Berriak
2026(e)ko ekainakren 16(a) 11:48
Enpresa handiek Madrilen erakutsi dituzte Bizkaia industria- eta teknologia-inbertsioaren polo bihurtzen ari diren gakoak
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Enpresen, erakundeen eta diplomaziaren arloko ehundik gora ordezkari izan dira Bizkaia.Invierte topaketan, eta haien artean enpresa handien presidenteak eta kontseilari ordezkariak zein enbaxadoreak egon dira Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duen topaketa honetan, non ezagutzera eman diren bai gure lurraldeak industrian, fiskalitatean nahiz berrikuntzan dituen indarguneak, bai eta balio erantsi handiko enpresa-proiektu berriak garatzeko eskaintzen dituen aukerak ere
Ochoa, Ruiz-Tagle, Basurko, Etxanobe, Garamendi, Berrojalbiz, Baelausteguigoitia eta López Atxurra
Elixabete Etxanobe: "Bizkaian, I+Gn inbertitzen duten, proiektu berritzaileak finantzatzen dituzten, kalitatezko enpleguaren alde egiten duten, jasangarritasunean aurrera egiten duten, trantsizio energetikoa gidatzen duten edo sustraitzeko konpromisoa erakusten duten enpresak abantailaz lehiatzen dira: zerga gutxiago ordaintzen dituzte eta beren proiektuak finantzatzeko erraztasun gehiago dituzte"
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia.Invierte topaketa egin du gaur Madrilgo Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan. Gorengo mailako enpresa-jardunaldi bat izan da, non enpresen, finantzen eta erakundeen arloko ehundik gora ordezkari bildu diren aztertzeko gure lurraldeak zer abantaila konpetitibo dituen industria, teknologiaren eta energiaren arloetan inbertitzeko helmuga erakargarri bihurtzen dutenak.
Bertaratutakoen artean konpainia handietako presidenteak eta kontseilari delegatuak, finantza-erakundeetako arduradun gorenak, enpresa-erakundeen ordezkariak, inbertsio-funtsak, multinazionalak, bulego profesionalak eta aholkularitza-enpresak egon dira. Hala, topaketa hau Bizkaiak bere lehiakortasun-eredua nazioartean proiektatzeko antolatutako hitzordu ekonomiko handi bilakatu da.
Jardunaldia Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak inauguratu du, eta “Bizkaia inbertitzeko leku ona ez ezik, etorkizuna eraikitzeko leku egokia” dela defendatu du, industria tradizio sendoa eta berrikuntzaren, talentuaren eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustu irmoa uztartzen dituen ereduari esker. Etxanobek azpimarratu duenez, lurraldeko erakundeek «egonkortasuna, segurtasun juridikoa eta enpresen hazkunde aukerak gizartearen beharrekin lerrokatzen dituen zerga esparrua» ekartzen dute.
Ahaldun nagusiak zehaztu du «Bizkaiko zerga-eredua ez dela zergen jaitsiera orokorrak aplikatzea», baizik eta lehiakortasunean eta ongizate kolektiboan eragin positiboa sortzen duten portaerak sustatzea. «Bizkaian, I+Gn inbertitzen duten, proiektu berritzaileak finantzatzen dituzten, kalitatezko enpleguaren alde egiten duten, jasangarritasunean aurrera egiten duten, trantsizio energetikoa gidatzen duten edo sustraitzeko konpromisoa erakusten duten enpresak abantailaz lehiatzen dira: zerga gutxiago ordaintzen dituzte eta beren proiektuak finantzatzeko erraztasun gehiago dituzte», azaldu du.
Ildo beretik, Etxanobek nabarmendu du lurraldeak talentuarentzat duen erakargarritasuna ere indartzen duela, kualifikazio handiko profesionalentzako pizgarri espezifikoekin eta zerga politika hori enpresen hazkundeari laguntzeko estrategia integral batekin osatzen dela. «Lehen mailako lanbide eta unibertsitate heziketako sare bat dugu, ekintzailetza eta azelerazio programak, eta enpresekin lankidetza estuan lan egiten duten teknologia eta ikerketa aplikatuko zentroak. Bizkaian, ezagutza, berrikuntza eta ekoizpen-sarea etengabe konektatuta daude», amaitu du.
Ekonomia oso espezializatua
Bizkaiak bere tamaina eta industria-tradizioa baliatu ditu ekonomia oso espezializatua, lehiakorra eta etorkizunera bideratua eraikitzeko. 2.217 metro koadroko azaleran 1,15 milioi biztanle hartzen ditu, kokapen estrategikoa dauka Europako ardatz atlantikoan, eta nazioarteko konexio bikainak ditu Bilboko portuaren eta aireportuaren bidez. Industria eta zerbitzu aurreratuak dira lurraldeko motor ekonomiko nagusia: balio erantsi gordinaren (BEG) % 38 eta enpleguaren % 30 dira, 4.128 industria-establezimendu daude eta 31.492 milioi euroko negozio-zifra dute. Gainera, Bizkaiak Euskadiko zerbitzu aurreratuen % 56,8 biltzen du, eta espezializazio sendoa du balio erantsi handiko eremuetan, hala nola fabrikazio aurreratuan, energian, mugikortasunean, aeronautikan eta teknologia emergenteetan; horrekin guztiarekin, bada, ekosistema bereziki erakargarria eratzen da enpresa-proiektu berriak eta inbertsio estrategikoak garatzeko.
