2026(e)ko uztailakren 29(a) 16:27

Elixabete Etxanobek itun handi bat proposatu du Bizkaiaren etorkizuna eraikitzeko aukeren alde

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Ahaldun Nagusiak dei egin dio gizarteari itun sozial eta instituzional berri bat bultza dezan, Bizkaia pertsona guztientzat aukerak dituen lurraldea izan dadin. Akordioaren kultura eta autogobernua lurraldearen identitatearen ezaugarriak direla aldarrikatu du, eta Ekonomia Ituna eta fiskalitate propioa, justua eta modernoa etorkizuneko erronkei erantzuteko tresnarik onenak direla adierazi du.

San Ignazio eguneko harrera

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak itun handi bat proposatu du gaur, jatorria, adina edo bizi-proiektua edozein dela ere, pertsona guztiei aukerak eskaintzeko gai izango den Bizkaia eraikitzeko eta lurraldearen erronka nagusiei erantzuteko aukeren alde. San Inazio eguna dela-eta Foru Jauregian egin den ekitaldi instituzionalean hitz egin du.  Ekitaldian izan da Imanol Pradales lehendakaria, lurraldeko ordezkari instituzional, sozial, ekonomiko eta kultural askorekin batera.

Itunak egiteko kultura, Bizkaiaren identitatearen ezaugarria

Bere hitzaldian, Elixabete Etxanobek defendatu du Bizkaiak beti jakin izan duela bere eraldaketa handiei aurre egiten, akordioak eta lankidetza oinarritzat hartuta. Bizkaiko Foru Berriaren V. mendeurrena baliatuta, aldarrikatu du itunak egitea dela lurraldearen identitatearen ezaugarri nagusia. Adierazi duenez, Foruak gure identitatearen ezaugarri sakonena biltzen du: elkarri hitza ematen diogun herria gara, hitzartuz ebazten duen herria, eta bere konpromisoak betetzen dituena.

Ahaldun Nagusiak aldarrikatu du, halaber, euskal erakundeen arkitektura akordioak egiteko kultura horren adierazpena dela, eta nabarmendu du Euskadik beti izan duela oinarri foraltasuna, nortasun, erakunde eta ahots propioak dituzten lurralde historikoekin. Era berean, defendatu du erakunde erkideen, foralen eta tokikoen arteko lankidetza-eredua dela euskal autogobernuaren indargune nagusietako bat. Baieztatu du hemen inork ez duela agintzen inoren gainean, hemen itunak berdinen artean egiten direla.

Bizkaiaren etorkizuneko erronkak

Baina iraganari begiratzea baliagarria izan da, batez ere, etorkizuna proiektatzeko. Etxanobek ohartarazi du Bizkaiak erantzun partekatuak behar dituzten erronka sozial garrantzitsuak dituela. Besteak beste, hauek aipatu ditu: etxebizitza eskuratzeko aukera gazteentzat, biztanleriaren zahartzea eta zaintzen erronka, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna edo lurraldeko eskualdeen arteko oreka.

Azpimarratu du Bizkaia ez dela soilik Bilbo Metropolitarra; Enkarterri, Busturialdea, Lea-Artibai, Arratia, Durangaldea edo Uribe ere badirela Bizkaia. Eta herri bat bera ere ezin dela etorkizuneko mapatik kanpo sentitu, ezta txikiena ere.

Erronka horien aurrean, Ahaldun Nagusiak planteatu du datozen urteetan ekintza publikoa eta gizarte-lankidetza bideratuko dituzten akordio berriak lortu behar direla. Ildo horretan, gogorarazi du Foru Aldundiak dagoeneko hiru itun handitan ari dela lanean —zainketen aldekoan, iraunkortasunaren aldekoan eta berdintasunaren eta gizarte- eta lurralde-kohesioaren aldekoan—, eta laugarren konpromiso handi bat gehitzea proposatu du: aukeren aldeko ituna.

Aukerak sortzeko ituna

Bizkaia ulertzeko modu horri buruz, Elixabete Etxanobek proposatu du XXI. mendeko "foru berriak" idaztea, gaur egungo erronkei erantzuteko gai izango diren akordioen bidez.

Ahaldun Nagusiak azaldu duenez, itun berri honek gizarte osoa inplikatu nahi du, pertsona guztiei haien bizi-proiektua Bizkaian garatzeko aukera emango dieten baldintzak sortzeko. Kalitatezko enplegua, ekintzailetza, berrikuntza, belaunaldien arteko erreleboa eta talentu gaztea Bizkaian errotzea sustatzea izango da itun horren helburua.

Nabarmendu du jendea hemen geratzea nahi dutela, eta joan zirenei esan nahi diela etxera bueltatzeko, hemen dutela haien lekua. Eta asmo hori ideia batean laburbildu du: «Bizkaia aukeren lurraldea da».

Ekonomia Ituna, esandako hori posible egiteko tresna

Elixabete Etxanobek defendatu du Bizkaiak tresnarik onena duela proposatu duen itun hori gauzatzeko: Ekonomia Ituna. Fiskalitate propioa, justua eta modernoa aldarrikatu du, baliabideak hurbiletik bildu eta kudeatzeko aukera ematen duena, zerbitzu publikoei eusteko, ongizate-estatua babesteko eta oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko : «Ez da pribilegio bat; aukera bat da», baieztatu du.

Azkenik, Ahaldun Nagusiak erakundeen, enpresen, gizarte-eragileen eta herritarren konpromiso partekatua eskatu du, aukeren aldeko itun berri hori eraikitzeko. Gogorarazi du erakunde bakar batek ere ez duela berak bakarrik egiten herri bat, eta Bizkaiko gizarteari eskatu dio Bizkaia eraikitzen jarraitzeko akordioak, lankidetza eta erantzukizun partekatua ardatz hartuta.


Bideoak


Audioak