2026(e)ko maiatzaren 14(a) 18:41

Bermatu egiten da Enkarterriren eraldaketa 50 milioi euro baino gehiago baliatu dituen bere Plan Estrategikoaren erdian

Ekonomia Sustatzeko Saila

Mugikortasunean, ekonomian, gizarte-kohesioan eta bioekonomiari lotutako aukera berrietan bost urtez eman diren aurrerapenen eskutik, eskualdearen garapenarekiko konpromisoa berretsi dute erakundeek

Talde eragilearen batzarra

Enkarterrik aurrerapauso irmoz egiten du aurrera bere eraldaketa-prozesuan. 2021–2030 Eskualdeko Plan Estrategikoaren bitarteko balantzeak berresten du eskualdea planaren erdira iritsi dela, eta emaitza irmoak erdietsi dituela: 50 milioi euro baino gehiago erabili dira, eta % 76ko gauzatze-maila lortu da. Izan ere, datu horiek administrazio publikoek lurraldearen etorkizunarekiko duten konpromisoaren adierazgarri dira.

Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Mankomunitateko eta eskualdeko 11 udaletako ordezkariek balantze hori partekatu dute Planaren Talde Sustatzailearen esparruan; bertan, bat etorri dira nabarmentzean Enkarterrik ekonomian eta herritarren bizitzan eragina jada sortzen ari diren ekimenak jarri dituela martxan.

'Sustapen-plana' 'epe luzerako eraldaketarako estrategia' bihurtu da

Eskualdeko Plan Estrategikoa pandemiaren garaian landu zen –Eusko Legebiltzarrak 2018an LJE izendatu ondoren–, eta 2017an 10,3 milioi eurorekin abian jarritako «Erakundeak sustatzeko planaren» baitan sortu zen. Eskualdeko Plan Estrategikoak Enkarterriko erronka nagusiei erantzutea du helburu, bereziki konektibitateari, enpleguari, gizarte-kohesioari eta aukera ekonomikoen gabeziari lotutako arloetan.

Lehen suspertze-fasea igaro ondoren, lurraldeak 10 urteko estrategia baten aldeko apustua egin zuen; eta, horri esker, lankidetza-eredu bat finkatu egin da. Gaur egun, eredu hori funtsezkoa da proiektuak sustatzeko eta lurraldea eraldatzeko (epe luzeko ikuspegia baliatuz).

Eskualdearen egungo egoera aldatzen ari diren proiektuak

Eraldaketaren eragile diharduten sei proiektu sustatzaileri esker egiten du aurrera Planak:

• Mugikortasuna eta konektibitatea hobetzeko jardunari esker, eskualde irisgarriagoa eta kohesionatuagoa lortzen ari da; izan ere, horren erakusgarri dira BI-630 korridorean dagoeneko gauzatutako jarduketak, esaterako: Malabrigo–Traslaviña tartea, Kadaguako tunelak modernizatzeko jarduketa eta mugikortasun jasangarria sustatzeko egintzak. Ildo horretan, behin-behinean onartu da La Herrera–Malabrigo proiektua eta, hura gauzatu ondoren, hiriguneetako trafikoa murriztuko da, eta eskualdearen lurralde-kohesioa hobetzeko jardunean aurrera egiten lagunduko du. Horri gehitu behar zaizkio C5 linea (Karrantza-Aranguren) elektrifikatzeko eta trenen maiztasuna handitzeko lanak, zeinei esker, aldiriko trenen anezka-zerbitzua jarri den martxan, C4 linearekiko lotura hobetuz. Era berean, 4. linearen plangintza ere aurreikusi da, epe ertain eta luzean aplikatuko den egiturazko irtenbide gisa.

• Aktibo turistiko eta kulturalen arteko lotura turismo-eredu egituratuago eta jasangarriagoa sendotzen ari da. Horretarako, azpiegiturak garatu eta hobetu dira (Karpin, La Enkartada Fabrika Museoa eta Zallako Artisten Gunea, besteak beste), tresna digitalak jarri dira eskuragarri, Bike & Walking eta antzeko ibilbideak sustatu dira, eta ondarea aktibatzeko jarduketak eta ekitaldiak garatu dira. Horrek guztiak turismo-jarduera eta eskualdearen proiekzioa handitu ditu.

• Hezkuntza- eta lan-munduaren arteko integrazioak prestakuntza eta enplegagarritasuna indartzen ditu. Hala, San Viator, Maristak Zalla eta antzeko ikastetxeek heziketa-ziklo berriak txertatu dituzte digitalizazioa, energia, fabrikazio aurreratua eta antzeko arloak lantzeko. Gainera, enplegua lortzeko eta proiektu propio bati ekiteko benetako aukerak sortzen dituzte, bederatzi prestakuntza-espezialitate berri abian jarri baitituzte.

• Banda zabala hedatzeari esker, aurrera egin da ia guztiz unibertsala den konektibitatea lortzeko bidean: etxebizitzen % 93 baino gehiago estali dira, eta arrakala digitala murriztu egin da (bereziki landa-eremuan).

• Enpresentzako espazioak sortzeari esker, enpresak errazago ezar eta haz daitezke. Zallako Elkartegia dagoeneko martxan dago eta erabat beteta dago. Güeñeseko ekipamendu berria, berriz, garatzen ari da, eta eskualdeko aukera-sektoreetara (bioekonomia eta ekonomia zirkularra, besteak beste) bideratutako proiektuak erakartzeko eta heltzeko zentro bihurtu nahi da.

• Bioekonomia eta economia zirkularra sustatzen ari denez, Enkarterri etorkizuneko sektoreen mapan kokatzen ari da. Horretarako, eraikuntza-fasean dagoen Enkarterri HUBa, Basque Bio Design Center delakoa eta bioekonomiari lotutako laborategiak (San Viator Ikastetxean) garatzen ari dira. Helburua proiektu berritzaileak bultzatzea eta jarduera ekonomikoa sortzen laguntzea da.

Oro har, eta proiektu horiek islatzen dutenez, modu orekatuan egiten ari da aurrera Planaren arlo estrategikoetan, jarduketa ekonomikoak, sozialak, lurraldean errotuak eta jasangarriak uztartzen ari baitira.

Bestalde, erakunde publikoen inbertsio-ahalegin handiari esker abiarazi ahal izan da Plana.

2021–2025 aldian, erabilitako inbertsio osoa 50 milioi eurokoa izan da, eta aurreikusitako guztizkoaren % 76ko gauzatze-maila lortu da.

Erakundeek nabarmendu dutenez, inbertsio-ahalegin horri esker, funtsezko proiektuak sustatu dira, eta aurrera egin ahal izan da lurraldearen egiturazko beharrei erantzuteko bidean.

Gainera, eskualdeko adierazle sozioekonomikoen bilakaera positiboak ere Planaren aurrerapena islatzen du, turismoak eta nekazaritza-industriaren sektoreak gora egin baitute.

Pasa diren urteetan, langabezia nabarmen murriztu da (iraupen luzeko langabezia, bereziki), eskola-uztearen tasa murriztu, eta batez besteko errenta handitu.

Azkenik, erakunde guztiek adierazi dute datozen urteak erabakigarriak izango direla martxan dauden proiektuak sendotzeko, egiteko dauden jarduketak bizkortzeko, eta eragin handiena duten ildoak indartzeko.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp