2026(e)ko urriaren 27(a) 11:33

Atzerritartasun Zuzenbidearen II. Kongresuak Konstituzio Auzitegiko, Auzitegi Goreneko eta EAEANeko ordezkarien partaidetza izango du

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Hizpide dugun II. Kongresua Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gobernuak Bizkaian duen Ordezkariordetzak eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoak antolatu dute. Topaketaren ardatza hauxe izango da: enpleguak, eta, bereziki, apirileko ezohiko erregularizazio prozesuak betetzen duten gizarteratze-eginkizuna. Izen-ematea doakoa izango da lekuak bete arte.

.

Hauek hartuko dute parte azaroaren 26an eta 27an Bilbon egingo den Atzerritartasun Zuzenbidearen II. Kongresuan: Konstituzio Auzitegiko, Auzitegi Goreneko, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko, Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, sindikatuetako, Confebaskeko, Gobernuak Bizkaian duen Ordezkariordetzako, Caritaseko eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoko ordezkariek.

Topaketa Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan (Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian, Bilbo) egingo da, eta izen-ematea doakoa izango da lekuak bete arte. Informazio gehiago eskuratzeko, 94 435 62 07 telefono-zenbakia eta epj@icabizkaia.com helbide elektronikoa erabil daitezke.

Kongresuaren bigarren edizioaren antolatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, Gobernuak Bizkaian duen Ordezkariordetza eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoa dira.

Atzerritartasun Zuzenbidearen II. Kongresuak gaur egungo migrazio-erronken analisi juridiko, sozial eta instituzionalerako eztabaida eta gogoetarekin jarraituko du.

Topaketa horretan esparru juridikoko profesionalek, erakundeetako ordezkariek, administrazio publikoetako teknikariek, magistraturek, akademikoek eta gizarte-erakundeek parte hartzea aurreikusten da, Atzerritartasun Zuzenbidearen aplikazioari eta horrek gizarte-kohesioan duen eraginari buruz modu zorrotz eta praktikoan hausnartze aldera.

Lehenengo edizioak agerian utzi zuen migrazio-fenomenoak araudia gainditzen duela eta Bizkaiak eraiki nahi duen gizarte-ereduaren erdigunean kokatzen dela: gizarte irekia, anitza, kohesionatua eta giza eskubideekin konprometitua. Esparru horretan, helburua da esperientziak trukatzeko, indarrean dagoen araudiaren azterketa kritikoa egiteko eta giza mugikortasunaren egungo eta etorkizuneko erronkei buruzko eztabaida egiteko topagunea izatea.

Atzerritartasun Zuzenbidearen II. Kongresuak lan-ildo horietan sakonduko du, eta arreta berezia eskainiko dio enpleguak betetzen duen gizarteratze-zereginari. Zehazki, Espainiako Gobernuak apirilaren 14an onetsitako ezohiko erregularizazio-prozesuan, administrazio-kudeaketaren erronketan eta migratzaileak politika publikoen erdigunean kokatzeko beharran jarriko du arreta. Hori guztia ikuspegi juridikotik, baina baita ikuspegi sozial eta etikotik ere; izan ere, jakin badakigu immigrazioa egiturazko fenomenoa eta ezinbesteko errealitatea dela Bizkaiko garapen demografiko, ekonomiko eta sozialerako.

Programak hitzaldi espezializatuak, mahai-inguruak eta eztabaida-guneak izango ditu. Programan sartzen diren agintarien artean hauek daude: Elma Sáiz, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioko ministroa; Mikel Torres, lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua; Teresa Laespada, diputatu nagusiorde eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru-diputatua; Iñaki Subijana, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea; Maite Morillo, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoa, eta Carlos García Buendía, Gobernuak Bizkaian duen ordezkariordea.

Hauek ere hartuko dute parte, besteak beste: Inmaculada Montalbánek, Konstituzio Auzitegiko lehendakariordeak; Santiago Yergak, Espainiako Gobernuko Migrazio Kudeaketako zuzendari nagusiak; Pablo Lucasek, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako magistratu eta presidenteak; Noemí Alarcónek, Europako Abokatuen Kontseiluko lehendakariordeak; Tximi Lópezek, UGT Euskadiko idazkari nagusiak; Santiago Martínezek, CCOO Euskadiko idazkari nagusiak, eta Tamara Yagüek, Confebaskeko presidenteak.

 📢 Atzerritartasun Zuzenbidearen II. Kongresua

️ 🗓️ Azaroak 26 eta 27

️ 🏛️ Bizkaiko Abokatuen Elkargoa (Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian, Bilbo)

🫱🏻‍🫲🏼‍Antolatzaileak: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gobernuak Bizkaian duen Ordezkariordetza eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoa

️ 🗒️ Programa: https://www.bizkaia.eus/es/tema-detalle/-/edukia/dt/13063

 📝 Informazioa eta izen-ematea: 94 435 62 07 / epj@icabizkaia.com

️ 🪑🖥️Aurrez aurre eta online.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp