2026(e)ko urriakren 08(a) 12:03

Bizkaiko hondartzetan 2,6 milioi bisita baino gehiago izan dira 2026ko denboraldian

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Kanpaina irailaren 30ean amaitu zen, 55 egun eguzkitsu utzita. Oro har, erabiltzaileek 10etik 8,36 baloratu zuten. Sorosleen zerbitzuak 3.731 sorospen izan zituen. 4.878 pertsonak bainu lagunduaren zerbitzua erabili zuten.

Arantza Atutxa

Bizkaiko hondartza-denboraldiak lau hilabete iraun du, eta irailaren 30ean amaitu zen. Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, 2.654.482 bisita zenbatu dira, hau da, 2025ean baino % 2,17 gehiago, orduan 2.598.016 bisita erregistratu ziren eta. Ereaga izan da bisita gehien izan dituen hondartza (454.400), ondoren Arriatera-Atxabiribil (384.255) eta La Arena (360.501).

Aurtengo udako egoera meteorologikoak 55 egun eguzkitsu eta 6 egun euritsu utzi ditu; iaz, 2025ean, berriz, 47 egun izan ziren eguzkitsuak eta 20 euritsuak. Gainerako 61 egunak hodeitsuak edo eguraldi aldakorrekoak izan ziren.

Uraren batez besteko tenperatura 22,39 gradukoa izan da; 2025ean erregistratutakoa baino ia gradu bat gehiago, orduan 21,46 gradukoa izan baitzen. Abuztuak izan zuen batez besteko tenperaturarik altuena (23,77 gradu), eta, ondoren, uztailak (23,72 gradu).

Bainua hartzeko baldintzei dagokienez, denboraldian zehar 610 bandera gorri, 878 hori eta 1.317 berde zenbatu ziren hondartza guztiak kontuan hartuta. Toñak izan zuen bandera gorri gehienak (119); Isuntzak, berriz, bandera berde gehienak (107).

8,36ren balorazio orokorra

Balantzean, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko 15 hondartzen erabiltzaileei urtero egiten dien gogobetetasun-inkestaren emaitzak ere jaso dira. Balorazio orokorra 10etik 8,36rena da 2025eko 8,45enaren aldean.

Segurtasuna izan da ondoen baloratutako alderdia, 9,26rekin. Garbiketak eta kontserbazioak 8,79 lortu dute, eta zerbitzuek eta ekipamenduek 8,91.

Aztertutako zerbitzuen artean, sorospen-zerbitzuari 9,80 puntu, megafoniari 9,31 puntu eta dutxei 8,66 puntu eman zaizkie. Hondartzaz hondartza, balorazio onena jaso dutenak Arrigorri (9,84 puntu), Laga (9,31) eta Isuntza (9,04) izan dira. Halaber, inkestaren bidez, jakin ahal izan dugu nola heldu den jendea hondartzara. % 22,1ek dio oinez joan direla, % 10,7k autobusez, % 9,9k metroz eta % 4,2k bizikletaz.

472.000 bat kilo hondakin bilduta

Denboraldiko lau hilabeteetan, garbiketa-zerbitzuek 471.555 kilo hondakin bildu dituzte; 2025ean, berriz, 665.780 kilo.

Zatirik handiena, hau da, 320.420 kilo itsasaldiek itsasertzean utzitako hondakinak dira. Beste 106.700 kilo hondakin orokorren zakarrontzietan bildu dira, eta 44.435 kilo ontzien zakarrontzietan.

Kopuru horiei gehitu behar zaizkie Plentzia, Gorliz, Arriatera-Atxabiribil, La Arena eta Isuntza hondartzetan ahaztu edo abandonatutako jostailuak. Denboraldi osoan, plastikozko 50,7 kilo jostailu jaso dira; haietatik 40 kilo Kooperari eman zaizkio, berrerabil daitezen.

Sorospen-zerbitzuaren 3.731 esku-hartze baino gehiago

Sorosleen zerbitzuak 3.731 sorospen izan ditu denboraldian zehar; iazko udan, berriz, 2.843.

Sorosteko arrazoi ohikoena zauriak izan dira, 1.309 sorospen eragin dituzte eta. Karabela portugesaren ziztadengatiko 775 sorospen ere erregistratu dira, xabiroien ziztadengatiko beste 396, erorikoengatiko beste 329 eta marmoken ziztadengatiko beste 23.

Itsasoan, 184 erreskate egin dira; 2025ean, berriz, 256. Horietatik 95 ur-korronteengatik, 83 nekearengatik eta 6 beste arrazoi batzuengatik. Laidatxu hondartzan, heriotza bat ere izan zen denboraldian zehar.

4.878 pertsonak bainu lagundua erabili dute

Bainu lagunduaren zerbitzua 4.878 pertsonak erabili dute denboraldian zehar; 2025ean, berriz, 4.436k.

Erabiltzaile guztietatik 2.492 egoitzetakoak eta elkarteetakoak ziren, eta 2.386 banaka bertaratu ziren. Zerbitzua banaka erabili zutenen artean, % 77k zuzenean eskatu zuten hondartzan, % 18k webgunearen bidez, eta % 5ek telefonoz. Zerbitzu horretako erabiltzaile gehienak hondartza hauetakoak ziren: La Arena (1.251), Gorliz (1.104) eta Ereaga (1.018).


Bideoak


Audioak