Berriak
2026(e)ko abuztuakren 14(a) 13:30
Tributu itunduen bilketak %3,1 egin du gora uztailera arte
Ogasuna eta Finantzetako Saila
Bizkaiak bere zerga-bilketaren bilakaera sendoari eusten dio 6.820 milioi euro baino gehiago bilduz enpleguaren, jarduera ekonomikoaren eta zerga zuzen nagusien bilakaera onak bultzatuta
Tributu itunduak direla eta, 6.820,1 milioi euro bildu dira uztailera arte, hau da, 2025ean epe berean bildurikoa baino 204,1 milioi euro gehiago; beraz,%3,1 egin du gora zerga-bilketak. Zerga-bilketaren datu hori 2026ko ekitaldi osoko zergen bidezko diru-sarreren aurrekontuaren %62,6 da.
Zuzeneko zergapetzeak bilakaera positiboari eutsi dio, %6,2 gehiago bildu baita; zeharkako zergapetzeak, berriz, iaz lortutako zifren antzekoetan mantendu da: %0,2 egin du behera. Tasen eta beste diru-sarreren bilketak %14,7 egin du gora, eta Estatuarekin egin beharreko doikuntzek, berriz, behera egin dute, % 3,3.
Zuzeneko zergen bilketak aurreko hilabeteetako joera onari eutsi dio, eta, zerga horien bidez, 3.784,1 milioi euro bildu dira: esan dugun moduan, iazko uztailean baino %6,2 gehiago (+221,6 milioi). Datuak PFEZaren kanpainaren emaitza positiboa islatzen du, haren kuota diferentzialak %16,1 egin baitu gora. Emaitza positiboa izan du, halaber, ondarearen gaineko zergak, %20,6 egin baitu gora. Sozietateen gaineko zergan ordaintzekoak izan diren autolikidazioek ere bilakaera positiboa izan dute (+%9,5). Atxikipenei dagokienez, datu positiboak dituzte oraindik ere lanaren gainekoek (+%4,7), kapital higiezinaren gainekoek (+%2,4) eta, batez ere, ondare-irabazien gainekoek (+%66,2). Lanbide- eta enpresa-jardueren ordainketa zatikatuek ere gora egin dute (+%6,2). Alde negatiboan, behera egin dute kapital higigarriaren gaineko atxikipenek (–%5,1), eta bere horretan mantendu da sarien gaineko geldialdia: 6,8 milioi lortu dira, eta aurreko ekitaldian, berriz, 42,6 milioi bildu ziren. Zifra horiek kontuan hartuta, PFEZak, orokorrean, %5,2 egin du gora, eta sozietateen gaineko zergak, %10,9.
Aurrekoaz gain, zuzeneko zergen bilketan izandako datu positiboak osatzen dituzte ez-egoiliarren errentaren gaineko zergak (+%3,9), kreditu-entitateen gordailuen gaineko zergak (+%4,6) eta berreskuratu den zenbait finantza-entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga berriak (+%33,3). Behera egin du, berriz, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak, %11,7, baita energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergak ere (–%20,1), Ekialde Hurbileko krisiei aurre egiteko hartutako neurrien eraginda.
Zeharkako zergei dagokienez, uztailera arte 2.416,0 milioi euro bildu dira (2025ean baino 4,6 milioi gutxiago), lurralde arteko barne-doikuntzari lotuta dauden zergetan % 0,3 gutxiago bildu delako; zeharkako gainerako zergak, berriz, %1,6 egin dute gora. Lehenengoen artean, krisiei aurre egiteko neurriei lotutako zergen beherakada nabarmentzen da: hidrokarburoen gaineko zerga (–%7,4) eta elektrizitatearen gaineko zerga (-%23,9). Behera egin du garagardoaren gaineko zergak ere (–% 3,1). Bestalde, zifra positiboak izan dituzte dituzte BEZak (+%1,2), alkoholaren gaineko zergak (+% 2,0), tabakoaren gainekoak (+%2,7) eta finantza-transakzioen gaineko zergak (%31,3).
Zeharkako zergen gainerako kontzeptuei dagokienez, bilakaera positiboa izan dute zenbait garraiobideren gaineko zergak (%12,6), aseguru-primen gainekoak (+%5,0), joko-jardueren gainekoak (+%20,8) eta zenbait zerbitzu digitalen gainekoak (%12,2). Behera egin dute ondare eskualdaketen gaineko zergak (–%2,2) eta hondakinak zabortegietan uztearen gaineko zergak (–%8,2).
Tasetan eta beste diru-sarrera batzuetan, 49,5 milioi euro bildu dira, hau da, 2025eko aldi berean baino 6,3 milioi gehiago. Jokoaren gaineko tasetan bildutakoak apur bat behera egin du (–% 0,6), baina gainerako kontzeptuetan izandako bilakaera positiboak (+%14,7) konpentsatu du. Bilakaera hori premiamendu-errekarguek izan duten gorakada handiak (+%84,9) ekarri du.
Goian adierazi den bezala, Estatuarekin egin beharreko doikuntzek %3,3 egin dute behera orokorrean. Zerga bereziei eragiten dietenen beherakadaren ondorioz (–%19,3), batez ere hidrokarburoen gaineko zergari eragiten dionaren ondorioz (–%13,1), 2025ean baino 20,7 milioi gutxiago bildu baitira, eta tabakoaren gaineko zergari eragiten dionaren ondorioz, 2025eko 2,4 milioi euroko zifra positiboetatik 1,7 milioi euroko zenbateko negatibora pasatu baita. BEZaren gaineko doikuntzak %0,5 egin du gora, barne-eragiketei dagokienari esker (+%6,6); inportazio-eragiketei dagokien doikuntza, berriz, negatiboa izan da, –%2,7 .