2024(e)ko otsailakren 19(a) 12:57

Elixabete Etxanobe legegintzaldiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren lehen bileraren buru

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Elkarrizketa Zibilerako Mahaian Bizkaiko hirugarren sektore soziala eta Foru Aldundia bildu dira, lurraldeko gizarte-politikaren diseinuari lotuta behar diren diagnostikoak eta jarduketa-proposamenak partekatzeko eta elkarlanean aritzeko. Bizkaiko Ahaldun Nagusia mahaiburua izanik, 2024. urtean jarduteko ildo nagusiak ezarri dira.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusia izan da legealdiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren lehen osoko bilkurako buru astelehen honetan. Bilera Foru Jauregiko harrera-aretoan egin da, eta bertan izan dira: Gizarte Ekintzako Foru Saila eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Saila; Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea; Gaikuntza; eta Bizkaiko lurralde historikoan dauden hirugarren sektore sozialeko sareak eta erakundeak: Lares Euskadi, Nagusiak, Fevas, Edeka, Euskal Gorrak, EAPN Euskadi, REAS, Gizardatz, Gizatea, Harresiak Apurtuz, Lantegi Batuak, Once, Fekoor eta Avifes.

Bizkaiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia tresna egonkorra eta operatiboa da, eta noranzko bikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren eta lurraldeko hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareen artean. Beraz, administrazioaren kontsulta-organo bat baino gehiago da: esperientzia berritzaile eta garrantzitsua, eta gizarte zibilarekiko elkarrizketa irekirako eta lankidetzarako bidea.

Elkarlanerako gune honek gobernu-eredu parte-hartzailea eta irekia du oinarri, gardentasunetik harago, partekatutako gobernantzarantz doana, erantzun bateratuak emateko. Are gehiago, lankidetza publiko-pribatuaren adierazgarririk argiena da Bizkaiko gizarte-kohesioaren eraikuntzan, bertan, esku-hartze sozialaren hartzaileak, norbanakoak zein familiak, beraien beharrei erantzungo dien gizarte inklusibo eta solidarioa lortzeko estrategien eta erantzunen bilaketan inplikatzen baitira. Azken helburua da foro honek ekimenak sustatzea, ondoren erakunde eta sare parte-hartzaileek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzan bultza ditzaketenak.

Astelehen honetako osoko bilkuran, diputatu nagusia buru izan delarik, ezarritako hiru lantaldeek 2023an egindako jardueraren berri eman da, eta 2024an jarduteko ildo nagusiak ezarri dira..