2026(e)ko ekainakren 09(a) 12:57

Elixabete Etxanobe: “Hau da Bizkaiko mugikortasun iraunkorraren legealdia”

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila

Ahaldun nagusiak eta Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak, Sonia Pérezek, Garraio Publikoa Bultzatzeko Planean jasotako sei egiturazko neurrien azken hedapena aurkeztu dute

2027an amaituko den bide orri estrategiko honek Bizkaian mugitzeko modu berri baten oinarriak ezartzen ditu: integratuagoa, irisgarriagoa eta lurraldea kohesionatzeko pentsatua

Garraio Publikoa Bultzatzeko Plana

“Hau da Bizkaiko mugikortasun iraunkorraren legealdia”. Horrela azaldu du Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Bizkaian Garraio Publikoa Bultzatzeko Planean jasotako neurriak ezartzeko kronogramaren aurkezpenean. Plana 2023ko azaroan aurkeztu zen eta neurri hauen bidez, une honetan, foru-erakundeak kalitatezko zerbitzuak eta lurraldearen ikuspegi estrukturala dituen garraio publikoaren erabilera sustatzeko ibilbide-orri estrategiko baten azken hedapenari ekiten dio, kalkuluen arabera aurreikusitako neurri guztiak ezarrita 2027an osotuko dena. Azken batean, Bizkaiko garraio publikoaren eraldaketaren legealdia izaten ari da; sistema integratuago, irisgarriago eta lurraldea egituratzeko eta eskualdeen arteko aukera berdintasuna zabaltzeko gaitasun handiagoko baten oinarriak ezartzen ari diren aldia.

Etxanobekin batera Sonia Pérez, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatua izan da Ansioko zabalgunean (Barakaldo) egin den ekitaldian. Enklabe honek argi eta garbi Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen mugikortasun-politika inspiratzen duen printzipioetako bat sinbolizatzen du: garraio-modu desberdinak integratzeko gai den sistema publikoa multzo osoaren koordinazioa hobetzeko eta herritarrei mugikortasun arinagoa, irisgarriagoa eta efizienteagoa ahalbidetzeko. Izan ere espazio horretan bat egiten dute Metro Bilbaok, BizkaiBizik, Bizkaibusek, BarakaldoBusek eta BECeko disuasio-aparkalekuak.

Planteamendu hau bat dator, gainera, 2023-2027 Agintaldi Planarekin. Plan honen oinarri-printzipioetako bat lurralde osoa egituratuko duen mugikortasun jasangarriko sistema eraginkorra izango duen Bizkaiarantz aurrera egitea da, garraio publikoa banaketa modal eraginkorrago eta interkonektatuago baten ardatz gisa hartuta eta azken etaparako lehentasunezko modutzat oinez eta bizikletaz mugitzea hartuta. Esparru estrategiko honek berak mugikortasuna eskualdeen arteko aukera-berdintasunarekin eta lurralde-orekarekin lotzen du, pertsona guztiek, bizi diren tokian bizi direla, antzeko zerbitzuak eskuratzeko aukera izan dezaten. "Hori da gure helburua", azpimarratu du Etxanobek.

Bere esku-hartzean, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak 2.700 milioi euro dituela konprometituta, herritarrentzat ahalik eta garraio publikoko sistemarik onena lortzen aurrera egiteko. “Aurrekaririk bako inbertsio-ahalegina da, eta horri esker esan genezake hau dela Bizkaiko mugikortasun iraunkorraren legealdia. Ez da eslogan bat: inbertsioek, martxan dauden obrek, lortutako akordioek eta sistemaren erabileraren datuek babesten dute”, adierazi du. 2025ean, Bizkaian 215 milioi bidaia egin ziren, Metro Bilbaok urtean 100 milioi joan-etorri sendotu ditu, eta Bizkaibus %8,7 hazi zen aurreko urtearekin alderatuz gero. “Gure helburua argia da: udalerrien eta eskualdeen artean mugitzea gero eta errazagoa izatea; garraiobidea aldatzeak zigorrik ez ekartzea; urrunago bizitzeak gehiago ordaindu behar izatea ez ekartzea; eta pertsona bakoitzak, askatasunez, nola mugitu nahi duen aukeratu ahal izatea”, amaitu du.

