Berriak
2023(e)ko urriakren 11(a) 18:05
Enplegua eta jarduera ekonomikoa hobetzeak zerga-bilketaren aurreikuspenak handitu ditu Bizkaian
Ogasuna eta Finantzetako Saila
Elixabete Etxanobek, Ahaldun Nagusiak, Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran azpimarratu du zerga-bilketak, aurten % 6,2ko eta datorren urtean % 5,1eko hazkuntza-aurreikuspenarekin, erakusten duela Bizkaiko ehun ekonomikoak oinarri sendoak eskaintzen dituela hazkunde orekatua izateko eta zerbitzu publikoei eusteko behar diren baliabideak sortzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2023ko ekitaldi honetarako zerga-bilketaren aurreikuspena eguneratu du eta 2024ko ekitaldirako zerga-bilketaren aurrekontua finkatu du, bi kasuetan orain arteko datuak hobetzen dituzten zifrekin. Hala urte honetarako aurreikusitako hazkundea % 6,2ra arte hobetu da, eta 2024an zerga-bilketa % 5,1 haztea itxaroten da.
Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, zerga-bilketaren igoera horiek Bizkaiko ekonomiaren hazkunde orekatuan oinarritzen direla baloratu du, eta hazkunde hori langile kopuruaren eta enpresa-jardueraren hazkundean islatzen dela. Adierazi duenez, Bizkaiak aurreikuspenak betez itxiko du ekitaldia eta Foru Aldundiaren aginte-planean ezarritako lehentasunei heldu ahal izateko moduko 2024rako aurrekontua prestatuko du, zerbitzu publikoak indartuz eta lurraldeko jarduera ekonomikoa sustatuz.
2023ko zerga-bilketaren aurreikuspena
2023ko ekitaldiaren itxieran Bizkaian 9.351,9 milioi euro bilduko dira zerga itunduengatik.
2022ko ekitaldian lortutako zerga-bilketari dagokionez, 8.803,5 milioi euro, % 6,2ko igoera izango da.
2023ko ekitaldi honetako zerga-bilketaren aurrekontuarekin alderatuta, 9.295,9 milioikoa dena, igoera % 0,6koa da.
Hiru foru-aldundien baterako zerga-bilketaren aurreikuspena 18.102 milioi eurokoa da 2023an, 2022an lortutakoa baino % 5,7 gehiago eta 2023ko bilketa-aurrekontua baino % 0,2 gehiago.
2024ko zerga-bilketaren aurreikuspena
Zerga itunduen bidezko bilketa-aurrekontua, 2024ko ekitaldirako, 9.829,5 milioi eurokoa da Bizkaian.
2023ko aurrekontuarekin alderatuta (9.259,9 M €), % 5,7ko igoera izango da.
2023rako aurreikusitako zerga-bilketari dagokionez (9.351,9 M €), % 5,1eko igoera da.
Hiru foru-aldundien zerga itunduen bilketaren aurrekontua 19.000,2 milioi eurokoa da, 2023ko aurrekontua baino % 5,1 gehiago eta 2023ko ekitaldia ixteko aurreikuspena baino % 5,0 gehiago.
Zifra horietan jasota dago 2024ko zerga-bilketan 2023ko ekitaldiari (200 euroko aparteko kenkaria, % 2ko deflaktazioa, PFEZren hurrengo ekitaldian aplikatuko den langile autonomoentzako forfaitaren gehikuntza) eta 2024ko ekitaldiari (hurrengo ekitaldian PFEZren atxikipenetan aplikatuko den % 2,5eko deflaktazioa) dagozkien inflazioaren aurkako neurriak aplikatzeak izango duen eragina.
Koefiziente horizontalak eta Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenak
Finantzen Euskal Kontseiluak eguneratu egin ditu foru-aldundiek 2024ko ekitaldirako Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpenen koefiziente horizontalak, eta Bizkaiaren kasuan % 50,49tan zehaztu da. Beraz, 2024rako Bizkaiko koefiziente horizontala % 0,05 murriztu da 2023koaren aldean, hau da, % 50,54koa izan dena.
2024rako hiru foru-aldundiek erakunde komunei 12.686,7 milioi euroko ekarpena egingo dietenez, Bizkaiari dagokion ekarpena 6.405,5 milioi eurokoa da.
Arabak 2024rako duen koefiziente horizontala % 15,87 da, eta Gipuzkoakoa % 33,64; bi aldundiek 2.013,4 eta 4.267,8 milioiko ekarpenak egingo dituzte, hurrenez hurren.
Egokitzapen Orokorrerako Funtsa
Egokitzapen Orokorrerako Funtsari dagokionez Finantzen Euskal Kontseiluak 166,2 milioi euroko aurreikuspena onartu du 2024rako. Kopuru hau Arabako Foru Aldundiaren (32,5 milioi) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (133,7 milioi) artean banatuko da. Bizkaiak 24,5 milioi euro jarriko ditu Egokitzapen Orokorrerako Funtsaren zuzkiduran.