01 DE iraila DE 2026 11:00

Telefónica eta AIC Fundazioek bat egin dute talentu digitala bultzatzeko 42 Urduliz Bizkaiaren eta AIC Academyren bidez

Ekonomia Sustatzeko Saila

Telefónica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako 42 Urduliz Bizkaia programazio-campusa eta AIC Academy izango dira programaren ardatz nagusiak, lanbide-profilak Euskadiko industria-sektore estrategikoetako batera hurbiltzeko

Estibaliz León, Ainara Basurko eta Inés Anitua

Telefónica Fundazioak eta AIC-Automotive Intelligence Center Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Euskadin prestakuntza teknologikoko eta enplegagarritasuneko baterako ekimenak bultzatzeko, jarduketa-ardatz gisa hartuta 42 Urduliz Bizkaia programazio-campusa eta AIC Academy AICren prestakuntza-zentroa.

Akordioak bi entitateen arteko lankidetza-esparru bat ezartzen du, konpetentzia teknologiko aurreratuak garatzen laguntzeko, automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreko talentu-beharrei erantzuteko eta prestakuntzaren eta enpresaren arteko lotura indartzeko.

Trebakuntza teknologikora eta lanbide-espezializaziora bideratutako hainbat ekimenen bidez antolatuko da lankidetza hori. Aurreikusitako jarduera-ildoen artean, honako hauek daude: 42 Urduliz Bizkaiaren inguruan garatutako prestakuntza-edukiak AIC fundazioak bultzatutako programetan integratzea –eta alderantziz–, automobilgintzarekin lotutako prestakuntza espezializatuko ekintzetan parte hartzea eta enpleguarekin eta talentuarekin lotutako topaguneetan lankidetzan aritzea.

Era berean, ezagutza eta trebetasun digitalak hobetu edo eguneratzeko interesa duten gazte eta profesionalei zuzendutako jarduerak batera diseinatzea eta garatzea aurreikusten du akordioak. Horretarako, arreta berezia jarriko da teknologia berriei eta horien aplikazio industrialari lotutako reskilling eta upskilling prozesuetan.

42 Urduliz Bizkaia –Telefónica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2021az geroztik sustatua– doako prestakuntza teknologikoko gune gisa finkatu da, lan-merkatuaren beharrekin bat datozen profil digitalak garatzeko. AICrekin eginiko aliantza honi esker, campusak indartu egingo du Euskadiko industria-sektore estrategikoetako batekin duen lotura.

Bestalde, AICk automobilgintza- eta mugikortasun-ekosistemari buruz duen ezagutza eskainiko du, bai eta prestakuntza aurreratuan eta enpresa-berrikuntza eta -lehiakortasunera bideratutako ekimenak garatzen duen esperientzia ere.

Lankidetzaren barruan sartzen da, halaber, modu koordinatuan parte hartzea jardunaldietan, topaketetan, enplegu-azoketan eta bestelako zabalkunde-jardueretan, euskal enpresa-sarean dauden aukera profesionaletara talentu digitala hurbiltzen laguntzeko. Hitzarmenak aukera emango du, gainera, bi entitateen fundazio-helburuekin bat datozen baterako jarduketa berriak identifikatzeko eta garatzeko.
 

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp