Berriak
2026(e)ko irailakren 30(a) 13:36
Elixabete Etxanobek eskua luzatu du legegintzaldia amaitu bitartean akordio berriak lortzeko, eta etorkizuneko lau itun nagusi proposatu ditu
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Ahaldun nagusiak Bizkaiko talde politikoei eta eragileei dei egin die legegintzaldia amaitu arteko bederatzi hilabeteetan akordioak lortzen jarraitzeko, eta etorkizuneko lau itun nagusi proposatu ditu zainketei, lurraldeari, bizikidetzari eta aukerei buruz. Etxanobek aurrekontuen eta zergen arloan erdietsitako adostasunak aldarrikatu ditu, Bizkaiko erronkak aurrera eroateko jorratu nahi duen lan-moldearen adibide gisa. Kudeaketari buruzko balantzean, nabarmendu du Bizkaia Denontzat planaren 120 lehentasunezko jarduketetatik 118 amaituta edo abian daudela.
Politika Orokorreko osoko bilkura
Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia: "Zenbait erabaki gaur hartu behar ditugu, hamar, hogei edo hogeita hamar urte barru izan nahi dugun Bizkaian pentsatuz"
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur, politika orokorreko osoko bilkuran, garatutako kudeaketaren balantzea egiteko eta talde politikoei laguntza emateko, legegintzaldia amaitzeko geratzen den denbora-tartean akordio berriak erdietsi nahian. “Berba egitea, negoziatzea eta gizarte honek eskatzen dituen neurriak adostea. Horixe da nire formula”, baieztatu du. Etxanobek orain arte lortutako adostasunak aldarrikatu ditu, eta lau itun nagusi planteatu ditu Bizkaiak datozen hamarkadetan izango dituen erronkei aurre egiteko.
Bere hitzaldia hiru ideiaren inguruan ardaztu du: “betetako hitza”, orain arte egindakoaren balantzea egiteko; “partekatutako hitza”, akordioa aldarrikatzeko; eta “emandako hitza”, etorkizunerako lau konpromiso nagusi eta zabal mahai gainean jartzeko, “gaur hamar, hogei edo hogeita hamar urte barru izan nahi dugun Bizkaian pentsatuz hartzen hasi behar ditugun erabakiak daudelako”.
Bizkaiko Foru Berriaren 500. urteurrenaren testuinguruan, akordioa aldarrikatu du lurraldearen nortasunaren berezko ezaugarri gisa. “Foru Berriak, batik bat, izateko modu bat eskuordetu zigun. Hitza ematen duen herria gara. Eta betetzen dugu”, adierazi du.
Industria-eraldaketak, trantsizio energetikoak eta munduko merkataritzaren zatikatzeak markatutako nazioarteko agertoki baten aurrean, Bizkaiko indarguneak baliatzeko beharrizana defendatu du. “Mundua ez da apokaliptikoa: zalantzazkoa baizik, eta hori bestelako gaia da. Eta ziurgabetasunean, arriskuak eta aukerak daude”, baieztatu du.
Agintaldiko planeko jarduketen % 98,3, amaituta edo abian
Bizkaia Denontzat planaren 120 jarduketetatik, 40 amaituta daude eta 78 abian, 2026ko lehen seihilekoari dagokion bosgarren jarraipen-txostenaren arabera.
Etxanobek legegintzaldian zehar garatutako kontuak emateko eredua ere nabarmendu du, eskualdeetan topaketak eginez, Aldundiaren jarduketen berri emateko eta herritarrei entzuteko.
Harreman horietatik gizartearen kezka nagusiak laburbiltzen dituzten bost galdera atera ditu: “Nire alde al dago sistema ?”, “Eraiki al dezaket hemen neure bizitza ?”, “Zainduta egongo al naiz unea iristen denean ?”, “Aukerak iristen al dira bizi naizen lekura ?” eta “Bere burua ezagutzen duen gizartea izaten jarraitzen al dugu ?”.
Neurri fiskalak eta kolektibo kalteberentzako babesa
Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, berrikuspen fiskalaren ondorengo errentaren lehenengo kanpainari esker, 84 milioi euro geratu dira Bizkaiko zergadunen esku, batez ere errentarik txikienen esku. Etxanobek “Bizkaiko fiskalitatea defendatu du, ez Madrilgoa”, gauzak herritarrentzat errazagoak izatea, gehien behar dutenak babestea eta gaitasun ekonomiko handiagoa dutenei bidezko ahalegina eskatzea oinarri hartuta.
Onetsitako neurrien artean, honako hauek aipatu ditu: PFEZa aitortzeko atalasea 20.000 eurora igo, lanaren hobaria indartu eta kenkari jakin batzuk monetizatu izana.
Ahaldun nagusiak Elkarrekin Podemosen babesarekin zerga-berrikuspena onartzea ahalbidetu zuen erabakia aldarrikatu du, eta adostasun hori lortzeko amore eman beharreko alderdi desberdinen prestasuna nabarmendu du: “Denok eman behar dugu amore, zerbait utzi bidean”. Era berean, defendatu du elkar ulertzeko borondate horri eutsi behar zaiola legegintzaldia amaitu arte, bereziki 2027ko aurrekontuak laster aurkeztuko direlako eta neurri fiskal berriak izapidetu behar direlako profesionalak erakartzeko, negozioen jarraipena errazteko eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko.
Halaber, Batuz-en hedapenaren amaiera nabarmendu du, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoen % 100era iristen baita jada, bai eta arreta digitala eta Gertu bulegoen bidezko aurrez aurreko arreta uztartzearen garrantzia ere.
Nazioarteko aitorpena zaintzen arloan
Bizkaiko Foru Aldundiak 855 milioi euro bideratu ditu aurten zaintza-sistemara, 2023an baino 153 milioi gehiago. Etxanobek EtxeTICen bilakaera nabarmendu du; izan ere, EtxeTICen hamaika zentrotan 8.000 adineko baino gehiago artatzen dituzte, eta 7.555 zaintzaileri laguntzen diete. Sare hori handitu egingo da laster, beste zentro bat irekiko baita Durangon.
Artapen soziosanitarioaren eta adinekoentzako bizikidetza-unitateen hedapenaz ere jardun du, bai eta desgaitasuna duten pertsonentzako, adingabeentzako eta sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako baliabideez ere.
“Zaurgarritasuna indibiduala da. Baina erantzuna kolektiboa da”, baieztatu du, familien, boluntarioen eta sare komunitarioen zeregina aldarrikatuz. Sistema biztanleriaren zahartzeari egokitzen jarraitzeko eta autonomia eta arreta pertsonalizatua indartzeko beharrizana defendatu du.
Enplegua, industria eta etxebizitza
Bizkaiak 518.300 landun eta 47.400 langabe ditu, % 8ko langabezia-tasarekin, Etxanobek aipatutako datuen arabera. Dena dela, ahaldun nagusiak aitortu du oraindik ere zailtasunak daudela emakumeen, gazteen, kualifikazio txikiagoko pertsonen eta luzaroko langabeen artean.
2026an zehar, ekintzailetzako foru-programek 1.073 enpresa eta 1.150 enplegu sortzen lagundu dute. 2024-2029ko Enplegu Plana ere nabarmendu du, ehun neurri baino gehiagorekin; talentuaren aldeko konpromisoa, 43 eragilerekin; eta 51 milioi euro urtean enpresentzako laguntzetan.
Industriaren eremuan, Amorebieta-Etxanoko Automotive Intelligence Centerren (AIC) bosgarren fasea nabarmendu du; 37 milioi euroko foru-inbertsioa izango du, eta
Era berean, adimen artifiziala, superkonputazioa eta konputazio kuantikoa Bizkaiko industria-enpresetara hurbiltzearen aldeko apustua jarri du agerian, Biqainen bitartez eta Basque Quantum-ekin aliantzan.