Era berean, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatua Sonia Pérezek mezu hori indartu du, eta adierazi du Aldundiaren helburua mugikortasun-sistema modernoago, eraginkorrago eta integratuago baterantz aurrera egitea dela; izan ere, “garraio publikoa erakunde publiko batek garatu dezakeen berdintasun-politikarik handienetako bat da”, baldintzatzen duelako “enplegurako, hezkuntzarako, osasunerako, aisialdirako eta, azken batean, aukeretarako sarbidea”. Ildo horretan, azpimarratu du Bizkaiak dagoeneko baduela garraio-moduen sare zabala (metroa, trena, tranbia, hiri-autobusak eta Bizkaibus, lurraldea egituratzen duen operadore handi gisa), eta “orain erronka da horiek guztiak integratzea, sistema koordinatu bakar gisa funtziona dezaten, Europako eskualde handiak aurrera eramaten ari diren ereduaren ildotik”. Horregatik, gaineratu du, “garrantzitsua da intermodalitate-nodo estrategikoak bultzatzea, hala nola Ansio; izan ere, Bizkaibusen intermodalitatearen ardatz nagusietako bat izatera deituta dago, baita Bizkaiko mugikortasun-eredu berriaren proiektu pilotuetako bat izatera ere”.

Neurriak ezartzea

Etxanobek eta Pérezek 2023ko azaroan ezagutzera emandako Planak foru erakundeak lurraldean garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta sare bakar eta integratu baterantz aurrera egiteko proposatutako sei egiturazko neurriak jasotzen zituen.

  1. Bizkaibus Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (CTB) aldi baterako tituluetan sartzea: GAUZATUTA DAGOEN NEURRIA.  Bizkaibusen erabiltzaileek Metro Bilbaon bidaiatzen dutenen aldi baterako titulu berberak eskuratu ahal dituzte eta, beraz, dagoeneko erabilera intentsiboagoetarako aurreikusitako deskontuen onuradun dira. Neurri honekin Bizkaibus sisteman sartutako gainerako operadoreekin parekatuta geratzen da mota horretako tituluei dagokienez.

  1. Zonakatze berria: Bizkaia 5 eremutik 3 eremura pasatzen da: GARATZEN ARI DEN NEURRIA. Zonakatze berriari esker egungo tarifa-sistema sinplifikatu ahal izango da, errazago ulertzeko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko. Neurria 2027ko urtarrilaren 31n hasiko da ezartzen eta  orain arte bost eremu izan direnak hirura ekarriko dira. Horretarako  egungo 5. eremua 4. eremuan sartuko da, eta 3. eremua 2. eremuan, eta, kasu bakoitzean eremu xurgatzailearen tarifa aplikatuko da. Berrantolaketa horrek Bizkaiko garraio publikoaren sisteman integratutako operadoreei eragingo die (Metro Bilbao, Euskotren, Bizkaibus eta Renfe aldiriak).

  1. Operadoreen arteko transbordoen kostua ezabatzea: GARATZEN ARI DEN NEURRIA. Operadoreen arteko transbordoen kostua kentzearen helburua intermodalitatea sustatzea eta sistemaren egungo zatiketak erabiltzaileak ekonomikoki zigortzea saihestea da, garraio-modua aldatzeak kostu erantsirik eragin ez dezan. Neurria  ezartzeko Metro Bilbaoren eta Euskotrenen artean 3. linean  gaur egun dagoen eredua hartuko da erreferentziatzat, eta neurriaren aplikazioa Metro Bilbaora, Euskotrenera, Bizkaibusera, Bilbobusera, Renfe aldirietara eta udal-garraio publikoetara hedatuko da pixkanaka. Lehenengo fasea, banaketa eta kudeaketa eredua baliozkotzeko aukera emango duena, 2026ko urriaren 1ean hasiko da Txorierriko tartean egingo den Metro Bilbaoren eta Euskotrenen arteko proba pilotu batekin. Ondoren, 2027an zehar, trenbide-sistema osora, tranbia-sistemara eta errepide-sistemara hedatuko da neurria. Aurreko urrats gisa Bizkaibusen barneko transbordoak ezabatu dira, balidazio-softwarea kasuistika hori txertatzeko egokitu ondoren.
  2. Tarifak bateratzea: GARATZEN ARI DEN NEURRIA. Xedea garraio publikoko operadoreen arteko esparru komun baterantz pixkanaka aurrera egitea da, aldi berean sistema berriaren diseinua gidatu beharko duten irizpideak partekatuz.  Eredu hau hainbat printzipiotan oinarrituko da: erabileraren ohikotasuna, gero eta deskontu-tarte handiagoekin; erabiltzailearen errenta kontuan hartzea; sistemarekiko aldez aurreko konpromisoa; babestutako kolektiboei arreta indartua ematea; eta teknologikoki bateratua eta segurua den sistema baterantz eboluzionatzea, edozein garraiobide publikotarako sarbide unibertsala eta berdintasun-baldintzetan bermatuko duena. Neurriaren konplexutasun teknikoa dela eta, hedapena bi fasetan egingo da: lehenengoan errentaren irizpidea egungo tarifa-sisteman txertatzera bideratuta egongo da, eta bigarrenean, erabileraren maiztasunari lotutako deskontu progresiboen eredu bat ezartzera. Errentari, erabilerarako ohikotasunari eta deskontu progresiboen sistemari buruzko behin betiko funtzionalak 2027ko otsailaren 28a baino lehen adostu beharko dira, gero erabat aplikatzeko.

