Berriak
2026(e)ko urriakren 16(a) 10:19
Irailera arte 8.039,5 milioi euro bildu dira tributu itunduetan
Ogasuna eta Finantzetako Saila
Tributu itunduak direla eta, 8.039,5 milioi euro bildu dira irailera arte, hau da, 2025ean epe berean bildurikoa baino 163,2 milioi euro gehiago; beraz, % 2,1 egin du gora zerga-bilketak. Datu hori 2026ko ekitaldirako aurrekontuan jasotako tributu-sarrera guztien % 73,8 da (10.891,0 milioi euro).
Zuzeneko zergetan, aurreko hilabeteetako portaera onari eutsi zaio, % 6,7 hazi baita; zeharkako zergetan, berriz, % 3,3ko jaitsiera izan da. Bestalde, tasak eta beste diru-sarrera batzuk % 20,4 hazi dira.
Zuzeneko zergapetzearen ondoriozko bilketa 4.391,1 milioi eurora iritsi da, hau da, 276,7 milioi euro gehiago iazko aldi beraren aldean; hau da, % 6,7ko igoera izan du. Atxikipenei dagokienez, datu positiboak dituzte oraindik ere lanaren gainekoek (+% 5,4), kapital higiezinaren gainekoek (+% 3,1) eta, batez ere, ondare-irabazien gainekoek (+% 64,0). Alde negatiboan, hauek daude oraindik ere: batetik, kapital higigarriaren gaineko atxikipenak –berriro jaitsi dira, kasu honetan % 5,4–, eta, bestetik, sarienak, 6,8 milioi izan baitira –aurreko ekitaldian 42,6 milioi bildu ziren–. Zifra horiek izanik, PFEZa, oro har, % 5,8 hazi da (+173,3 milioi euro); sozietateena, berriz, % 11,2 (+79,3 milioi).
Aurrekoaz gain, zuzeneko zergapetzean izandako datu positiboak osatzen dituzte ez-egoiliarren errentaren gaineko zergak (+% 0,8), kreditu-entitateen gordailuen gaineko zergak (+% 4,8) eta interes eta komisioen marjinaren gaineko zergak (+% 57,1). Bitartean, behera egiten jarraitzen dute oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak (–% 5,1) eta energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergak (–% 39,1), Ekialde Ertaineko krisiari aurre egiteko hartutako neurriek eraginda.
Zeharkako zergapetzeari dagokionez, irailera arte 3.023,2 milioi euro bildu dira, 2025eko denboraldi berean baino 103,4 milioi gutxiago; hau da, zerga-bilketan % 3,3ko jaitsiera izan da. Horrela, bere horretan dirau krisiaren aurkako neurrien eraginpean dauden zergen beherakadak: BEZa (–% 3,5), hidrokarburoen gaineko zerga (–% 16,6) eta elektrizitatearen gaineko zerga (–% 16,1).
Irailean, ondare-eskualdaketen gaineko zergak (–% 2,8) eta berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergak (–% 0,9) ere behera egin dute.
Honako hauek, berriz, zifra positiboak dituzte: alkoholaren gaineko zergak (+% 0,9), garagardoaren gaineko zergak (+% 23,2), tabakoaren gaineko zergak (+% 1,8), finantza-transakzioen gaineko zergak (+% 21,2), zenbait garraiobideren gaineko zergak (+% 11,8), aseguru-primen gaineko zergak (+% 4,5) edo joko-jardueren gaineko zergak (+% 20,9).
Tasak eta beste diru-sarrera batzuk 54,6 milioi euro dira, hau da, 2025eko denboraldi berean baino 9,2 milioi euro gehiago. Joko-tasak % 0,5 jaitsi dira, baina premiamendu-errekarguen (+% 45,5) eta berandutze-interesen (+% 46,6) bilakaera positiboak konpentsatzen du hori.
Kudeaketa propioari, Estatuarekin eginiko doikuntzak gehitu behar zaizkio: BEZa (713,7 milioi), zerga bereziak (–143,4 milioi) eta berotegi-efektuko gas fluordunak (0,2 milioi).
Horrela, tributu itunduen guztizkoak % 2,1eko hazkundea metatu du aurreko ekitaldiaren aldean, eta horrek esan nahi du 163,2 milioi euroko hazkundea izan dela.