Berriak
2026(e)ko maiatzakren 22(a) 13:48
3R Enpresa programak dagoeneko 2.300 laneratze lortu ditu Bizkairako funtsezkoak diren sektore ekonomikoetan
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila
Foru programa hau laneratzeko pasabide bat da, langabeziaren kronifikazioa saihesten duena eta enpresei behar duten talentua aurkitzeko aukera ematen diena. Aurtengo 3R Programaren edizioa Lanbide, Aclima, Build:Inn, Basque Food Cluster, FVEM eta Euskal Herriko Itsas Foroaren lankidetzarekin garatzen da. Laespada diputatuak eta Torres lehendakariordeak programaren edizio berria eta ibilbidearen lehen bost urteei buruzko azterlana aurkeztu dituzte gaur.
Alberto Marín, Jon Ander Egaña, Mikel Torres, Teresa Laespada, Asier Ochoa, Begoña San Miguel eta Aitor Uriarte.
Teresa Laespada: "Ezin dugu onartu Bizkaiko talentua jarduerarik azagatik herdoiltzea"
Bizkaiko Foru Aldundiaren 3R Enpresa Programak gutxienez 2.293 laneratze lortu ditu 2020an abian jarri zenetik, birrorientazio-, birkualifikazio- eta birkokatze-prozesuen bidez Bizkairako funtsezkoak diren sektore ekonomikoetan enplegurako igarobide izateko.
3R Enpresa programa hau Lanbiderekin lankidetzan garatzen da, eta Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioarekin –FVEM–, Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkartearekin –ACLIMA–, Euskadiko Eraikuntzaren Kluster Elkartearekin –BUILD:INN–, Euskadiko Elikaduraren Kluster Elkartearekin –BASQUE FOOD CLUSTER– eta Euskal Herriko Itsas Foroarekin –FMV–. Aurreko edizio batzuetan GAIA, Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Elkarteak ere parte hartu du.
3R Enpresa Programaren aurtengo edizioak 644.000 eurotik gorako aurrekontu-zuzkidura du. Interesdunek Bizkaiko Enpleguaren Atarian (portaldeempleodebizkaia.eus) edo aipatutako erakunde laguntzaileetan informa daitezke eta aurrez izena eman dezakete. Izen-ematea irekita dago era iraunkorrean.
Gaur goizean lan-gosaria egin da FVEM, ACLIMA, BUILD:INN, BASQUE FOOD CLUSTER eta FMV erakundeetako ordezkariekin eta ekitaldian Teresa Laespadak, Bizkaiko ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, eta Mikel Torresek, lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, hartu dute hitza.
Laespada diputatuak ziurtatu du 3R Enpresa "Bizkaiko enplegu-politiken DNAren parte" dela. "Frogatu dugu instituzioek pertsonak erdigunean jartzen dituzten politika publikoetatik datozen neurriak hartzen ditugunean, emaitzak apartak direla", gaineratu du.
Halaber, gogorarazi du programa hau "arreta goiztiarreko programa bat bezala sortu zela, sektoreen arteko pasabide bat pertsonak krisian dauden industrietatik eskuak eta talentua behar dituzten sektoreetara igarotzeko".
"Pertsona batek lan-jarduerarik gabe sei edo bederatzi hilabeteko muga gainditzen badu azterketa teknikoek ohartarazten digute bere egoera kroniko bihurtzeko eta gizarte-bazterketa bihurtzeko arriskua esponentzialki biderkatzen dela. Puntu horretan jokoaren jabetza galtzen du, bere etorkizunaren kontrola galtzen du. Eta ezin genuen onartu Bizkaiaren talentua gelditasunean herdoiltzea", azpimarratu du.
Beste alde batetik Torres lehendakariordeak nabarmendu duenez, "enplegua sortzea garrantzitsua da, baina gure helburuaren eta ahaleginaren ezaugarri nagusia kalitatezko enplegua sortzea, laneratzea bideratzea eta gure enpresei behar duten talentua aurkitzen laguntzea da".
Ildo horretatik gogorarazi zuen "Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen gehieneko historikoetan gaudela, eta 17 urtetan langabeziaren bigarren kopururik txikiena dugula”. Hala ere, "aurrera egiten jarraitzeko" deia egin zuen, "konformatu gabe", eta "erakundeak, enpresak eta klusterrak Euskadin lehiakortasuna bultzatzeko eta kalitatezko enplegua bermatzeko lerroak ixtera" animatu zituen.
AZTERLANA
Lan-gosarian 2020tik 2024ra 3R Enpresa Programa honek izan duen bilakaerari buruzko azterlana aurkeztu da. Bertan adierazten denez bost urte hauetan 5.856 pertsonak hartu dute parte eta guztira 2.293 laneratze (sei hilabetetik gorakoak) lortu ditu, hau da, % 39ko laneratze-indizea.
Era berean, 5.856 parte-hartzaile horietatik 4.192k gutxienez elkarrizketa bat egin dute, 3.743k orientazioa jaso dute, 578k prestakuntza jaso dute eta 3.379k bitartekaritza zuzenen bat izan dute.
Enpresek 10etik 8,3ko puntuazioarekin baloratu dute 3R Enpresa Programa hau.