2026(e)ko apirilakren 17(a) 13:15

‘Kokolulu’ itsas erronka marraztu berria ekarriko digute Iskander Sagarminagak eta Eider Eibarrek

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Kokolulu aurkezpena

Iskander Sagarminaga igerilariak eta Eider Eibar ilustratzaileak osatutako bizkaitar bikote ausartak erronka berri bati egingo dio aurre aurten: Ka‘iwi kanala zeharkatuko dute, Ozeano Barean dagoen 42 kilometroko tartea. Dagoeneko hiru kanal historiko gainditu dituzte, eta laugarren honen bidez “Zazpi Itsasoak (Oceans Seven)” izeneko nazioarteko erronka gogorraren beste mugarri bat lortu nahi dute.

Ohikoa den legez, Eibarrek itsasontzitik lagunduko du Sagarminaga, eta, behar tekniko guztiei erreparatzeaz gain, abentura hau ilustratuko du, marrazkien bitartez, bere ikuspegia partekatzeko.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak azaldu duenez “Gure sail honekin harreman estua duen proiektua da: alde batetik, bizkaitar bat laguntzen dugu kirol markak gainditzen, eta, aldi berean, euskal kultura aberasten dugu”.

Erronka honen ezaugarriak

Ka‘iwi Kanalaren zeharkaldia maiatzaren 1etik 8ra bitartean egingo da, Moloka‘i eta O‘ahu uharteen artean (Hawaii). Iskanderrek 42 kilometro egin beharko ditu 15 orduan, 24-27 ºC inguruko uretan, 700 metroko sakonerako itsasoan.

Zailtasunak ez dira nolanahikoak: olatu erraldoiak, korronte indartsuak, marmoka pozoitsuak eta marrazoak izango ditu aurrean. Zeharkaldia goizaldeko 2:00etan hasiko da, zigarro marrazoaren erasoak ekiditeko une egokienean.

“Urte osoa daramat entrenatzen, besakadak fintzen eta ordu luzeetan igerian, ahalik eta ondoen prestatuta egon ahal izateko”, azaldu du Iskander Sagarminagak.

Kokoen mundua: irudimenaren eta itsasoaren arteko zubia

Eider Eibarrek Kokoen mundua sortu du —kokoak.eus atarian ikus daiteke—, Iskanderren erronketatik abiatutako unibertso bisual eta pedagogikoa.

Webgunean jokoak, margotzeko fitxak, ilustrazioen prozesua azaltzen duten bideoak eta material didaktikoak aurki daitezke, txikienen sormena eta irudimena sustatzeko asmoz.

“Kokoek irudimenaren eta gure munduaren arteko zubia egiten dute. Haien bidez, txikiek beste ikuspegi batetik ezagutu dezakete abentura hau,” adierazi du Eider Eibarrek.

Hawaiiko abentura honetan, bikoteak Pō, Kea, Pua eta Kai kokoak aurkitzea espero du. Apirila eta maiatza bitartean, zeharkaldiaren nondik norako guztiak jarraitu ahal izango dira kokoak.eus webgunean eta sare sozialetan.


Bideoak


Audioak