2026(e)ko martxoakren 18(a) 14:15

Foru-aldundiek eta nekazaritza-sektoreak kezka adierazi dute Bizkaia eta Araba dermatosi nodularrari aurre egiteko txertaketatik kanpo geratu direlako

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

• Foru-erakundeek eta nekazaritza-sektoreak berretsi dute beharrezkoa dela dermatosiaren aurkako txertoa Euskal Autonomia Erkidego osoan jartzea , azken fokuen ondoren azienda babesteko. • Erakundeek adierazi dute prest daudela txerto horren kostua ordaintzeko, eta ustiategietan prebentzio-neurriak muturreraino eramatea gomendatzen dute. • Arazoa larreetara igotzeko denboraldiaren hasierarekin batera etorri da, eta horrek sektoreko prebentzio-beharra indartzen du.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, nekazaritza-sindikatuekin -EHNE Bizkaia,  ENBA eta UAGA- batera, dermatosi nodularrari aurre egiteko txertaketaren egungo egoeraren berri eman dute, Albaitaritzako Osasun Alerta Sareak (RASVE) emandako azken jakinarazpenen ondoren.

Horien arabera, Bizkaiko eta Arabako lurraldeak estatu-mailan definitutako txertaketa-estrategian sartutako eremuetatik kanpo geratu dira. Abeltzaintzarako une garrantzitsu batean gertatzen da hori, azienda laster igoko baita mendiko larreetara.

Era berean, sektoreak kezka adierazi du Huescan detektatutako azken fokuak direla-eta. Udaberrian handitu egiten da odolaz elikatzen diren organismoek (hematofagoek) transmititzen dituzten gaixotasunen arriskua, batez ere tenperaturak igotzen direlako eta bektore horiek aktiboago daudelako.

Testuinguru horretan, beharrezkotzat jotzen da epe laburrean erabaki bat hartzea, eta horren bidez, aziendari txertoa jarri ahal izatea larreetara igo aurretik.

Gure lurraldearen berezitasuna eta bertako abeltzaintza eredu estentsiboa ere aipatzen dira, ohikoa baita larreen erabilera partekatzea. Egoera horrek berekin ekar dezake txertatutako eta txertatu gabeko animaliak elkarren ondoan egotea, eta txertaketa-neurriak aplikatzea zailagoa izatea, larreak partekatzeko aldia hasitakoan.

Foru erakundeek eta nekazaritza-elkarteek behin baino gehiagotan adierazi dute prest daudela prebentzio-neurriak hartzen laguntzeko, eta aukera dutela txertaketaren kostua beren gain hartzeko, baldin eta lurralde horietan aplikatzea baimentzen bada.

Ez da ulertzen txertaketa-eremuen irizpide aldaketa, Pirinioen beste aldean agertutako fokuen ondoren 150 km-ko eremu bat ezarri zenean.

Txertaketa-aukerarik ez dagoen bitartean, beharrezkotzat jotzen da abeltzaintzako ustiategietan prebentzio- eta biosegurtasun-neurriak indartzea. Alde horretatik, sektorean garbiketa- eta desinfekzio-praktikak zorroztea gomendatzen da, bai eta osasun-arriskuak murriztera eta azienda babestera bideratutako neurri guztiak aplikatzea ere.

Foru aldundiek eta nekazaritza-elkarteek agintari eskudunekin harremanetan jarraituko dute, egoeraren jarraipena egiteko eta sektoreari garrantzizko edozein jakingarriren berri emateko.