Bizkaia.Invierten, besteak beste, hauek parte hartu dute: CEOEko presidente Antonio Garamendik, Iberdrola Españako kontseilari delegatu Mario Ruiz-Taglek, Telefónica Españako presidente Borja Ochoak; BBVA Españako country manager Peio Belausteguigoitiak, Petronorreko presidente Emiliano López Atxurrak eta Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Ainara Basurkok eta Ogasun eta Finantzen foru diputatu Itxaso Berrojalbizek.
Lehen mahai-inguruaren izenburua "Nola hazi talentutik, berrikuntzatik eta digitalizaziotik" izan da eta Ainara Basurkok moderatu du; bertan, hiru faktore horiek lehiakortasunaren eta hazkunde ekonomikoaren motor gisa duten zeregina aztertu da. Mario Ruiz-Tagle eta Borja Ochoarekin batera, foru-diputatuak nabarmendu du erakundeen eta enpresa handien arteko lankidetza garrantzitsua dela eraldaketa teknologikoa bizkortzeko, berrikuntza irekia bultzatzeko, enpresa-ekosistema indartzeko eta Bizkaia lurralde erakargarri gisa sendotzeko, bertan industria- eta teknologia-proiektu berriak gara daitezen.
Jardunaldia erabili da, era berean, balioa emateko Bizkaiko berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistemari, zeina proiektu estrategiko hauen inguruan dagoen antolatuta: BAT-B Accelerator Tower Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa, Energy Intelligence Center (EIC), Automotive Intelligence Center (AIC), Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (CFAA), industriari zuzendutako Biqain estrategia kuantikoa edo Global Smart Grids Innovation Hub. Ekimen horiek guztiek indartu egiten dute Bizkaiak duen erakargarritasuna inbertsioa erakartzeko, teknologia aurreratuak garatzeko eta enpresen hazkunderako aukerak sortzeko.
Lehiakortasunerako politika fiskalak
Bigarren mahaia Itxaso Berrojalbizek moderatu du, eta, bertan, Bizkaiko fiskalitatean jarri dute arreta, ekoizpen-ekonomiaren zerbitzura dagoen tresna estrategikoa baita. Azpimarratu da Ekonomia Itunak aukera ematen duela enpresa-sarearen beharretara egokitutako zerga-politikak diseinatzeko eta horrek erraztu egiten duela inbertsioa, berrikuntza eta kalitatezko enplegua sortzea.
Testuinguru horretan, lurraldeak trantsizio berdea eta berrikuntza sustatzeko dituen abantaila fiskal nagusietako batzuk nabarmendu dira: besteak beste, % 75era arteko kenkariak I+G+B jardueretarako, % 35eko kenkaria garapen jasangarriari, energia berriztagarriei, hidrogeno berdeari edo ekonomia zirkularrari lotutako proiektuetan inbertitzeko. Kreditu fiskala monetizatzeko tresna berritzaileak ere nabarmendu dira, aukera ematen baitiete enpresa traktoreei hirugarrenen proiektuak finantzatzeko eta berrikuntzari eta deskarbonizazioari lotutako balio-kate berriak sortzeko.
Era berean, 2026rako tributu-neurriei buruzko foru-arauaren berrikuntza nagusiak aurkeztu dira, Bizkaiak talenturako eta inbertsiorako duen erakargarritasuna indartuko baitute. Haien artean, honako hauek daude: lanbide-jardueren etekinen gaineko salbuespena % 50era arte handitzea, eta 36 urtetik beherakoentzat, berriz, ehuneko hori % 60ra arte handituko da; mugikortasun geografikoagatiko kenkari berriak profesional kualifikatuak gure lurraldera etortzea errazteko; prestakuntza dualerako eta gazte-enplegurako pizgarriak; belaunaldi-erreleboa eta enpresak errotzea bultzatzeko neurriak, bai eta langileen ongizatera eta trantsizio energetikoa sustatzera bideratutako tresna berriak ere.
Bizkaia.Invierterekin Bizkaiko Foru Aldundiak indartu egiten du ekonomiaren proiekziorako duen estrategia eta sendotu egiten du ekoizpen-sarea indartzen, eraldaketa industrial eta teknologikoa bizkortzen nahiz herritarrentzat kalitatezko enplegua eta ongizatea sortzen lagunduko duten inbertsioak erakartzeko duen konpromisoa.
OHARRA: Bizkaiko Foru Aldundiak hodeiko espazio bat jarri du komunikabideen eskura, eta bertan prentsa-txosten bat dago hauei buruzko informazio zehatza biltzen duena: lurraldean dagoen enpresen eta berrikuntzaren ekosistema, haien proiektu estrategikoak, inbertsiorako abantaila fiskal nagusiak eta Bizkaia.Invierte topaketan parte hartu duten pertsonen profilak. Ikus-entzunezko baliabideak ere emango dira.