2026(e)ko irailakren 24(a) 12:46

Hondakin organikoetan, % 22 gehiago bildu da ‘A ze marroia’ kanpaina egon den udalerrietan

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak Garbikerren bidez bultzatutako kanpaina horrek 30 ekintza egin ditu 28 udalerritan, edukiontzi marroiarekiko 1.021 atxikipen gehiago sortu ditu eta 1.100 ikasle baino gehiagorengana iritsi da. Hazkunde horretan ikus daiteke zer-nolako lana egin duten udalek eta inplikatutako gainerako eragileek hondakin organikoaren bereizketa errazagoa izan dadin eta Bizkaiak gaikako bilketan aurrera egin dezan.

Hondakin organikoetan, % 22 gehiago bildu da ‘A ze marroia’ kanpaina egon den udalerrietan

Hondakin organikoen gaikako bilketak gora egiten jarraitzen du Bizkaian. A ze marroia kanpaina hartu duten udalerriek % 22 gehiago erregistratu dute abuztura arte 2025eko denbora-tarte berean baino; ekintza hori izan ez duten udalerriek, berriz, % 10 gehiago baino ez dute erregistratu.

Bizkaiko materia organikoaren gaikako bilketari begira, kanpaina izan duten udalerriak guztiaren % 75 dira gutxi gorabehera. Baterako lan baten emaitza izan da hazkundea; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako kanpainaz gain, udalek beraiek eta lurraldeko beste eragile batzuek funtsezkoak izan diren beste jarduera batzuk ere egin dituzte.

A ze marroia kanpainak helburu jakin bat izan du hasieratik, hain zuzen ere, edukiontzi marroia herritarrei hurbiltzea, zalantza ohikoenak argitzea eta erabilera erraztea. Urtarriletik ekainera bitartean, karabanak Bizkaia zeharkatu eta zuzeneko 30 ekintza gauzatu zituen 28 udalerritan; horretarako, kasuan kasu, udal bakoitzak ezarritako kudeaketa- eta atxikipen-sistemara egokitu zen.

900.000 kilo gehiago urtarriletik ekainera bitartean

Urteko lehen sei hiletatik bertatik igarri zen kanpainako udalerrietako bilakaera positiboa. Urtarriletik ekainera bitartean, bilketa 2025eko 4,26 milioi kilotik 2026ko 5,15 milioira handitu zen, hau da, 900.000 kilo gehiago edo % 21eko hazkunde metatua.

Udalerrika, urtarriletik ekainera bitartean izandako hazkunde nabarmenetako batzuk Ibarrangelun, Abadiñon eta Bilbon izan ziren. Ibarrangelun, % 61,5 hazi zen; Abadiñon, berriz, % 43,2, 8.958 kilo gehiago izan baitziren aurreko urteko denbora-tarte beraren aldean.

Bilbon, batera hartuta Matikoko eta Basurtuko ekintzak, % 42,6 gehiago bildu zen, hau da, 2025eko urtarriletik ekainera bitartean baino 798.560 kilo hondakin organiko gehiago.

Bilakaera positiboa beste udalerri batzuetan ere ikusten da une jakin batzuetan. Durangon, adibidez, otsailean % 27,4 gehiago bildu da 2025eko hil berean baino; eta ekainean % 19,1 gehiago, nahiz eta urtarriletik ekainera bitarteko hazkunde metatua % 2,7koa izan zen.

Emaitzak ez dira homogeneoak udalerri guztietan, eta zenbait faktorek baldintzatzen dituzte, hala nola zenbat edukiontzi marroi egon diren jarrita aldez aurretik, nola irekitzen diren, txartelak edo poltsak eskuraerrazak diren eta nola jokatu duen udalak berak. Hori dela eta, bilketaren bilakaera hori ezin zaio egotzi kanpainari soilik, nahiz eta datuek bilakaera bereziki positiboa erakusten duten kanpaina egin den udalerri guztietan.

Beste 1.000 atxikipen baino gehiago

Bilketaren bilakaeraz gain, kanpainak aukera eman du sisteman erabiltzaile gehiago sartzeko. Guztira, 1.021 atxikipen gehiago erregistratu dira edukiontzi marroian, jardunaldietan alta zuzenean izapidetu ahal izan den udalerrietan.

Horiei guztiei gehitu behar zaizkie kale mailan egindako dinamiketako 2.046 parte-hartzeak, dinamiketako jardueretan azaldu baita edukiontzi marroian zer hondakin utzi behar den eta argitu baitira funtzionamenduari buruzko zalantzak, arreta pertsonalizatua emanda.

Santurtzi, Erandio, Barakaldo, Bilbo-Matiko eta Basauri izan ziren kanpainan zehar alta gehienak izan zituzten puntuak, 164, 133, 115, 99 eta 98 atxikipen gehiagorekin, hurrenez hurren. Bost puntu horietan 609 atxikipen egin ziren.

Beste udalerri batzuetan, jardunaldiak nagusiki informazioan, sentsibilizazioan eta zalantzetan oinarritu ziren; edukiontzi marroiarekiko atxikipen-altak, berriz, udal-kanalen bidez kudeatu ziren.

1.100 ikasle baino gehiago eta 2.678 kontsulta txatbotean

A ze marroia kanpainak hezkuntza-ekintzekin eta tresna digitalekin konbinatu du kale mailako presentzia. Guztira, 1.162 ikaslek hartu dute parte 52 ikasgelatan egindako jardueretan. Bertan, hondakin organikoak praktikan eta ondo bereizten ikasteko balio duten errealitate birtualeko esperientziak, azalpenak eta lehiaketak izan dira.

Hezkuntza-kanpaina 18 ikastetxetan zabaldu zen, eta Waste Lab Bizkaian egin zen azken fasea. Lehiaketa hori ikasleak inplikatzeko diseinatuta dago, hondakinak ondo bereiz ditzaten.

Kanpainaren mikroguneak 3.774 bisita izan ditu; Bizkaiko txatbotak, berriz, 2.678 kontsulta erregistratu ditu. Tresna horri esker, testu edo irudi bidez kontsulta daiteke non utzi behar den edozein hondakin, ikus daiteke non dauden garbiguneak eta gomendioak jaso daitezke hondakinak ondo bereizteko.

Kanpaina ostalaritzara ere iritsi da, eta bisita pertsonalizatuak, materialen banaketa eta antzeko beste zenbait jarduketa prestatu dira Bizkaiko 315 establezimendurentzat, profesionalak eta bezeroak sentsibilizatzeko xedez, hondakin organikoa ondo bereiz dezaten.

Bilketa organikoa areagotzen jarraitzeko estrategia

A ze marroia kanpainaren balantzea Bizkaiko Foru Aldundiaren beste estrategia zabalago baten esparruan dago, helburua baita gero eta hondakin organiko gehiago jasotzea bereizita, eta jaso osteko aprobetxamendua hobetzea.

Estrategia horretan, gainera, orain Metabarri instalazioa dago, Artigasko Ekoparkean hondakin organikoa tratatzeko dagoen azpiegitura berria, zeina prestatuta baitago Bizkaiko gaikako bilketaren hazkundean laguntzeko. Instalazioari esker, hondakin organikoa tratatzeko prozesua osorik egin ahal izango da, eraldatu eta baliabide berriak lortuta, besteak beste, biometanoa. Ondorioz, lurraldeko ekonomia zirkularraren eredua berrindartuko da.

Ostalaritzarekin egindako lan horrek jarraipena izango du urrian ere, Bizkaia osoan HORECA sektoreari zuzendutako beste jarduketa baten bidez, hari esker lortuko baita jakitea zer ohitura eta beharrizan dauden eta aurrera egin ahal izango baita gero eta hondakin organiko gehiago bereizten. Ekimen horrekin batera, udalerriek beste jarduera batzuk ere sustatuko dituzte.

Horrekin batera, Bilbao Basket entitatearekin sinatu berri den hitzarmena dago. Horri esker, klubaren erakarpena baliatu ahal izango da milaka pertsonarengana hurbildu eta zenbait mezu helarazteko, prebentzioarekin, hondakinen bereizketa zuzenarekin eta, bereziki, hondakin organikoarekin lotutako mezuak, alegia. Lankidetzaren barruan, denboraldian zehar, aurreikusi da sentsibilizazio-ekintza batzuk eta inkesta bat ere egitea, hobeto jakiteko zelako ohiturak dituzten zaleek birziklatzean.

Jarduketa horiek guztiek planteamendu bera dute: herritarrak erdigunean jartzea eta sentsibilizazioa bestelako tresnekin eta azpiegiturekin konbinatzea errazagoa izan dadin sorburuko bereizketa eta posible izan dadin hondakinak horren ondoren baliabide berri gisa aprobetxatzea.

15.500 tona inguru 2026aren amaieran

Gaur egungo datuen arabera, Bizkaiko hondakin organikoaren bilketa 13.000 tona ingurukoa da. Datozen hiletan, orain arte erregistratutako hazkunde-mailari eusten bazaio, proiekzioaren arabera, izan daiteke 2026aren amaieran 15.500 bat tona materia organiko izatea gaikako bilketakoa.

Kopuru hori aurreko urtekoa baino gutxi gorabehera % 20 handiagoa izango litzateke, eta sendotuko luke Bizkaiko gaikako bilketaren helburuetan aurrera egiten jarraitzeko funtsezko atal baten goranzko joera.

 

Bideoak


Audioak