5. Bizkaibusen maiztasunak aztertu eta hobetzea eta bikoiztasunak aztertzea: GAUZATUTA DAGOEN NEURRIA.  Bizkaibusen emakida berrien aurreproiektuak bultzatu dira, eta aurrera egin da alde guztietan, hiriguneetan zein hiri-arteetan, jarduten duten modu eta tituluen azterketan. Lan honi esker  bikoiztasun posibleak identifikatu eta garraio publikoaren eskaintza berrantolatzeko eta optimizatzeko oinarriak ezarri ahal izan dira, Bizkaiko Batzar Nagusietan onartutako 2018-2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoarekin bat etorriz.

6. Gobernantza-eredu berria: Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza: GARATZEN ARI DEN NEURRIA. Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza izango denaren sorrerak borondate politiko argi bati, zehaztutako ibilbide-orri bati eta dagoeneko martxan dagoen prozesu bati  erantzuten dio, eta irismen honetako erabaki batek eskatzen duen zorroztasun juridiko, tekniko eta administratiboarekin osatu beharko da. Agintaritza honen zentzua eta orientazioa, hala ere, erabat definituta daude gaur egun: Bizkaiko garraio publikoaren sistema eraenduko duen organoa izatea, garraioaren plangintzan, mugikortasun-politikan, integrazio modalean, operadoreen arteko koordinazioan, estandar teknologikoen definizioan eta finantzaketa publikoaren koordinazioan funtzio estrategikoak dituena. Gainera, aurreikusitako eredua kohesio-asmo argiarekin sortzen da, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta lurraldeko udal guztiak gobernantza-egitura komun batean sartzen dituelako, Bizkaiko mugikortasunaren ikuspegi integratuagoa, orekatuagoa eta partekatuagoa sendotuz

Foru Aldundiak garraio publikoarekiko duen konpromiso argia

2023an legegintzaldia hasi zenetik Bizkaiko Foru Aldundiak garrantzi handiko erabakiak hartu ditu eta agerian utzi du konpromiso argia eta jasangarria duela garraio publikoarekin, mugikortasunaren eta lurralde-kohesioaren ardatz gisa.

Horrela islatzen du, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak metroaren 5. linea bultzatu izanak, Eusko Jaurlaritzarekin batera % 50ean finantzatzen duena eta metroa Basauritik Usansoloko ospitalera eramango duena, Galdakaotik igarota eta Euskotrenen bidez Arratia, Busturialdea eta Durangaldearekiko lotura indartuz. Ildo beretik doa 4. linean egin den behin betiko aurrerapena; kasu honetan  finantzaketa- eta eraikuntza-hitzarmena dagoeneko onartu da eta gaitasun handiko lotura berria finkatuko du Bilbo hegoaldeko auzoen eta Enkarterri artean, Foru Aldundiak inbertsioaren % 45ekoa ezarriz.

Horri Metro Bilbaoren berrikuntza estrategikoa gehitu behar zaio, 37 tren-unitate ordezteko, seinaleak modernizatzeko eta aginte-postua eguneratzeko prozedurari hasiera emanez, hurrengo hamarkadetarako Metroaren ahalmena, segurtasuna eta fidagarritasuna indartzeko.

Apustu honen barruan dago, halaber, BizkaiBizi 2.0ren bitartez  BizkaiBizi lurralde-dimentsio berri batera hedatzea. Aldundiak programa hau onartu zuen eta helburua 2027an 113 udalerrira iristea da, lurralde-berdintasuna bermatzera bideratuta dagoen garraio publikoarekin integratutako udalaz gaindiko eredu batekin.

Eta, oraintsuago, konpromiso hori bera proiektatu da Abandotik abiadura handiko trena  Bilbora iristeari buruz, Bizkaiko Foru Aldundia proiektuaren jarraipen-batzordean sartzearekin eta Elixabete Etxanobek jada azaldutako jarrerarekin, hau da, erakundeak izaera eraldatzailea duen eta lurraldearentzako gune estrategiko baten mugikortasuna, intermodalitatea eta hiri-eraldaketa indartzeko izango den jarduketa finantzatzen lagunduko duela.

Azken batean, “garraio publikoa sustatzeak benetako alternatibak eskaintzea esan nahi du, pertsona bakoitzak joan-etorri bakoitzean bere beharretara ondoen egokitzen den aukera hautatu ahal izateko. Garraio publikoa aukeratzen dutenentzat ahalik eta sistemarik onena; auto pribatuaren alde egiten dutenentzat errepide seguru eta erosoak; eta bizikleta hautatzen dutenentzat ondo konektatutako bidegorriak. Eta, gainera, joan-etorri guztietan aukera horiek guztiak elkarren artean konbinatzeko moduak”, amaitu du.

 


Bideoak


Audioak