Berriak
2026(e)ko maiatzakren 07(a) 12:26
Enkarterriko Herrera-Malabrigo errepidearen proiektua jendaurrean jarri da Foru Gobernu Kontseiluak behin-behinean onetsi ondoren
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila
Azpiegitura berriari esker, segurtasuna hobetu, hiriguneetako zirkulazioa murriztu, eta eskualdearen lurralde-kohesioa handituko da natura-ingurunea ahalik eta gehien errespetatuta
Carlos Alzaga
Gaur, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak behin-behinean onetsi du BI‑630 errepidearen Herrera-Malabrigo tarterako proiektua. Jarduketa hori funtsezkoa da Enkarterrirako estrategikoa den bide hori hobetzeko plan integralaren barruan. Onesteaz batera, jendaurrean jartzeko epea hasi da. Herritarrek hilabete izango dute; eraginpeko udalek, berriz, bi hilabete. Epea amaituta, dokumentuak ingurumen-inpaktuaren adierazpena behar du. Lortu ondoren, azken proiektua idatziko da, lizitazioa egin eta, azkenik, lanak kontratatu.
Jarduketa Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoetako bat da; izan ere, Kadaguako korridorea (BI‑636) BI‑630 errepidearekin lotu nahi du zuzenean, zirkulazioak zeharka ez ditzan ez Balmaseda edo Zalla‑Mimetiz hiriguneak ez trenbidearen gaineko pasaguneak, eta, hala, herritarren eguneroko joan-etorriak nabarmen hobetu.
Bihurgune itxiak eta segurtasun-muga asko dituen gaur egungo bide-tartearen ordez, trazadura berrian, bide modernoago, erosoago eta seguruago bat egingo da, trafiko astunera ere egokitua. Jarduketari esker, bidaietako denborak laburtuko dira, istripuak izateko arriskua txikituko da, eta lanagatik, zainketengatik, ikasketengatik eta jarduera ekonomikoengatik egunero egin behar izaten diren joan-etorriak erraz egingo dira. Beraz, eragin zuzena izango du eskualdeko herritarren bizi-kalitatean.
Zehazki, 1,2 kilometroko azpiegitura berri honi esker, 3.797 ibilgailu arin eta 424 astun inguru desbideratuko dira Kadaguako korridorera, Balmasedatik (1.288 arin eta 186 astun) eta Zallatik (2.509 arin eta 238 astun) pasatzeari utziko lioketenak.
Proiektuak duen alderdi berezienetako bat Kadagua ibaiaren gaineko zubibidea da: 240 bat metro luze. Zubibideak aukera emango du harana eta bertan dauden azpiegiturak ez ukitzeko –Bilbao‑Balmaseda trenbidea, Donejakue Bidea edo zentral hidroelektrikoaren ubidea–; aldi berean, konponbide horrek arkitektura zaindua eta balio tekniko handia du, eta paisaian integratuta dago.
Herrera-Malabrigo tartea ingurumen-sentsibilitate handiko ingurune batean egongo denez, baldintza hori proiektuaren diseinu osoan hartu da kontuan. Inguru horretan, sai zuria, bisoi europarra, igaraba eta antzeko beste espezie babestu batzuk daude. Hori dela eta, ingurumen-izapideak bereziki zorrotzak izan dira eta zuzenketa-neurri ugari hartu behar izan dira.
Proiektuan, jarduketa hauek sartu dira, besteak beste: faunarentzako pasabide espezifikoak; ezpondak lehengoratzea bioingeniaritzako tekniken bidez; ingurumen-zainketa etengabea, eta lanen plangintza zorrotza, urtean sei hilabetez lanak eten behar baitira abifaunaren bizi-zikloak babesteko. Ikuspegi hori foru-aldundiaren konpromisoaren isla da; izan ere, azpiegituretan aurrera egin nahi du natura- eta kultura-ondarearen babesa alde batera utzi gabe.
Hain zuzen ere, baldintza horien ondorioz, aurreikusitako guztizko egikaritze-epea 5 urtekoa izango da. Tarte horretarako aurreikusitako inbertsioa 44 milioi euro ingurukoa da. Ahalegin ekonomiko horretan sartuta daude: zubibidearen eraikuntza konplexua, lanen iraupena eta ingurumen-neurrien aplikazio zorrotza.
BI‑630 hobetzeko proiektu integral eta fasedun bat
Herrera-Malabrigoko jarduketa BI‑630 egokitzeko proiektu integral baten parte da, eta faseka planifikatuta dago bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa, juridikoa eta ingurumenekoa bermatzearren. 4,6 kilometroko tarte bat, Malabrigo‑Traslaviña, bere garaian egin zen 7 milioi euro inguru inbertituta, eta duela gutxi beste jarduketa osagarri batzuk ere bai, hala nola Malabrigoko biribilgunea, 2026ko urtarrilean amaitua.
Gaur egun, foru-aldundiak lanean jarraitzen du beste tarte batzuk ere garatzen, hala nola Traslaviña‑Turtzioz, eta beti dabil aztertzen zein diren alternatibarik onenak ingurumen-baldintza zorrotzak betetzeko. Azkenik, Escrita‑Callejo eta Callejo‑Cadena proiektuak hastapenetan daude.