2026(e)ko maiatzakren 05(a) 13:34

Elixabete Etxanobek dei egiten die Bizkaiko enpresei testuinguru geopolitiko ezegonkor honetan aurrea hartzeko eta nazioartearen aldeko apustua egiteko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Ahaldun nagusiak enpresei lagunduko die nazioartekotzeko bidean; horretarako, tresnak emango dizkie, kanpoalderako jauzia berme osoaz egin dezaten. Hain zuzen, gaur goizean, Barakaldoko BECen, Bizkaia Enpresa topaketaren 15. edizioa egin da, eta, hor, ON Bizkaia Enpresa sariak banatuko dira berrikuntzaren, nazioartekotzearen, trantsizio digitalaren, trantsizio berdearen eta ekintzailetzaren arloko sei ekimen azalarazteko

Bizkaia Enpresa

Elixabete Etxanobe: "Nazioartekotzea ez da aukera ekonomikoak izate hutsa. Beste alderdi batzuk ere sartzen dira. Estrategia. Aurrea hartzea. Mundua bere horretan irakurtzen jakitea, eta ez gure nahien arabera"

Bizkaiko Ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek dei egin die gaur lurraldeko enpresei aurrea har dezaten eta nazioartekotzearen aldeko apustua egin dezaten, horixe baita bidea merkatu gero eta zorrotzagoetan eta testuinguru geopolitiko konplexu eta ezegonkorrean lehiatu, hazi eta posizionatzeko. “Nazioartekotzea ez da aukera ekonomikoak izate hutsa. Beste alderdi batzuk ere sartzen dira. Estrategia. Aurrea hartzea. Mundua bere horretan irakurtzen jakitea, eta ez gure nahien arabera”, hori nabarmendu du Etxanobek Bizkaia Enpresa topaketaren 15. edizioan. Topaketa hori gaur goizean egin da Barakaldoko BECen, Beaz foru-sozietateak antolatuta.

Bizkaiko Ahaldun nagusiak adierazi du foru-aldundia konprometituta dagoela enpresei nazioartekotzeko bidean laguntzeko tresnak ematearekin, “kanpoalderako jauzia berme osoaz egin dezaten”. Esan duenez, laguntza-programa horiek nazioartekotzeari, berrikuntzari, inbertsioari, digitalizazioari edo deskarbonizazioari lotuta daude. “Gure ekosistema pentsatuta dago gero eta zorrotzagoa den mundu honetan lehiakorragoak izateko. Horixe da gure konpromisoa, eta gure erantzukizuna”, azpimarratu du.

Gauzak horrela, Bizkaia Enpresa 2026ko topaketan, zeina BECen egin baita «Bizkaitik mundura; aukera-agertoki berriak» lelopean, gai hauetan jarri da fokua: espantsio-merkatu berriak, arriskuei aurrea hartzeko beharra eta nazioarteko ingurune konplexu batean enpresei irekitzen zaizkien aukerak. Hain zuzen, jardunaldi horretan, «Bizkaitik mundura: Bizkaiko Lurralde Historikoko enpresak nazioartekotzeko agertoki berriak» izeneko txostena aurkeztu da. Lan horretan aztertu da nola ari den aldatzen nazioarteko testuingurua eta zer-nolako ondorioak dituen eraldaketa horrek nazioartekotu eta esportatu nahi duten Bizkaiko enpresentzat.

Ildo horretan, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok Bizkaiko enpresei esan die “surflari onak” izaten segitzen dutela, zailtasunez betetako testuinguru honetan ere, “erresilienteak” direlako eta beren jarrerari eusten diotelako “berrikuntzaren, bereiziak izatearen eta lehia-abantailak sendotzearen alde”. Halaber, adierazi du aldundiak ere segituko duela enpresei laguntzen “ikuspegi geoestrategikoa txertatzen beren nazioarteko plangintzan”.  Hau gaineratu du: “Garai ezegonkor eta zail hauetan, Bizkaiko enpresetakook segitzen duzue etorkizunaren alde jokatzen, eta erakundekook zuen ondoan egongo gara, zuei laguntzeko eta bidea errazten duten tresnak emateko”.

Basurkok adierazi du Basurkok adierazi du Bizkaiak urrats garrantzitsuak egin dituela eta aurrerapausoak ematen jarraitzen duela, eta, aldi berean, zehaztu du zer-nolako laguntzak dituen gaur egun Ekonomia Sustatzeko Sailak. Besteak beste, ekintzaileentzako eta enpresentzako laguntzen urteko plana, 63 milioi eurokoa, iaz baino % 22,6 handiagoa, helburua izan baita digitalizazioa, jasangarritasuna, talentua, I+G+B eta ekintzailetza sustatzea. Laguntza horiek, gainera, osatu egin dira. Izan ere, “fiskalitatea lehiakortasunaren bultzadarekin konprometitu da eta, horretarako, inbertsioaren azelerazioan jarri du fokua, I+G+Bren alde eta, bereziki, deskarbonizazioan aurrera egitearekin bat». Gainera, badira Ekialde Hurbileko krisiari aurre egiteko premiazko neurrietarako eta proiektu estrategikoetarako laguntzak ere.

ON Bizkaia Enpresa sariak

Horretaz gain, jardunaldian, ON Bizkaia Enpresa sariak ere banatu dira. Sari horien bidez, aitorpen berezi bat egiten zaie berrikuntzaren, nazioartekotzearen, trantsizio digitala eta berdearen eta ekintzailetzaren arloko ekimenei, haiekiko konpromisoa jendaurrean jarri nahi delako eta balioetsi nahi delako zeinen garrantzitsuak diren sare ekonomikoan.

Hala, “Sorkuntza Proiektu” ON sariaren irabazlea Revenant Industrial & Ports Machinery enpresa izan da. Enpresa emergente hori 2022an sortu zen Gordexolan, eta espezializatuta dago edukiontzietarako manipulatzaileen, tonaje handiko orgen eta energia alternatiboek bultzatutako barne-logistikako soluzioen birmanufakturan.

“Berrikuntza eta Hazkunde Proiektu” ON saria Gosanentzat izan da. Gosanek bultzatutako berrikuntza-proiektuaren ardatza Ortuellako plantan tenplaketa-prozesua barneratzea izan da, eta horretarako 4.0 makineria aurreratua sartzea ekarri du horrek.

“Nazioartekotze Proiektu” ON saria Auxema Stemmann Española konpainiak irabazi du. Mungiako konpainia bat da eta espezializatuta dago elikadura elektrikoko soluzioak diseinatu eta fabrikatzeko eta industria-ekipo mugikorretarako datuak transmititzeko lanetan.

“Trantsizio Digitaleko Proiektu” ON saria, bestalde, Transmisión La Magdalena sozietateari egokitu zaio. Enpresa hori 60 herrialdetan dago, eta liderra da nekazaritzako makineriarako cardan transmisio-ardatzen diseinuan, fabrikazioan eta merkaturatzean.

“Trantsizio Berdeko Proiektu” ON saria PQC – Power Quality Control enpresak jaso du. Enpresa horrek, Petronorren eta Tecnaliaren eskutik, H2 Integra proiektua jarri du abian, zeinaren oinarrian hidrogeno berdea erabiltzea baitago datu-zentroen energia-iturri gisa.

Azkenik, “Startup Ibilbide” ON saria Libere Hospitality konpainiarentzat izan da. Konpainia hori 2019an sortu da, eta hotel tradizionaletarako alternatibarik handiena jarri du abian Europan. Horretarako, hotelak eta opor-alokairua bateratzen dituen eredu operatibo berritzaile bat proposatu dute, bi zutabe hauek oinarritzat hartuta: bezeroaren esperientzia eta teknologia propioaren erabilera.

Nazioartekotze-esperientziak

Gainera, Bizkaia Enpresa topaketan solasaldi bat antolatu da, BEAZen zuzendari nagusi Olatz Goitia moderatzailea dela, aukera-merkatuetako nazioartekotze-esperientziak hizpide. Solasaldian, Vietnamen, Argentinan, Brasilen eta Indian merkatuak ireki dituzten hiru enpresak hartu dute parte (Auxema Stemmann Española, Cenker Robotics eta Wolco lantegiak).

Hain zuzen ere, horixe izan da Bizkaiko Foru Aldundiak topaketan aurkeztutako txostenaren bidez egindako analisiaren helburua. Txostenak planteatu du Bizkaiko enpresek ikuspegi geoestrategikoa txertatu behar dutela beren nazioarteko plangintzan. Horrek berekin dakar benetako egonkortasuna zein herrialdek eskaintzen duten ebaluatzea, hornitzaileak eta helmugak dibertsifikatzea, kanpo-arriskuak aurreikustea eta egokitzeko gaitasuna indartzea. Nazioartekotzea jada ez da aukera ekonomiko hutsa; ezinbestekoa da ingurune globala ulertzea eta adimenez kudeatzea.

Erradiografia horretatik abiatuta, txostenean adierazi bezala, beharrezkoa da merkatu estrategikoak sendotzea eta Bizkaiko industriarako aukera berriak esploratzea. Aukera-helmuga horien artean, herrialde hauek identifikatu ditu: Polonia eta Errumania, industria-hazkunderako Europako plataforma gisa; Turkia eta India, potentzial handiko merkatu emergente handi gisa; Brasil eta Argentina, Latinoamerika industrial estrategiko baten esparruan; Vietnam eta Indonesia, Asiako industria-zentro logistiko berri gisa, eta Senegal eta Hegoafrika, energiari, azpiegiturei eta industria-eraldaketari lotutako aukerak dituzten merkatuak diren aldetik.

Txostenean, azpimarratuta dago nazioartekotzea ez datzala soilik merkatuak ondo identifikatzean, bidelaguntzarako tresna egokiak eskura izatean ere bai. Ildo horretan, Bizkaiko sostengu-ekosistema nabarmendu du, zeinaren barruan Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat programa bultzatzen baititu industria-enpresa txiki eta ertainei eta zerbitzu aurreratuei nazioarteko merkatuetarako irispidea errazteko, kanpo-espantsiorako planak babesteko, helmugak dibertsifikatzeko eta ezarpen-proiektuak bideratzeko. Horri besteak beste gehitzen zaizkio Bizkaiext zerbitzua eta berrikuntza, inbertsioa, digitalizazioa eta deskarbonizazioa bultzatzeko beste lerro osagarri batzuk, enpresen lehiakortasuna indartzen dutenak.


Bideoak


Audioak