Berriak
2026(e)ko urriaren 29(a) 12:52
Aldundiak hasiera batean onartu du Arratiarako lurralde-eredu berri bat, lehendik dauden espazioen birgaitzea proiektu berriekin uztartzen duena
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila
LPParen berrikuspenak zortzi udalerrien garapen orekatuaren alde egiten du, eta, hiri-berroneratzea lehenesteaz gainera, natura-ingurunea eta mugikortasun jasangarria babesten ditu
Leixuri Arrizabalaga, foru bozeramailea, Foru Gobernuaren Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Bizkaiko Foru Aldundiak Arratiako Lurralde Plan Partzialaren (LPP) berrikusketa onartu du hasiera batean; haren bidez, lurralde-eredu berria definitzen da Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanurirako. Dokumentuak eguneratu egiten du 2010etik indarrean dagoen plangintza, lurraldean izandako aldaketetara eta zortzi udalerri horietan bizi diren pertsonen premia berrietara egokitzeko.
Berrikuspenaren helburu nagusiak dira ingurune naturalaren kalitatea eta arratiarren bizi-kalitatea hobetzea, eta, hala, orekatuagoa eta jasangarriagoa den eta hobeto konektatuta dagoen lurralde baterantz aurrera egitea. Ildo horretan, LPPak honako hauek proposatzen ditu: natura-balio nagusiak eta ahalmen handieneko nekazaritza-lurzoruak babestea, lurzoruaren erabilera arrazionalagoa ahalbidetzea, hiri-berroneratzea eta birgaitzea bultzatzea eta kokagune-egitura orekatuago bat sustatzea.
Mugikortasuna lurralde-eredu berriaren beste ardatzetako bat da. Planak garraio-sare jasangarri baten alde egiten du; sare horrek oinez eta bizikletaz egindako joan-etorriak lehenetsiko ditu, lehendik dauden azpiegiturekin bat egingo du, eta mugikortasunerako, intermodalitaterako eta lurraldera iristeko irtenbide berrietan aurrera egingo du. Horrez gainera, jarduera ekonomikoak garatzeko baldintzak hobetuko dira, eta Arratiaren ondarea eta nortasun-balioak babestuko dira.
Dokumentuak, gainera, genero-ikuspegia, irisgarritasun unibertsala, osasuna, klima-aldaketara egokitzea eta euskara txertatzen ditu, zeharka.
Jarduketa-ildo nagusien artean, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalen, ingurumen-balioko espazioen, korridore ekologikoen, sare hidrografikoaren eta natura-intereseko beste eremu batzuen babesa ezartzen du LPP berriak. Landa-ingurunean, proposamen hauek egiten ditu: ahalmen agrologiko handieneko nekazaritza-lurzoruak babestea, lurzoruaren okupazio-beharrak egokitzea eta paisaiaren babesa sendotzea.
Hiri-eremuetan, berriz, planak lehendik dauden espazioak berroneratzea eta birgaitzea garapen berriekin uztartzearen alde egiten du, etxebizitza babestuaren erreserbaren erregulazioa barne hartzen duen udalaren bizitegi-ahalmeneko esparru berri baten barruan.
Ur- eta energia-sareei ere heltzen die, zenbait neurriren bidez: hornidura bermatzeko neurriak, ibilguak eta ur-hartzeak babesteko neurriak eta, azkenik, energia berriztagarrien, autohorniduraren eta kontsumoa murriztearen bidez jasangarritasun handiago baterantz aurrera egiteko neurriak, zehazki.
Lurralde-ereduak paisaia ere txertatzen du Arratiako kultura-ondarearen parte gisa, eta eraikitako ondarea zein ondare immateriala babestu nahi du, haren kontserbazioa turismo-jarduerarekin bateragarri eginez.
LPPean jasotako estrategiek eta zehaztapenek zortzi udalerrien etorkizuneko plangintzarako esparrua osatuko dute. Haietako batzuk zuzenean aplikatuko dira; beste batzuk, berriz, analizatu eta baloratu beharko dira kasuan kasuko udal-tresnetan sartu aurretik.
Partaidetzarekin eraikitako plana
Hasierako onarpena beste urrats bat da indarrean dagoen LPPa berrikusteko 2023an hasi zen prozesuan. Plana landu bitartean, Aldundiak parte hartzeko prozesu bat garatu du udalekin, Arratiako Mankomunitatearekin, instituzioekin, elkarteekin, interes-taldeekin eta herritarrekin.
Guztira, 105 pertsonak parte hartu zuten garatutako faseetan, batez ere aurrez aurre. Gainera, aurrerapen-dokumentuari egindako 21 iradokizun-idazki eta txosten jaso ziren, eta horiei guztiei gehitu behar zaizkie jendaurreko erakustaldiaren aurretik eta ondoren aurkeztutako beste idazki batzuk.
2023ko azaroan eta abenduan, bilerak egin ziren zortzi udalekin eta Arratiako Mankomunitatearekin. Ondoren, 2024ko irailean, informazioa emateko eta parte hartzeko beste bi bilera egin ziren, udal teknikari eta politikariei eta herritarrei zuzenduak. Gainera, galdetegi digital bat prestatu zen.
Prozesu horretan lortutako ekarpenak, informazio- eta diagnostiko-dokumentuarekin eta aurrerapen-dokumentuarekin batera, baliagarriak izan dira hasieran onetsitako proposamena eta dagokion ingurumen-azterketa estrategikoa egiteko.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp