Berriak
2025(e)ko apirilakren 03(a) 13:35
Ogasunaren aurreikuspenen arabera 598 milioi euro itzuliko ditu apirilaren 10ean (osteguna) hasiko den errenta kanpainan
Ogasuna eta Finantzetako Saila
858.102 zergadunek eskuragarri dute aitorpenaren zirriborroa, eta modu digitalean, telefonoz edota aurrez aurre kontsultatu eta osatu ahal izango dute. Bizkaiko Foru Ogasunaren ustez, 678.000 aitorpen inguru aurkeztuko dira, eta 10etik 7k itzuli beharreko emaitza izango dute, bakoitzari 1.228 euro batez beste. Errenta 2024 kanpainan aplikatuko diren kenkari sozialen guztirako zenbatekoa 778,7 milioi euro izango da. Aurreikusten da ondarearen gaineko zergaren kanpainan 8.400 aitorpen aurkeztea eta 103 milioi euro biltzea.
Itxaso Berrojalbiz
Datorren ostegunean, apirilaren 10ean, 2024ko ekitaldiko PFEZaren aitorpena aurkezteko epealdia hasiko da eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Foru Ogasunaren ustez, aurtengo kanpainan 678.000 errenta-aitorpen inguru aurkeztuko dira, 598,1 milioi euro itzuliko dira eta guztirako emaitza garbia (sartzen denaren eta itzultzen denaren arteko diferentzia) negatiboa izango da: 176,5 milioi euro.
Gainera, Foru Ogasunak uste du Bizkaiko zergadunek 779 milioi euro aplikatuko dituztela kenkari sozialetan: ondorengoak, adinekoak, desgaitasuna, mendekotasuna, etxebizitza edo gizarte-aurreikuspeneko ekarpenak.
2024ko ekitaldiko datu ekonomikoak dauzkaten pertsona guztiei (858.102 zergadun) aitorpenaren zirriborroa egin die Foru Ogasunak. Hain zuzen ere, Foru Aldundiak errenta-aitorpenaren 781.026 zirriborro egin ditu, 688.281 banakako modalitatean eta 92.745 baterako tributazioan (aukera hori onuragarrien zaien familia-unitateentzat). Horrela, nahi izanez gero, zergadunek zirriborroa aztertu eta osatu ahal izango dute, bai eta aitorpena aurkeztu ere, Aldundiak prestatutako moduetako bat erabiliz: Internetez, telefonoz edo aurrez aurre.
Ogasunak sortutako zirriborroak
Foru Ogasunak 781.026 zirriborro egin ditu; hona xehatuta:
Aitorpena aurkeztu behar ez dutenak
| Ogasunak egindakoak | Dirua itzuli | Dirua ordaindu behar | Zero | Guztira |
|---|---|---|---|---|
| Zergapekoak | 392.912 | 249.568 | 4.228 | 583.708 |
| 111.154 | 22.711 | 63.453 | 197.318 | |
| Proposamenak, guztira | 441.066 | 272.279 | 67.741 | 781.026 |
Bizkaiko Foru Ogasunak une honetan bilduta dauzkan datuen arabera, zirriborroen % 78,3tan (611.914) zergadunek aurkezteko behar diren datu guztiak daude; gainerakoak (% 21,7; 169.112) zergadunek osatu beharko dituzte, jasoko duten gutunean azaltzen zaien bezala.
PFEZaren kanpainarako aurreikuspenak
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren likidazioaren kanpainan Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreikuspenaren arabera 678.000 aitorpen inguru aurkeztuko dira, eta % 72ren emaitza zergadunari dirua itzultzea izango da. Azken emaitza -176,5 milioi euro ingurukoa izango da, Ogasunaren kalkuluen arabera 421,6 milioi euro jasoko baititu eta 548 milioi itzuli bizkaitarrei.
| EMAITZA | Zergadunak | Guztien % | Zenbatekoa | Batez bestekoa |
|---|---|---|---|---|
| Dirua itzuli | 487.000 | % 71,83 | -598,1 milioi € | -1.228 € |
| Dirua ordaindu behar | 191.000 | % 28,17 | 421,6 milioi € | 2.208 € |
| Guztira | 678.000 | % 100 | -176,5 milioi € | -260 € |
Kenkari sozialak
Zergadunek 778,7 milioi euro murriztuko dute errentaren gaineko zergaren kargatik araudiko kenkari sozialak aplikatuz: ondorengoak, adinekoak, mendekotasuna edo desgaitasuna dutenak, etxebizitza eta gizarte-aurreikuspeneko entitateetara egindako ekarpenak (zenbatekoak ondoko taulan erantsi ditugu):
| KENKARI SOZIALAK | Onuradunak | Batez besteko kenkaria | Zenbatekoa, guztira |
|---|---|---|---|
| Ondorengoak | 226.000 | 673 € | 152 milioi € |
| 6 urtetik beherako ondorengoak | 52.500 | 261€ | 13,7 milioi € |
| 65 urtetik gorako pertsonak | 140.000 | 643 € | 90 milioi € |
| Desgaitasuna edo mendekotasuna | 80.000 | 1.213 € | 97 milioi € |
| Ohiko etxebizitzaren alokairua | 59.000 | 1.136 € | 67 milioi € |
| Ohiko etxebizitzako inbertsioa | 196.000 | 1.173 € | 230 milioi € |
| Gizarte-aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenak | 174.000 | 741 € | 129 milioi € |
| Guztira | - | - | 778,7 milioi € |
PFEZaren aitorpena aurkeztu beharra
Oro har, PFEZaren aitorpena derrigorrez aurkeztu behar dute 20.000 eurotik gorako lan-errentak lortu dituzten pertsonek, kapital-etekin gordinak edota ondare-irabaziak bat eginik (salbuetsiak barne) 1.600 eurotik gorakoak izan dituzten pertsonek, eta jarduera ekonomikoengatik etekinak lortu dituztenek.
Aurreko kanpainetan bezala, bi ordaintzaileren edo gehiagoren etekinak jaso dituzten zergadunek ez dute aurkeztu beharko aitorpena etekinak 14.000 euro baino gehiago ez badira. Diru-sarrerak 14.000 - 20.000 euro artekoak badira, ez dago aitorpena aurkeztu beharrik bigarren ordaintzaileak eta gainerakoek emandako diru-sarreren guztirako zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa ez bada.
Errenta 24: berrikuntzak
Inflazioari aurre egiteko neurriak:
- 2024ko ekitaldiko likidazio-oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifa % 2,5 deflaktatzen da, eta ehuneko berean igotzen dira baterako tributazioagatik aplikatzen den murrizketa, kuotaren gutxitzea eta kenkari pertsonalak. Neurri honen eragin ekonomikoa 51 milioi eurotik gorakoa izango da.
- Ekonomia-jardueretan % 10etik % 15era igotzen da jardueraren diru-sarreren eta amortizazioen, narriaduraren ondoriozko galeren eta justifikatzen zail diren gastuen arteko diferentziari aplikatu ahal zaion murrizketa orokorra. Murrizketa hori, forfait esaten zaiona, are handiagoa izango da nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueretan (% 35 eta % 55) eta salgaien errepidezko garraioan (% 70). Neurri hau onuragarria izango da 38.015 aitorpenetan, guztira 21,5 milioi euro.
- 2024an bere hartan mantenduko da kuotaren aparteko murrizketa (200 euro aitorpeneko), 30.000 eurotik beherako zerga-oinarri orokorra daukaten zergadunek aplikatu ahal dutena. 30.000 eta 35.000 euro bitarteko zerga-oinarri orokorra daukaten zergadunek honako murrizketa hau aplikatu ahal izango dute kuotan aitorpen bakoitzeko: zerga-oinarri orokorretik 30.000 euro kendu eta geratzen den kopurua 0,04z biderkatzearen emaitza 200 eurotik kenduta geratzen den zenbatekoa. Neurri hau onuragarria izango da 361.187 aitorpenetan, guztira 64,8 milioi euro.
- Gazteen emantzipaziorako Emantzipa programako laguntzak salbuetsita daude.
- 2024an BATUZ sistema borondatez aplikatzeko neurri bultzatzaileak aplikatzen jarraituko da, sistema horretara borondatez atxikitzeko daten arabera. 2025eko apirilaren 3rako 26.282 autonomo eta enpresa beren borondatez atxikita egon dira Batuz sistemari; horrez gainera, 32.630 behin betiko sartu dira 2024ko leihoetan eta 6.129 2025eko urtarrileko leihoan. Beraz, guztira 65.000tik gora dira Batuz sisteman dauden pertsonak eta enpresak.
Berrikuntza operatiboak:
- Ordezko aitorpena aurkezteko epealdia 24 ordu luzatu da, zergadunek denbora gehiago eduki dezaten hasieran aurkeztutako aitorpenaren ordezkoa aurkezteko. Horrela, itzulketa 7 eguneko epealdiaren barruan eskuratu ahal izango da.
- 24 ordu luzatu da tributazio-hautapena aldatzeko epealdia (banakakotik baterakora edo alderantziz), zergadunek denbora gehiago eduki dezaten hasieran aurkeztutako aitorpenaren ordezkoa aurkezteko.
- Aitorpena aurkezteko plataformaren bilakaera sustatu dugu, Renta Web aplikazioa erabiltzen errazagoa izan dadin, eta horretarako erabiltzen errazagoak diren aukerak gaitu ditugu. Besteak beste, erroreak eta abisuak bereizita ohartaraziko dira, kanpainari buruzko informazio-gutuna paperean ez jasotzea hautatzeko aukera gaituko da eta finantza entitateen sozietate-izena berariaz adieraziko da.
