2026(e)ko maiatzakren 25(a) 13:17

Elixabete Etxanobek Energiaren Teknologien Huba inauguratu du Somorrostron talentua trebatzeko eta Ezkerraldea-Meatzaldeko industria indartzeko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak 1,5 milioi eurorekin finantzatutako eraikin adimendunak lanbide-heziketa aurreratua, ikerketa aplikatua eta trantsizio energetikoari lotutako industria-enpresekiko proiektuak hartuko ditu

Energiaren Teknologien Huba inauguratu du Somorrostron

Elixabete Etxanobe: "Somorrostroko Energiaren Teknologien Huba pieza estrategikoa da Bizkaiak trantsizio energetikoa gidatzeko eraikitzen ari den ekosisteman"

Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Energiaren Teknologien Hub berria inauguratu du gaur Muskizko Somorrostro Heziketa Zentroan. Azpiegitura adimenduna da, talentu espezializatua prestatzeko, ikerketa aplikatua bultzatzeko eta lanbide-heziketa industriaren benetako beharrekin lotzeko sortua. Bizkaiko Foru Aldundiak 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du Huba egiteko eta ikasleen eta enpresen zerbitzura egongo den prestakuntza-, erakusketa-, ikerketa- eta lankidetza-gune moduan egituratzen da. Hubaren helburua trantsizio energetikoari lotutako profil profesional berriak sortzea eta energia berriztagarrien balio-kateetan  Ezkerraldea-Meatzaldearen eta Bizkaia osoaren lehiakortasuna indartzen laguntzea da.

Bizkaiko Ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, “Somorrostroko Energiaren Teknologien Huba pieza estrategikoa da Bizkaiak trantsizio energetikoa gidatzeko eraikitzen ari den ekosisteman”. Nabarmendu duenez, “proiektu honek oso ondo islatzen du nola egiten dugun lan Bizkaian: Lanbide Heziketa, unibertsitatea, enpresa traktoreak, zentro teknologikoak eta erakundeak elkarlanean, prestakuntza eta ikerketa aplikatua ehun produktiboaren benetako erronkekin lotzeko”. Etxanobek gogorarazi du Ezkerraldea-Meatzaldea bokazio industrial sakoneko eskualdea dela, eta defendatu du “deskarbonizazioa eta lehiakortasuna ez direla kontrako kontzeptuak, etorkizunerako apustu bera baizik”. “Hub honekin, Bizkaia ez dago trantsizio energetikoa kanpotik noiz iritsiko zain; barrutik ari da eraikitzen. Eta hemen prestatuko dira hori posible egingo duten pertsonetako asko”, esan du.

Inaugurazio-ekitaldian Bizkaiko Ahaldun nagusiarekin batera, Jon Labaka, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea, Javier Laiseca, Somorrostro Heziketa Zentroko zuzendaria, Kerman López,  Bilboko Elizbarrutiko bikario nagusia eta Iñigo Diego, Ingeteam enpresako Pertsonen eta Talentuen zuzendaria egon dira.

Bestalde, Jon Labaka Euskadiko Lanbide Heziketako sailburuordeak azpimarratu duenez, “Somorrostro Zentroko Energiaren Teknologien Hub berri honek ezin hobeto irudikatzen du Eusko Jaurlaritzak LH Euskadirako bultzatzen duen oraingo eta etorkizuneko eredua, gizartearekin konektatutako prestakuntza, enpresen beharrekin lerrokatua eta herriaren erronka teknologiko, energetiko eta jasangarri handiei erantzuteko prestatua”. Era berean, ikastetxeen, erakundeen eta enpresen arteko lankidetza nabarmendu du, euskal LHren indargune nagusietako bat baita.

Beste alde batetik, Javier Laisecak azpimarratu duenez, "instalazio berri hauen inaugurazioa aukera handia da trantsizio energetikoari lotutako teknologietan trebatzea erabakitzen dutenentzat, bai eta berrikuntzak egitea edo negozio-nitxo berrien alde egitea erabakitzen duten enpresentzat ere. Horrek guztiak gure eskualdean eta Bizkaian enpresen lehiakortasuna hobetzen eta industriari lotutako enplegu-aukera berriak sortzen lagunduko du.”

Kerman Lopezek, bikario nagusiak, Somorrostro Heziketa Zentroaren fundatzailearen irudia goraipatzeko aprobetxatu du ekitaldia: "Marcelo Gangoiti jaunaren ondareak 5.0 zentro honetan egiten den lana zaintzera bultzatzen gaitu, pertsona bakoitzaren eta bizi den gizartearen duintasunaren zerbitzura egon dadin", esan du.

Iñigo Diegok, Ingeteameko Talentu eta Antolaketa Garapeneko zuzendariak, energiaren etorkizuna enpresa, prestakuntza eta teknologia konektatuz eraikitzen dela nabarmendu du. Azaldu du, halaber, uste sendo hori eta Somorrostrorekin eratzen ari dan harreman estua izan direla Ingeteamek “lankidetza hitzarmen bat sinatzera eraman dutenak, hasieratik epe ertain eta luzerako harreman estrategiko gisa ulertu genuena, eta hainbat proiektu elkarrekin abian jartzea ekarri duena”. Bere ustez, Hub-a izango da “teknologia, jasangarritasuna eta talentua benetako aukerak sortzeko konektatuko diren lekua”.

Ikasteko, probatzeko eta enpresekin elkarlanean aritzeko gunea

Energiaren Teknologien Hubak aukera ematen du energia berriztagarriei buruzko prestakuntza emateko; esparru honetan ikasleek eta enpresek praktikak egin, teknologiak testatu, kasu errealetan lan egin eta prestakuntza produkzio-sarearen erronka zehatzetara hurbildu ahal izango dute. Espazioak, halaber, energia eolikoari, eguzki-energia fotovoltaikoari, sare adimendunei, azpiestazio elektrikoei, energia-biltegiratzeari, mugikortasun elektrikoari, energia-eraginkortasunari, potentzia-elektronikari, adimen artifizialari eta datuen analisiari lotutako ekipamendu teknikoa du.

Gainera Huba prestakuntza-osagarri eta aplikatu moduan planteatzen da gertu dagoen Abanto-Zierbenako Parke Teknologikoan kokatzen den Energy Intelligence Centerri dagokionez. Horrela  Ezkerraldea-Meatzaldeko ekosistema energetikoa indartzen da eta prestakuntza, enpresa, berrikuntza eta eskualde-garapena lotzen laguntzen du.

Somorrostro Heziketa Zentroak Energia Berriztagarrietako Goi Mailako Gradua, Mantentze Elektronikoko Goi Mailako Gradua, Adimen Artifizialeko eta Big Datako Espezializazio Ikastaroa eta Mantentze Industrialeko Digitalizazioko Espezializazio Ikastaroa emango ditu. 2028-2029 ikasturtetik aurrera Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua ere emango da, Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan.

Proiektuak trantsizio energetikoari lotutako aukera profesionalak gazteei hurbiltzea, bokazio teknologikoak sortzea eta eskualdeko enpresei talentu espezializatu berria eskuratzen laguntzea du helburu. Era berean, prestakuntza-zentroen, enpresen, ezagutza-erakundeen eta instituzioen arteko erakusketa-ekintzak, sentsibilizazio-jarduerak eta lankidetza-proiektuak bultzatuko ditu.

Eraikin adimenduna eta energetikoki buruaskia

Azpiegitura berria 7.500 metro karratu inguruko lursail batean dago, Somorrostro Heziketa Zentrotik 100 metrora. Hubak 1.000 metro karratu inguruko azalera eraikia du elkarren ondoko bi eraikinetan. Horietako batek hiru solairu ditu eta prestakuntza-gela modulagarriak ditu. Bigarren blokeak solairu bakarra du eta  bertan tailer-laborategia du. Bi espazio hauek elkarri lotuta daude eta lotze-elementu horretan OTIS enpresaren igogailu didaktiko bat instalatu da, konpainiak bere teknikariak prestatzeko erabiliko duena. Hirugarren eraikin batek 80 metro karratu inguru ditu eta bertan bulegoak eta bilera-gelak daude.

Halaber, Hubaren eraikuntza-prozesuak berrikuntza- eta jasangarritasun-irizpideak jaso ditu, ura, zementua eta adreilua erabili beharrik izan ez duen eraikuntza-sistema industrializatu baten bidez. Bere garapenean hainbat enpresak parte hartu dute, hala nola Ingeteam, Viuda de Sainz, Enerblock, Siemens Gamesa, Otis, Petronor, Novha, Digipen Europako Teknologia Institutua, Tecnalia zentro teknologikoa eta Meatzaldeko Behargintza tokiko garapenerako agentzia.

Fatxada guztiek sentsorika dute, besteak beste hezetasunaren, tenperaturaren, eguzki-erradiazioaren edo haize-mailaren datuak jasotzeko. Informazio hori Somorrostro Heziketa Zentroan eraikitako superordenagailu batean aztertuko da gero, hainbat prozesu optimizatzera bideratutako iragarpenak egiteko gai dena.

Digitalizazio horri esker erabilitako eraikuntza-materialen eta -sistemen eraginkortasuna aztertu ahal izango da eta eraikineko sistema pasiboak energia-ekarpen handiagoa behar denean martxan jarriko diren beste sistema aktibo batzuekin konektatu ahal izango dira. Horrela eraikina jasangarria da, bai eraikuntzari dagokionez, bai mantentzeari eta eguneroko erabilerari dagokienez, eta ikaskuntzarako, esperimentaziorako eta enpresekiko lankidetzarako beste laborategi bat bezala funtzionatzen du.

Ezkerraldea-Meatzaldea proiektu estrategikoa

Energiaren Teknologien Huba Ezkerraldea-Meatzaldea Eskualdeko Plan Estrategikoaren parte da, eta bi erronka nagusirekin lerrokatzen da: aukera-sektoreak bultzatzea (hala nola energia, osasuna, logistika eta fabrikazioa) eta eskualdean kalitatezko enplegua sortzeko gaitasunak egokitzea.

Proiektua, halaber, eskualdeen garapenerako Bizkaia Orekan Sakonduz estrategian sartzen da. Estrategia honek Bizkaiko Foru Aldundiak garapen ekonomiko orekatuaren alde egiten duen apustua indartzen du, eskualde bakoitzaren gaitasun, behar eta aukeretara egokitua.


Bideoak


Audioak