Etxebizitzaren arloan, 266.369 zergadunek jaso dituzte kenkariak, horien artean 36 urtetik beherakoek, 339 milioi euroko zenbatekoarekin. Etxanobek, halaber, alokairurako etxebizitzak birgaitzeko % 18ko kenkari berria nabarmendu du.
Lankidetza instituzionalaren adibide gisa, Getxoko Belaunaldi arteko Zentroa aipatu du. Zentro horrek 100 egoitza-plaza izango ditu adinekoentzat, eta 40 apartamentu gazteentzat. Aurreikusita dago 2027ko lehen seihilekoan irekitzea.
Bost plan estrategiko eskualde-oreka sustatzeko
Etxanobek defendatu du aukerek lurralde osora iritsi behar dutela. Eremu horretan, Bizkaia Orekan Sakonduz sareak hamar urte bete ditu; egitasmoan 2.400 enpresa baino gehiagok hartu dute parte eta eskualdeko bost plan estrategiko garatu dira. Plan horiek 47 udalerri barne hartu eta 177 jarduera bildu dituzte industria, enplegu, prestakuntza, etxebizitza, hiri-berroneratze, mugikortasun eta ingurumenaren arloetan.
Orobat, eskualdeko lehiakortasunerako 57 proiektu estrategikoak eta Herri Txiki, Aukera Handi programa ere nabarmendu ditu. Programa horrek 82 udalerri txikitako 115.085 biztanle hartzen ditu.
“Berdinak ez diren eskualdeak berdin tratatzea ez da justizia, aurretik zegoenari abantaila ematea baizik”, adierazi du, lurraldeko errealitate desberdinetara egokitutako politikak defendatuz.
770 milioi euroko inbertsioa trenbide-sarean eta Bizkaibus berria 2029rako
Mugikortasuna izan da balantzearen beste ardatz nagusietako bat. Bizkaiak 215 milioi bidaia egin zituen garraio publikoan 2025ean, eta Metro Bilbaoren eskaria egunean 300.000 bidaiari ingurukoa izan da.
Etxanobek mugikortasun jasangarria indartzeko hartutako neurriak berrikusi ditu, hala nola hamabi urtetik beherakoentzako doakotasun iraunkorra, Bizkaibusen elektrifikazioa, Bizkaibiziren garapena, tarifa-zonen kopurua bostetik hirura murriztu izana eta operadoreen arteko doako garraio-aldaketak.
Aldundiak 770 milioi euro ditu 4. eta 5. lineetarako eta Metro Bilbao berritzeko. “Sarea eraturik dago. Orain hobeto konektatu behar da”, adierazi du.
Bizkaibus berria 2029an egongo da martxan, eta urtean 198 milioi euroko lizitazioa eta 2.000 milioi euro inguruko kontratua ekarriko ditu.
Errepideak eta konektibitatea
Bideei dagokienez, Etxanobek iragarri du datozen asteetan jarriko dela itsasadarraren azpiko tunelaren lehen harria, bi ertzetako igarobide nagusien arteko lotura berria.
Markina-Etxebarria, Ermua eta Errekaldeko saihesbideez, Artxandako tunelen berrikuntzaz eta Orozko eta Artea arteko BI-3513 errepideko hobekuntzez ere jardun du.
Konektibitate digitalaren arloan, banda zabala estaldura nahikorik gabeko azken atarietara hedatu dela nabarmendu du. “Posta-kodeak ez dezala zehaztu noraino irits zaitezkeen”, defendatu du.
Kultura, euskara eta kirola kohesio-elementu gisa
Kulturari dagokionez, Etxanobek Euskal Museoa, Errekalde Aretoa eta Omako Basoa berriro ireki izana nabarmendu du, bai eta Bilboko Arte Ederren Museoa urriaren 6rako berrirekitzea ere.
Bilbao-Bizkaia ikus-entzunezko hub-aren garapenari eta Zorrotza puntako eta Urduñako filmaketa-espazio berriei ere balioa eman die.
Euskararen arloan, askotariko gizarte batean kohesio-elementu gisa duen eginkizuna defendatu du. “Hizkuntza batek ez du bizirik irauten, babestua izateagatik. Hizkuntza batek bizi behar du”, baieztatu du. Zetakek San Mamesen egindako kontzertua aipatu du, familietan euskararen erabilera zabaltzeko ekimenak eta Zu Ere Euskaldun programa, Bizkaira iristen diren pertsonei zuzendutakoa.
Kirolaren eremuan, nabarmendu du Bizkaia 2026ko Kirolaren Europako Eskualde (Kirolur) izendatu dutela, kirola inklusiorako, ongizaterako eta bizi-kalitaterako tresna gisa aitortuz. Eskola Jokoen amaierak 7.000 ume inguru bildu ditu aurten, 35 modalitatetan. Emakumeen kirolaren, adinekoentzako jarduera fisikoaren eta kirol egokituaren ekimenei ere balioa eman die.
Etxanobek lurraldea kanpoan proiektatzearekin uztartu ditu kultura, kirola eta nazioarteko ekitaldiak, baina defendatu du ezin direla “edozein preziotan” egin. “Helburua ez da Bizkaiaz berba egitea. Bizkaia aukeratzea da helburua”, adierazi du.
Lau itun nagusi datozen hamarkadetako Bizkaiari begira
Legealdi honetan garatutako kudeaketa berrikusi ondoren, Etxanobek hurrengo hilabeteetarako eta Bizkaiaren etorkizunerako proposamenaren erdigunean jarri du akordioa. Ahaldun nagusiak dei egin du adostasunak eraikitzen jarraitzeko, aurrekontuen eta zerga-berrikuspenaren arloetan dagoeneko lortu diren itunetan oinarrituta. “Bizkaian, funtzionatzen duen ia ezer ez du erakunde batek berak bakarrik erabaki”, baieztatu du. Eta ideia batekin laburbildu du bere planteamendua: “Adosten ez duenak ez du ezer exekutatzen”.
Defendatu du elkar ulertzeko borondate horri legegintzaldia amaitu arte eutsi behar zaiola, eta hurrengo hamarkadetako erronketara proiektatu behar dela. Horretarako, etorkizunerako lau itun nagusi planteatu ditu, erakundeen, talde politikoen, enpresen, gizarte-eragileen, unibertsitateen eta herritarren inplikazioa eskatzen dutenak.
Lehenengoa zaintzari buruzkoa da, eta sistema biztanleriaren zahartzera egokitzea eta hazkuntza- eta kontziliazio-premiei ematen zaien erantzuna indartzea du helburu.
Bigarrenak, lurraldeari buruzkoak, metropoli eta eskualdeen arteko orekan aurrera egitea proposatzen du, abiapuntuko aldeak desberdintasun iraunkor bihur ez daitezen.
Hirugarrenak, bizikidetzari buruzkoak, gizarte-kohesioa indartzea, berdintasunean aurrera egitea eta Bizkaira iristen diren pertsonen integrazioa erraztea proposatzen du. “Ez dezagun elikatu sozialki elkarren aurka jartzen gaituen kontakizunik, ‘haiek’ sortzen dituena ‘gu’ baten aurrean”, eskatu du.
Laugarrenak, aukerei buruzkoak, kalitatezko enplegu bat lortzeko, emantzipatzeko edo bizi-proiektu bat garatzeko zailtasunei heltzen die. “Jende gehiegi dago aukerak ixten zaizkiola sentitzen duena”, adierazi du.
Lau erronka horiek, adierazi duenaren arabera, konpromiso zabalak eta iraunkorrak eskatzen dituzte. “Inork ez dauka behar den guztia”, adierazi du, erakundeek ahaleginak batzeko duten gaitasuna aldarrikatuz.
Ahaldun nagusiak, amaitzeko, erantzukizun instituzionalaren eta desberdin pentsatzen dutenen artean akordioak lortzen jarraitzeko beharrizanaren alde egin du. “Gure lana zorroztasunez administratzea da, bai eta kontuak benetan ematea eta desberdin pentsatzen duenarekin adostea ere”, amaitu du.
Esteka honetan ikus-entzunezko materialak deskargatzeko daude