2020(e)ko ekainakren 03(a) 17:16

Ekainaren 8an amaituko da berrikuntza sustatzeko 2i programan eta enpresak nazioartekotzekoan eskabideak aurkezteko epea

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bi programek zabalik dituzte deialdiak astelehenera arte eta Covid-19ak sortutako testuinguru berrira egokitu behar izan duten enpresentzako dirulaguntzak eskaintzen dituzte

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak zabalik ditu datorren astelehenera arte (ekainak 8) enpresak nazioartekotzeko programa eta berrikuntza eta inbertsio aurreratua sustatzeko 2i programa. Epea 13:30ean amaituko da.

Ekonomia Sustatzeko Saila enpresa eta pertsona ekintzaileak animatzen ari da baliatu ditzaten Covid-19ak sortutako testuinguru berrira egokitzeko dirulaguntzen dekretu horiek eskaintzen dizkien aukerak.

Berrikuntza eta inbertsio aurreratua sustatzeko 2i programa (2020)

Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 5,2 milioi euro bideratuko ditu ekitaldi honetan, berrikuntza eta inbertsio aurreratua sustatzeko 2i programaren bidez berritzeari ekiten dioten enpresei laguntzeko.

Programa 5 eta 100 langile bitarteko plantilla duten enpresentzat da. Dekretuan ezartzen da proiektuko 100.000 euroko dirulaguntza emango dela gehienez, eta 6.000 euro gutxienez. Konpainiaren edozein arlotan egiten diren berrikuntza teknologikoko eta ez-teknologikoko proiektuen bidez, enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten diren jarduketetarako dira dirulaguntzak.

Adibidez, enpresa hauek jaso ditzakete Covid-19a dela-eta deitutako laguntzak:

  • Pandemiari aurre egiteko babes- edo osasun-produktuak ekoizteko beren jardueraren parte bat aldatu duten enpresak.
  • Enpresarako estrategikoak izan eta deslokalizatuta zeuden ekoizpenak berreskuratzeko proiektuak.
  • Enpresak ekonomia zirkularrera egokitzea: ingurumenarekiko iraunkorrak izatea, berrerabilera eta birziklapena hobetzea eta produktuen balio-bizitza luzatzea.
  • Barne-prozesuak berrantolatzea, langileen segurtasuna, malgutasuna eta telelanerako aukera handitzeko.
  • Digitalizazioaren aukerak aprobetxatzea prozesuak hobetzeko.
  • Enpresen horniduren eta honitzaileen kateak berrantolatzea.

Enpresa txikiak eta ertainak nazioartekotzeko programa (2020)

Nazioartekotzeko programak 2,5 milioi euroko aurrekontua du ekitaldi honetarako, eta haren helburua da laguntza irmoa ematea kanpoko merkatura zabaldu nahi duten enpresei. Bizkaian 3 eta 100 langile bitarteko plantilla duten enpresentzat da.

Adibidez, proiektu hauek sar daitezke Covid-19a dela-eta eginiko dekretuan:

  • Pandemiari aurre egiteko ekoizten ari diren produktu berriak nazioartekotzea.
  • Produktuak nazioartean birkokatzea covidaren osteko egoerarako.
  • Herrialde jakin bati bideratutako on line kanal bat egitea komertzialen presentzia eta bidaiak gutxitzeko.

Banakako aholkularitza

Ekonomia Sustatzeko Sailak aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen die berritu eta lehiakortasunerako jauzia egin nahi duten enpresa eta pertsona berritzaile guztiei. Sailaren eta Beazen bulegoetan ematen den zerbitzuaz gainera, www.123innovacion.eus web-orrian laguntzen eta dirulaguntzen dekretuei buruzko informazioa eskatu ahal da, eta kontsultak egin daitezke.