2026(e)ko apirilakren 16(a) 11:26

Krisiaren aurkako presako neurriei buruzko Foru Dekretu Arauemailea onartu da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru-dekretu arauemaile berriak Bizkaiko 25.289 autonomo, mikroenpresa eta enpresa txiki babesteko laguntzak arautzen ditu. Laguntzen zenbatekoa, guztira, 413 milioi eurokoa izango da. Neurri horiek datorren astelehenean, apirilak 20, jarriko dira indarrean.

Gaur, Bizkaiko Foru Aldundiak krisiaren aurkako presako neurriei buruzko Foru Dekretu Arauemailea onartu du Gobernu Kontseiluan. Horren bidez, gainerako foru-aldundiekin adostutako zerga-neurriak arautzen dira, Irango gatazkaren ondorioak arintzeko. Helburua da Ekialde Hurbileko gerraren eragina arintzea, eta, ondorioz, Bizkaiko Lurralde Historikoko ekonomiaren, inbertsioaren eta enpleguaren gaineko ziurgabetasuna ere bai.

Neurri horiek, batez ere, hauek dira: zerga-zorrak geroratzea, PFEZaren ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea, eskuratutako aktibo berrien gaineko ezohiko amortizazio azeleratua eta enplegua sortzeagatiko kenkari areagotua. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak BEZaren itzulketen izapideak arinduko ditu, enpresei likidezia handiagoa emateko.

Foru Dekretu Arauemailean jasotako neurriak

  • Zerga-zorrak salbuespenez geroratzea

Arautzen da jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen, mikroenpresen eta enpresa txikien zerga-zorrak geroratzea, bermerik eta berandutze-interesik sortu gabe, baldin eta borondatezko aldian aurkezteko eta ordaintzeko epea presako neurriak indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabetean amaitzen bada. Geroratze horiek ez dute eraginik izango zergen aurkezpen arrunteko kanpainen ondoriozko zerga-zorretan.

Zorrak bi hilabetez eten egingo dira, aitorpena eta ordainketa egiteko borondatezko aldia amaitzen denetik hasita, eta, gero, zenbateko bereko hileko 4 kuotatan zatikaturik ordaindu beharko dira. Neurriak lurraldeko 8.079 langile autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiri ekarriko die onura, guztira, 80 milioi eurokoa.

  • PFEZaren ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak salbuetsita egongo dira 2026ko lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua egitetik. Guztira, 13.538 langile autonomo, mikroenpresa eta enpresa txiki izango dira 5 milioi euroko neurriaren onuradun.

  • BEZaren itzulketen izapidetzea arintzea

Bizkaiko Foru Aldundiak ere konpromisoa hartu du BEZaren itzulketen izapidetzea arintzeko, eta epeak laburtuko ditu enpresei finantzaketa handiagoa emateko, aurreko krisietan egin den bezala. Neurriak 3.672 pertsonari ekarriko die onura, 195 milioi eurokoa.

  • Enplegua sortzeagatiko kenkari areagotua

2026ko lehen hiruhileko ekitaldian, enplegua sortzeagatiko kenkariaren zenbatekoa areagotu da sozietateen gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, enplegua sortzea errazteko jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen kasuan. Enplegu orokorra sortzeagatiko kenkaria eta gazteak eta emakumeak kontratatzeagatiko kenkari espezifiko berria % 10 igo dira. Neurri horren zenbatekoa 6 milioi eurokoa da.

  • Eskuratutako aktibo berrien gaineko ezohiko amortizazio azeleratua

2026ko ekitaldian, sozietateen gaineko zergaren zergadunei eskubidea aitortzen zaie eskuratzen dituzten aktibo berrien gaineko zerga-amortizazio azeleratua egiteko (ohiko zenbatekoaren % 150ekoa), beren jarduera ekonomikoa berraktibatzeko behar dituzten inbertsioak egiten laguntzeko. Neurri horren zenbatekoa 1,5 milioi euro ingurukoa da.

Beste neurriak

Elektrizitatearen arloko zerga-murrizketa

Aurreko guztiaz gainera, energiaren eta energia-sorkuntzaren gaineko zerga-kargaren (BEZa eta zerga bereziak) murrizketa kontuan hartu behar da. Murrizketa hori 7/2026 Errege Lege Dekretuaren bidez onartu zen, eta 2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 30era arte aplikatuko da. Bizkaiko kontsumitzaile guztientzat onuragarria den neurri horrek 125 milioi euroko eragina izango du Bizkaiko Foru Ogasunaren diru-bilketan.