2025(e)ko irailakren 23(a) 11:00

Interbiakek lizitaziora atera du Artxandako tunelak konpontzeko bigarren fasea, Ugasko eta Txorierri arteko jarduketakoa

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Lanak 2026ko lehen hiruhilekoan hasiko dira, eta tunela guztiz itxi beharko da sei hilabete

Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren mendeko Interbiak sozietateak Ugasko eta Txorierri lotzen dituen Artxandako tunela birgaitzeko lanak atera ditu lizitaziora. Prozesu hori azpiegitura konpontzeko bigarren fasearen hasiera da; izan ere, apirilean, Salbe-Ugasko tunela ireki zen lau hilabeteko esku-hartzearen ondoren.

Ugasko-Txorierri tunela konpontzeko proiektuaren ardatza iparraldeko eta hegoaldeko ebakuazio-galerien ondoan ikusitako gabeziak konpontzea izango da. Enpresa adjudikaziodunak drainatze-sistema eta estalduraren iragazgaiztasuna hobetzeko lanak egin beharko ditu, bai eta junturak, pitzadurak eta arrailak zigilatzekoak ere. Horretarako, instalazio hauetariko asko aldatu beharko dira: instalazio elektrikoak, argiteria, aireztatzekoak, megafonia, su-detektagailuak eta ebakuazio-seinaleak, besteak beste.

Alde horretatik, aurreikusitako konponketak egiteko, azpiegiturako zirkulazioa erabat itxi beharko da; izan ere, estalduraren azalera oso-osorik konpondu behar denez, lan horiek eragina izango dute tuneleko segurtasunean. Hala ere, Txorierri eta Bilbo arteko azpiegituraren erabiltzaileek beste tunela erabili ahal izango dute, eskualdea eta Bizkaiko hiriburua lotzen baititu.

Aurreikusita dago Artxandako tuneletan esku hartzeko bigarren fase hori datorren urteko lehen hiruhilekoan hastea eta tunela sei hilabetez ixtea; hala ere, baldintza-agiriaren arabera, lanek hilabete gehiago iraungo dute, zazpi hilabete egin arte.

Lanen lizitazioa 12,8 milioi euroan aterako da, zazpi hilabeteko gauzatze-epearekin.

Artxandako tunelak 2002az geroztik daude zabalik, eta azpiegitura estrategikoak dira hiriburuaren inguruko mugikortasunerako, Bilbo konektatzen baitute Txorierrirekin, aireportuarekin eta Bizkaiko Teknologia Parkearekin. Hiru tunelotan, batez beste, 30.000 ibilgailu ibiltzen dira egunean.

Konponketa-lanak ondoz ondoko hiru fasetan egiten ari dira. Lehenengoa amaitu eta bigarrena lizitaziora atera ondoren, hirugarren esku-hartze bat falta da Salbe-Txorierri tunelean.