Berriak
2026(e)ko irailakren 16(a) 13:44
Kalitatezko enpleguan oinarritutako gizarte-kontratu berria da lan-merkatuko aurreikuspen-politiken gaineko Europako topaketaren apustua
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila
Gaur, Bilbon, “Europako aurreikuspen-politikak enpleguan” jardunaldian, agerian geratu da kalitatezko enplegua “eskubide, ongizate eta aukera” kontua ere badela. Deustuko Unibertsitateko topaketa horretan, zenbait erakunderen ordezkariak bildu dira, hala nola Borja Suárez Gizarte Segurantzako estatu-idazkaria, Mikel Torres lehendakariordea, Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidente Antón Costas, eta Prestakuntzako Europako Fundazioaren zuzendari Pilvi Torsti.
.
Laespada: "Guretzat, pertsonontzat, enplegua ez da estatistika, ahalmena baizik: emantzipatu ahal izatea, etxebizitza bat eskuratu ahal izatea, hilaren amaierara ondo iritsi ahal izatea eta bizi-proiektua segurtasunez egin ahal izatea"
Gaur, Bilbon egin den “Europako aurreikuspen-politikak enpleguan” jardunaldia baliagarria izan da bai hausnartzeko zein den gaur egungo egoera lan-merkatuetan bai kalitatezko enpleguan oinarritutako gizarte-kontratu berri baten aldeko apustua indartzeko.
Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatutako topaketa da, eta Europako enplegu-ekosistemako ehunka ordezkari bildu ditu Deustuko Unibertsitatean (erakundeetako ordezkariak, teknikariak, akademikoak eta eragileak), denok elkarrekin eztabaidatu eta mintzatzeko gure kontinenteko lan-merkatuen eraldaketaz, lan-merkatuaren adimenaz eta frogetan oinarritutako politika publikoen diseinuaz.
Jardunaldiaren irekiera instituzionala hauen esku egon da: Deustuko Unibertsitateko errektore Juan José Etxeberria; Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu eta ahaldun nagusiorde Teresa Laespada, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu Mikel Torres. Haiekin batera, irekiera-blokean, hauek ere hartu dute parte: Gizarte Segurantzako estatu-idazkari Borja Suárez, Europako Ikerketa Progresisten Fundazioko idazkari nagusi eta Europako Enpleguko Batzordeko komisario ohi László Andor, eta Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidente Antón Costas.
Ongietorriko hitzaldian, Teresa Laespada foru-diputatuak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den aurreikuspenaren kontzeptua gaur egungo testuinguru geopolitiko, ekonomiko eta teknologikoan: “Aurreratzea ez da etorkizuna asmatzen saiatzea, zer-nolako etorkizuna nahi dugun erabakitzea baizik”.
Ildo horretan, defendatu du alde batera uztea lan-politiketako logika erreaktibo hutsak, eta aurrera egitea eredu proaktibo baterantz: “Hamarkadaz hamarkada, pertsonaren batek enplegua galdu duenean etorri da orientatzeko eta prestakuntza emateko erreakzioa. Hori oraindik beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa. Etorkizuneko gaitasunak aurreikusi behar ditugu, enpresen eraldaketan lagundu eta kalitatezko enplegua izan. Horixe da Bizkaitik bultzatu nahi dugun paradigma-aldaketa. Hain zuzen, horretarako, Enpleguaren bigarren Lurralde Plana daukagu hor, tresnak emateko”.
Kalitatezko enplegua zutabe demokratiko gisa
Laespadak azpimarratu du adimen artifizialak, trantsizio ekologikoak eta zahartze demografikoak eragindako aldaketak gobernatu behar direla, oparotasun partekatua eta gizarte-ongizatea bermatzeko. "Europak lehiakortasuna eta berrikuntza berreskuratu behar ditu, baina ez da eztabaidatu behar zertarako nahi dugun hori guztia eta noren zerbitzura jarriko dugun. Hazkunde ekonomikoak zentzua hartzen du bizi-proiektuak garatzeko ongizate, eskubide eta aukera bihurtzen denean”, baieztatu du.
Foru-diputatuak gogorarazi du ezen, Bizkaiko lan-merkatuaren gaur egungo zifrak positiboak badira ere –langabezia txikiagoa eta afiliazio handiagoa izanik–, ez dela autokonplazentzian jausi behar: “Pertsonentzat, enplegua ez da estatistika. Lanak balio behar digu etxebizitza ordaintzeko, emantzipatzeko, hilaren amaierara iristeko eta etorkizunari segurtasunez begiratzeko. Ez da nahikoa enplegua sortzea. Geure buruari galdetu behar diogu zer enplegu mota sortzen ari garen eta zer bizitza ahalbidetzen duen”.
Halaber, lan-prekarietatea zuzenean lotu du bizikidetza demokratikoaren higadurarekin: “Demokraziak ez badu ematen ez segurtasunik ez garapenerako itxaropenik, frustrazioa eta gaitzustea agertzen dira. Hori dela eta, kalitatezko enplegua ezin da izan lan- edo ekonomia-politika hutsa, politika demokratikoa baizik; hori, batez ere. Demokrazia defendatu nahi badugu, ezinbestean defendatu behar ditugu demokraziarekiko konfiantza ahalbidetzen duten baldintza materialak”.
Ildo berean, Laespadak gizartearen "talentu guztia" aprobetxatu beharra azpimarratu du: “Europak ezin du galdu jakintzarik alferrik. Emakumeen talentua behar dugu, eta, horretarako, oztopoak desagerrarazi behar ditugu. Gazteena ere behar dugu. Baita migratzaileena ere, eta, horretarako, eskubide osoko herritar gisa sartu behar baitugu, eta ez bakarrik hutsik dauden lanpostuak bete behar ditugunerako”.
EN RLMM sarearen Europako biltzarraren ataria eta mahai-inguruak
Goizez, jardunaldia hiru lan-mahai espezializatutan egituratu da, eta hau izan da ardatza: Europako gobernantza kolaboratiboa, lan-merkatuaren adimena eta enplegu-zerbitzu publikoak. Itxiera instituzionala Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua Sustatzeko zuzendari nagusi Susana González Rómuloren esku dago.
Topaketa horren ostean, Bilbon, bihar eta ostiralean, Eskualdeko Lan Merkatuaren Jarraipenerako Europako Sarearen 21. biltzarra egingo da (EN RLMM – European Network on Regional Labour Market Monitoring) EHUko Bizkaia aretoan, eta hor helduko zaie eskualdeko lan-politiken prospekzio teknikoari eta analisi konparatuari.