de Eulateren "El parque Mowg" kontakizuna, zeinaren azala Ruth Juanek sortu baitzuen. 75 parte-hartzaile izan ziren, horietatik 41 euskaraz.
Bederatzigarren edizioan Aiala Garabieta, eta bere "Nomada" kontakizuna, euskarazko kategorian, eta Lola López de Lacalle, gaztelaniaz, "Caramelo" kontakizunarekin, izan ziren kontakizunen hasiera finkatu zutenak, Iñaki Landak eta Elisabeth Fernándezek ilustratuak, hurrenez hurren. Bertan, pandemia nabarmen gainditutzat eman zen, 207 kontakizunek parte hartu baitzuten, horietatik 137 euskarazko kategorietan.