2024(e)ko martxoakren 14(a) 11:35

Foru Aldundiak hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko plana onetsi du eta Batzar Nagusietara bidali du, izapideak egin ditzaten

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Plan horretan hondakinak hamarkada honetan kudeatzeko gidalerroak ezartzen dira, eta honako helburu nagusi hauek finkatzen dira 2030erako: % 15 hondakin gutxiago sortzea eta sortzen diren 5 kilo hondakineko 4,9 berreskuratzea. Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integrala (BHPKP 2030) prestatzeko lanetan Bizkaiko udalek eta mankomunitateek lagundu dute. Gainera, Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluko talde politiko guztien onespena jaso du.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko  Plan Integrala (BHPKP 2030) onetsi du eta Batzar Nagusietara bidali du, izapidetzeko eta onesteko; hori egin ondoren indarrean ipiniko da hondakinak hamarkada honetan kudeatzeko gidalerroak ezartzen dituen dokumentua.

Planaren arabera, lehentasuneko helburuak honako hauek dira. %15 hondakin gutxiago sortzea eta sortzen diren 5 kilo hondakineko 4,9 berreskuratzea (4 kilo produkzio-katean sartuko dira berriro eta 0,9 kilo energia berriztagarria sortzeko erabiliko dira). Plan horren xedea da Bizkaian sortzen diren hondakinen % 76,61 material gisa balorizatzea (% 74,19 berrerabili edota birziklatu eta % 5,64 konpostatu), % 20,90 energia modura balorizatzea eta % 2,49 tratatu ondoren behin betiko ezabatzea.

Planaren beste helburu batzuk:

  • 2019an baino % 15 ontzi arinen hondakin gutxiago sortzea.
  • Berrerabiltzeko prestaketa-tasa % 20 hobetzea.
  • Gaikako bilketaren bidez etxeko hondakin arriskutsuen, ehunen, sukaldeko olioen, tamaina handiko hondakinen eta gailu elektriko eta elektronikoen hondakinen (GEEH) % 100 biltzea, eta udalerrietan biohondakinetatik bereizita biltzea.
  • Energetikoki balorizatutako hondakinen ia % 20ra jaistea eta udal-hondakinen isurketa-tasa (tratatuak eta tratatu gabeak) % 2,49 murriztea.
  • Herritarren eta eragile ekonomikoen informazioa eta ideia berritzaileak elkarlaneko ingurune digitalizatu batean integratzea, hondakinak kudeatzeko sistema etengabe hobetzeko tresnak eta palankak sortzea ahalbidetuta.
  • Hondakinak kudeatzeko sistema integratua izatea lurralde osoan, eta horren jasangarritasun ekonomikoa eta ingurumenekoa bermatzea, udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan.

Plana prestatzeko lanetan, 2022ko otsailean Bizkaiko udal eta mankomunitateek parte hartzeko prozesua hasi zen. Prozesu hartan, udalek eta mankomunitateek beren iritziak eta ekarpenak aurkeztu zizkioten Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluari (kontseilu horretan Bizkaiko Batzar Nagusietako talde politiko guztien ordezkariak daude). Kontseiluko talde politikoek aho batez onetsi zuten Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko  Plan Integrala. Orain, Plana eta beraren ingurumen-adierazpen estrategikoa (IAE) Batzar Nagusietara bidali dituzte, izapideak egin ditzaten.