2025(e)ko ekainaren 26(a) 13:10

Bizkaiko Foru Aldundiak nekazaritza-sektorearentzako beste laguntza-deialdi bat egin du 261.000 euroko aurrekontu batekin

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

2025eko nekazaritza-laguntza berriak nekazaritza-aseguruetarako eta ustiategietako ordezkapen-zerbitzuetarako erabiliko dira. Neurri horien bidez, landa-inguruneko bizi-kalitatea hobetu, ekoizpen-jardueraren jarraitutasuna bermatu eta belaunaldi-erreleboa sustatu nahi du. Nekazari profesionalei, gazteei eta erlezaintza-entitateei zuzenduta daude. Gainera, jasangarritasunari eta genero-berdintasunari buruzko irizpideak ere hartu dira kontuan.

Bertako behiak

Bizkaiko Foru Aldundiak beste laguntza-deialdi bat onartu du lurralde historikoko nekazaritza-sektorearentzat, 261.000 euroko guztirako aurrekontuarekin. Ekimen horren helburua da landa-inguruneko bizi-kalitatea hobetzea, nekazaritza-ustiategien jarraitutasuna bermatzea eta baliabide naturalen erabilera jasangarria sustatzea, indarrean dauden Europako arauekin bat etorriz.

Deialdiak bi jarduera-lerro nagusi dauzka. Lehenengoa, 111.000 eurokoa, nekazaritza-ustiategietan gaixotasunagatiko edo istripuagatiko, jaiotzagatiko edo adingabeen zaintzagatiko bajan edo oporretan dauden langileak ordezkatzeko langileak kontratatzen laguntzeko. Horrela, aukera eskaini nahi die nekazariei atseden hartzeko eta kontziliatzeko, nekazaritza-jardueraren jarraitutasuna kaltetu barik.

Bigarren lerroak 150.000 euroko aurrekontua du, nekazaritzako aseguruak kontratatzen laguntzeko. Aseguru horiek nekazaritza-abeltzaintzako ekoizpenak eta nekazaritzako instalazioak eta eraikinak (erlauntzak barne) estaltzera bideratuta daude; izan ere, honelako arriskuei aurre egiteko bidea izango dute: hondamendi naturalak, klima-gertaera kaltegarriak, animalien gaixotasunak, landare-izurriak, fauna babestuak eragindako kalteak edo hildako azienda kendu eta suntsitzeko kostuak.

Deialdi horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumen-jasangarritasunarekin eta lurralde-orekarekin duen konpromisoa berretsi du, eta nekazaritza-sektoreak landa-ingurunearen garapenean duen eginkizun estrategikoa aintzat hartu. Halaber, laguntzak izapidetzeko eta emateko orduan, genero-berdintasunaren irizpideak ere txertatu dira.

Laguntzak hauei bideratu zaizkie: nagusiki nekazaritzan diharduten nekazariei; 2023-2027ko Gaztenek programaren esparruan, instalatzeko prozesuan dauden titularrei; elkarte-izaerako nekazaritza-ustiategiei, eta irabazi-asmorik gabeko erlezaintza-entitate profesionalei.

Eskabideak egiteko epea 2025eko urriaren 31n amaituko da. Interesdunek horretarako izapideak egin ahal izango dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (www.ebizkaia.eus), eskualdeko nekazaritza-bulegoetan eta Gertu bulegoetan, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren erregistroetan edo foru-erakundearen erregistro orokorrean.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp