2026(e)ko urriakren 15(a) 16:16

Zerga-bilketak krisiaren aurkako neurrien inpaktuari eutsi dio Bizkaian, enpleguaren eta enpresa-jardueraren joera onari esker

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Ekitaldi honetarako zerga-bilketaren aurreikuspenen arabera, % 5,3 egingo du gora aurreko ekitaldiarekin alderatuta; 2027rako, berriz, uste da % 6,5 egingo duela gora, 2026ko amaierarako zenbatetsitako kopuruarekin alderatuta. Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak zifra horien garrantzia nabarmendu du, enplegua eta jarduera ekonomikoa egiten ari diren bide ona islatzen baitute, Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioak arintzeko hartutako neurrien inpaktua gorabehera.

Herri-dirubideen Euskal Kontseilua

Bizkaiko Foru Aldundiak eguneratu egin du 2026ko ekitaldirako egindako aurreikuspena, eta 2027an bilduko denaren aurrekontua zehaztu du. Urte honetarako aurreikusitako hazkundea % 5,3 hobetu da, aurreko ekitaldian lortutakoarekin alderatuta. Beste alde batetik, uste da 2027an 2026an baino % 6,5 gehiago bilduko dela, eta ekitaldi horretako aurrekontuan ezarritakoa baino % 7,5 gehiago.

2026an, Ekialde Hurbileko krisiak herritarren eta enpresen ekonomian izan dituen ondorioak arintzeko hartutako neurri arauemaileek baldintzatu dute zerga-bilketaren bilakaera. Aurreikuspenen arabera, Bizkaiko zerga-bilketan 413 milioi euro gutxiago biltzea ekarriko dute neurri horiek. Neurri horien xede nagusia izan da energiaren prezioei eustea, eta batez ere BEZari, hidrokarburoen gaineko zerga bereziari eta elektrizitatearen gaineko zergari eragin diete. Inpaktua modu berezian nabaritu da zeharkako zergetan, Bizkaiak garrantzi handia baitu zerga horien bilketan. Zerga horien zenbatekoak lurralde historikoen artean doitzen dira.

Elixabete Etxanoberen hitzetan, ziurgabetasunez betetako egoera ekonomiko baten aurrean “Bizkaia etxeko lanak eginda dagoz: indartsu, ehun ekonomiko aktibo eta lehiakor bategaz eta enplegua gorenean dagoala”. Ahaldun Nagusiak azpimarratu du horrek ez duela esan nahi guardia jaitsiko dutenik, alderantziz, “errealitate ekonomikotik oso hurre jarraituko dogu, gure ehun ekonomikoaren eta enpleguaren arazoak konpontzen lagunduko daben neurriak proposatzeko. Arazo koiunturalak izan, Ormuzko krisiagaz gertatu den lez, edo egiturazkoak izan: profesional kualifikatuen beharra, enpresen erabagi-guneak hemen errotzeko beharra edo negozioen itxiera saihesteko beharra”.

2027rako aurreikuspenetan Eusko Jaurlaritzak prestatutako taula makroekonomiko berria hartu da kontuan, eta, haren arabera, 2027an BPG nominalak % 4,7 egingo du gora.

2026an bilduko denaren aurreikuspena

2026ko ekitaldiaren amaierarako, Bizkaian, tributu itunduen bidez, 10.997,3 milioi euro biltzea espero da. 2025eko ekitaldian bildutakoarekin alderatuta (10.448,6 milioi euro), % 5,3 gehiago bilduko litzateke.

2026ko ekitaldiko zerga-bilketaren aurrekontuarekin alderatuta (10.891,0 milioi euro), aurreikuspenen arabera, zenbatekoaren % 101 beteko da.

2026an, hiru foru-aldundiek batera 21.365,0 milioi euro biltzea aurreikusten da, hau da, 2025ean baino % 5,1 gehiago, eta 2026ko ekitaldiko zerga-bilketaren aurrekontuan jasotakoa baino % 1,1 gehiago.

2027an bilduko denaren aurreikuspena

2027ko ekitaldian Bizkaian tributu itunduen bidez bilduko denaren aurrekontua 11.711,1 milioi euro da. 2026ko aurrekontuarekin alderatuta (10.891,0 milioi €), % 7,5 gehiago izango litzateke. 2026rako aurreikuspenarekin alderatuz gero (10.997,3 milioi €), berriz, % 6,5 gehiago.

Hiru foru-aldundiek tributu itunduen bidez bilduko dutenaren aurrekontua 22.681,7 milioi euro da, hau da, 2026ko aurrekontuan baino % 7,3 gehiago, eta 2026ko ekitaldiaren amaierako aurreikuspena baino % 6,2 gehiago.

Nabarmentzekoa da PFEZaren eta haren elementu pertsonalen tarifak % 3 deflatatzea erabaki dela, eta, beraz, aipatutako zifretan jasota daude neurri horren ondorioak: parte bat, lanaren atxikipenetan (taula eguneratu egingo da), eta, beste parte bat, zergaren kuota diferentzialean.

Koefiziente horizontalak eta Eusko Jaurlaritzari egingo zaizkion ekarpenak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak eguneratu egin ditu 2027ko ekitaldian foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzari egin beharko dizkioten ekarpenen koefiziente horizontalak, eta Bizkaiari % 50,37ko koefizientea esleitu dio, hau da, 2026koa baino ehunen bat gehiago, % 50,37koa izan baita.

Koefiziente hori bi faktoreren araberakoa da: barne-produktu gordinaren (BPG) bilakaera eta ahalegin fiskal erlatiboa. Bizkaiaren kasuan, BPGan duen partaidetza erlatiboak gora egingo du apur bat, ehunen bat; ahalegin fiskalak berriz, lurralde historikoen batezbestekoa baino bi hamarren gorago kokatu da. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, emaitzak ehunen bat egingo du gora, eta behera egingo du Arabaren ekarpen-koefizienteak. Gipuzkoakoa, berriz, % 33,52an mantenduko da.

Hiru foru-aldundiek erakunde erkideei 2026an egingo dioten ekarpena, guztira, 15.124,9 milioi eurokoa izango denez, Bizkaiak 5.069,9 milioi euroko ekarpena egingo du; Arabak eta Gipuzkoak, berriz, 2.436,6 eta 5.069,9 milioi euroko ekarpenak egingo dituzte, hurrenez hurren.

Egokitzapenerako Funts Orokorra

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 203,2 milioi euroko aurreikuspena onartu du Egokitzapenerako Funts Orokorrerako, 2027rako. Onuragarria izango da Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundientzat (137,6 milioi eta 65,5 milioi, hurrenez hurren). Bizkaiak 29,8 milioi euroko ekarpena egingo dio Egokitzapenerako Funts Orokorraren dotazioari.


Bideoak


Audioak