Berriak
2026(e)ko ekainakren 01(a) 16:27
Orkestraren diagnostikoak Bizkaiak lehiakortasunerako duen indarra eta eskualde guztietan ongizateak izan duen hobekuntza azpimarratu ditu
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Ekonomia Sustatzeko Saila
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ainara Basurko foru-diputatuak Iván Marten eta James Wilson hartu dituzte. Orkestrako presidentea eta zuzendari nagusia dira, hurrenez hurren, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko eta eskualdeetako lehiakortasunaren diagnostikoa 2025eko txostena aurkeztu dute
Orkestraren diagnostikoa
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatuak Ivan Marten Orkestra - Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidentea eta James Wilson zuzendari nagusia hartu dituzte gaur Foru Jauregian, Bizkaiko Lurralde Historikoko eta eskualdeetako lehiakortasunaren diagnostikoa 2025 txostenaren aurkezpena dela eta.
Txosten hori bi urtean behin egiten da; Bizkaiaren bilakaera aztertzen du, lehiakortasunaren eta ongizatearen ikuspegitik, eta EAErekin, Espainiarekin, Europar Batasunarekin eta Alemaniarekin alderatzen du. Gainera, Bizkaiko eskualdeek azken hamarkadan izan duten bilakaerari buruzko ikuspegi espezifiko bat jasotzen du, lurraldearen garapen orekatua sustatzen duen Bizkaia Orekan Sakonduz eskualde-garapeneko estrategiarekin bat etorrita.
Diagnostikoak ondorioztatzen du Bizkaiak sendotu egin duela bere erresilientzia ekonomikoa 2020ko krisiaren ondoren. Txostenaren arabera, horren ondorioz hobetu egin da pertsonen ongizatea: errenta-adierazleek bilakaera positiboa izan dute, desberdintasunik sortu gabe; bizi-itxaropena bikaina da, eta langabezia-tasak behera egiten jarraitzen du.
BPGak goranzko joerari eutsi dio, eta produktibitatea maila altuetan mantendu da, bereziki industria-zerbitzu aurreratuen ekarpenagatik. Txostenak, halaber, enpresen errentagarritasun handia, produktuaren berrikuntzak azkenaldian izan duen gorakada eta ETE berritzaileen garrantzia (% 47,2 dira dagoeneko) nabarmentzen ditu.
Giza kapitala, lehiakortasunerako palanka
Lehiakortasunerako palanka nagusietatik, txostenak giza kapitala nabarmentzen du. Bizkaiko 25 eta 64 urteko arteko biztanleen % 79,8k goi-mailako bigarren hezkuntza edo hirugarren hezkuntza dute, eta, etengabeko prestakuntzari dagokionez, % 20,3k egiten dute halakoa; kopuru hori erreferentziazko beste lurralde batzuen gainetik dago. Horrez gainera, txostenak sektore pribatuaren finantza-egoeraren hobekuntza, tokiko administrazio publikoaren zor txikia, gizartearen konfiantza-maila eta I+G arloko inbertsioan izandako aurrerapena azpimarratu ditu.
Lurralde-orekari dagokionez, diagnostikoak dio Bizkaia lurralde nahiko orekatua dela pertsonen ongizatearen ikuspegitik, eskualdeen dibertsitate geodemografikoa eta ekonomikoa gorabehera. Azken hamar urteetan, eskualde guztietan hobetu da ongizatea, eta murriztu egin dira batez besteko errenta pertsonalari dagokionez eskualde artean zeuden aldeak. Ekonomiaren eta enpresaren arloko emaitzak ere hurbildu egin dira, batez ere enpresen errentagarritasunaren arloan.
Zahartzea, trantsizio energetikoa eta nazioartekotzea, Bizkaiko erronkak
Datozen urteetan Bizkaiak lantzen jarraitu beharko dituen egiturazko erronkak ere identifikatu ditu txostenak. Hauek dira erronka horietako batzuk: biztanleriaren zahartzea, zeinak eskualde guztiei eragiten baitie modu orokortuan; trantsizio energetiko-klimatikoa, zeinean aurrerapenak izan baitira berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketan, eta nazioartekotzea, ziurgabetasun geopolitiko gero eta handiagoa eta zenbait sektore heldutan (energiaren eta metalurgiaren sektoreetan, adibidez) esportatzaile handi bakan batzuekiko mendekotasuna ezaugarri dituen testuinguru batean.
Egiten dituen gomendioen artean, Orkestrak hau planteatzen du: enpresen sendotzea eta ETEen garapena bultzatzea lankidetzaren eta fusio-prozesuen bidez; ikaskuntza praktikoan eta interakzioan oinarritutako berrikuntza-eredua —DUI deritzon eredua— sustatzen jarraitzea, eta denboran iraungo duten eta eskualde bakoitzaren berezitasunetara egokituta dauden lurralde-politika bereiziak garatzen jarraitzea.
Bizkaiko Foru Aldundiarentzat diagnostikoa funtsezko tresna estrategikoa da lehiakortasunaren, berrikuntzaren, talentuaren, nazioartekotzearen eta lurralde-orekaren inguruan dituen politika publikoak bideratzeko.