2025(e)ko ekainakren 15(a) 11:31

Bizkaiko Foru Aldundiak Europako 20 herrialde bilduko ditu Bilbon, sektore publikoan berrikuntza digitala sustatzeko

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak, Lantik partaidetzako sozietatearen bidez, GovTech4All 2025 Partzuergoaren Europako Gailurra antolatu du Bilbon. Bertan, Europa osoko 20 herrialdetako 50 erakunde baino gehiago bilduko dira. Hiru egunetan, Europa osoko administrazio publikoetako informazioaren teknologien sailetako ordezkariek, startup-ekin, enpresa teknologiko handiekin eta berrikuntza digitaleko adituekin batera, esperientziak partekatuko dituzte, elkarrekin aurrera egiteko sektore publikoaren eraldaketa digitalean.

Elkarrekin berritzen" lelopean, parte-hartzaileei Guggenheim Museoan ongietorria eginez hasiko da gailurra astelehenean. Asteartean, jardunaldiak BAT dorrean jarraituko du, eta ekitaldira bertaratuko direnek erdigunean izango dituzte sektore publikoko ekimen kuantikoak. Lantikek BIQAIN —Bizkaia Quantum Advanced Industries— estrategia aurkeztu ondoren, hainbat mahai-inguru egingo dira teknologia kuantikoetako adituekin: konputazioa eta simulazioa, komunikazio kuantikoak, sentsorika eta metrologia, zibersegurtasuna eta kriptografia postkuantikoa. Diziplina horiek eremu publikoan izan ditzaketen aplikazioak aztertuko dira.

Azkenik, gailurra asteazkenean amaituko da, San Mamesen, zeina aukeratu baita gaur egun arte (2023-2025) gauzatutako programa pilotuen emaitzak aurkezteko. Programa horiek barne hartzen dituzte hainbat arlo, hasi mugaz gaindiko datuen truke segurutik eta gizarte-prestazioak eskuratzeko adimen artifizialean oinarritutako tresnetaraino, baita startup-entzako erronkak eta diseinu-lehiaketak ere. Horrez gain, berrikuntza digitaleko hurrengo faserako ibilbide-orria ere aurkeztuko da. Fase hori GovTech4All 2.0rekin egingo da datozen bi urteetan (2025-2027), eta zortzi pilotu berri izango ditu. Horietako bitan, Lantikek lehen zikloan garatutako segurtasuneko framework-a berrerabiliko da, zifratze postkuantikorako.

Bi urteko lankidetza itxiko duen ekitaldi horren erakunde anfitrioi gisa jarduteaz gain, Lantikek funtsezko zeregina betetzen du Europako proiektuan, hainbat herrialdetan egiten diren hiru pilotuak koordinatzeaz arduratzen den lan-paketearen lider gisa, FI Group by Epsa aholkularitza-enpresaren laguntzarekin. Era berean, mugaz gaindiko datuen truke segurura bideratutako 1 pilotuaren liderra da, Frantziako eta Greziako gobernu-agentzien lankidetzarekin, eta zifratze postkuantikoko (PQC) eta zifratze homomorfikoko (FHE) teknologia berritzaileak aplikatzen ditu.

Ekitaldia aurrez aurrekoa izango da, eta joateko, gonbidapena beharko da. Horrez gain, GovTech4All proiektuaren YouTubeko kanalaren bidez ere emango da. Esteka eskuragarri egongo da ekitaldiari dagokion atalean, Europako Batzordearen orri ofizialean. Aurreikusten da ekitalditik hautatutako zenbait zatiren grabazioa eskuragarri egongo dela gerora kanal horretan.

GovTech4All proiektua

GovTech4All partzuergo bat eta Europa Digitala programak finantzatutako Europako proiektu bat da, eta gaur egun Europako 20 herrialdetako 29 erakunde biltzen ditu. GovTech4All-ek konpromisoa hartzen du herritarrak erdigunean izango dituen sektore publiko segurua eta elkarreragingarria eraikitzeko. Mugaz gaindiko datuen truke segurutik hasi eta gizarte-prestazioak eskuratzeko adimen artifizialean oinarritutako tresnetaraino eta startup-en erronketatik hasi eta diseinu-lehiaketetaraino doazen pilotuekin, GovTech4All-ek sektore publikorako berrikuntza sustatzen du Europa osoan. GovTech4All 2.0ren hedapenarekin eta haren zortzi pilotu berriekin, gobernu digital edo "govtech"eko ekimenen etorkizunerako sarbidea da goi-bilera hau.

Informazio gehiago, hemen: https://interoperable-europe.ec.europa.eu/collection/govtechconnect/govtech4all