- Eremu tentsionatuetako erreferentziazko prezioak ezartzeko asmoarekin, errentatzaileei eskatuko zaie errentamenduaren zenbatekoa ez ezik errentatutako higiezinaren identifikazioa eta hura alokairuan egon den egunen kopurua ere adierazteko.
Nola aurkeztu aitorpena
Zergadun bakoitzak nahi duen kanalaren bidez izapidetu dezake aitorpena:
- Internet bidez, www.bizkaia.eus/renta webgunea edo Bizkaia Errenta aplikazioa erabiliz.
- Telefonoz, 94 608 30 00 zenbakira deituta.
- Aurrez aurre, Foru Ogasunaren hamabi bulegoetan eta Aldundiaren Gertu bulegoetan. Hitzordua hartzeko, 94 406 66 00 telefonora deitu behar da edo Ogasunaren web orrian sartu apirilaren 8tik aurrera.
Aitorpena baterakoa bada eta telefonoz, bulego batean edo web orrian aurkeztuko bada, zergadunak eskura eduki behar luke apirilean etxera bidalitako gutuna. Gutun horretan aitorpenaren berri ematen zaio zergadunari eta ordezkaritza-gakoa ematen zaio; gainera, identifikazio digitaleko baliabiderik ez badauka, Bak gakoa aktibatzeko erabil dezakeen kode bat ere ematen zaio.
Ogasunak zergadunen esku jarritako 781.026 zirriborroak baliagarri egon diren datuekin egin dira; beraz, baliteke kasu batzuetan informazio gehiago aurkeztu behar izatea. Hori kanal digitalen bidez, telefonoz edo Foru Ogasunaren bulego batera joanda egin ahal izango da. Sarri gertatzen diren kasuak:
- Datu pertsonalak edota helbidea aldatzea
- Aurreko urteetako atzerapenak kobratzea.
- Sarrerak edo ordainketak etxebizitza alokatzeagatik.
- Sarrerak edo ordainketak merkataritza-lokala alokatzeagatik.
- Higiezina saltzea.
- Akzioak saltzea.
- Aurreko ekitaldietako galeren konpentsazioa.
- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitatearen ekarpena ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen alde.
- Konpentsazio-pentsioak eta mantenurako urteko kopuruak ordaintzea.
Falta den informazioa aurkeztu ondoren sistemak zirriborroa berriz kalkulatuko du eta aurkezteko prest geratuko da.
Aurten, berritasun gisa, nahiz eta emaitza itzultzeko betebeharra izan, aitorpena berariaz aurkeztu beharko da honako kasu hauetan:
- 2023ko zergaldiari dagokion aitorpena berariaz aurkeztu denean.
- Itzulketaren zenbatekoa 300 eurotik gorakoa denean, zergadunak, edo, baterako aitorpenaren kasuan, zergadunetako batek, zergaren sortzapen-egunean 65 urte edo gehiago dituenean izan ezik.
Nolanahi ere, zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egin ez bada ere eta itzulketa lortu ez bada ere, gogoratu behar da zergadunak beti eska dezakeela itzultzea 4 urteko preskripzio-epearen barruan.
Aurkeztutako aitorpenaren emaitza ordaintzeko betebeharra bada (hau da, Ogasunari ordaintzeko betebeharra), zergadunaren banku-kontuan zordunduko da zenbatekoa, kanpaina amaitu ondoren, aitorpena aurkezteko data edozein dela ere, zatikatzea eskatzeko aukerarekin.
Ondarearen gaineko zergaren eta dirutza handien gaineko aldi baterako elkartasun-zergaren kanpaina
2024ko ekitaldiko ondarearen gaineko zergaren eta ITSGFren (dirutza handien gaineko aldi baterako elkartasun-zergaren) aitorpenak aurkezteko epealdia PFEZarena bera izango da.
Ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharra
Aitorpenaren ondorioz dirua ordaindu behar duten zergadunek aurkeztu behar dute aitorpena, bai eta, emaitza bestelako izanik, 2 milioi eurotik gorako ondasunak edo eskubideak dauzkaten zergadunek ere.
ITSGFren aitorpena aurkeztu beharra
Aitorpena aurkeztu behar dute 3 milioi eurotik gorako ondare garbia duten zergadunek, baldin eta zerga-kuota (zergari buruzko arauen arabera kalkulatuta eta bidezko kenkariak edota hobariak aplikatuta) ordaindu behar badute.
Ondarearen gaineko zergaren osagarria denez, zergadunek dirutza handien gaineko aldi baterako elkartasun zergaren kuota osoari ondarearen gaineko zergaren kuota likidoaren zenbateko bereko kenkaria aplikatuko diote.
Foru Ogasunak uste du ondarearen gaineko zergaren 8.400 aitorpen inguru aurkeztuko direla, 103 milioi euro guztira.
Ondarea eta ITSGF 2024 kanpainako aurreikuspena
| Kopurua | Zenbatekoa |
|---|---|
| 8.400 | 103 milioi € |