12 DE azaroa DE 2026 12:40

Azaroaren 24an, La Encartada Modak Euskal Museora eramango du La Encartada Fabrika-Museoaren unibertsoa

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Azaroaren 24an, La Encartada Modak bere sorkuntza-unibertsoaren zati bat eramango du Euskal Museora (Bilbo), eta, horretarako, jendaurreko proposamen irekia egingo du, nazioarteko performanceak, zuzeneko moda-argazkiak eta La Encartada Fabrika-Museoaren industria-ondarean oinarrituko den murgiltze-esperientzia uztartuz

Azaroaren 24ko ekimenaren irudia.

La Encartada Fabrika-Museoak bere industria-unibertso berezia eramango du arratsalde batez Euskal Museoaren klaustroaren bihotzera. 2026ko azaroaren 24an, La Encartada Modak Bilbon eskainiko du La Encartada Fabrika-Museoa 2027an berriz ere modaren eta sorkuntza garaikidearen erreferente bihurtuko duen esperientziaren aurrerapena. Ondare industriala, performancea, argazkigintza eta diseinua uztartuko dira ekimenaren hamabigarren edizioaren atariko gisa sortutako proposamen murgiltzaile honetan; ekitaldi nagusia 2027ko ekainaren 12an egingo da, Balmasedako fabrika historikoan.

2026ko azaroaren 24an, asteartea, Euskal Museoak “La Encartada Moda: elkarri begira” esperientzia hartuko du. Murgiltze-esperientzia horrek industria-ondare, moda, performance eta sorkuntza garaikidea bateratuko ditu, publikoari Europan ondoen kontserbatutako XIX. mendeko ehungintza-fabriketako batek, La Encartada Fabrika-Museoak, duen ondare eta nortasuna hurreratu nahian.

Izan ere, ekimena sortzeko arrazoietako bat izan zen ehun urtetik gorako fabrika horren ondarea Balmasedaz haraindi proiektatzea eta industria-ondarea egungo sorkuntzarako inspirazio-iturri gisa aldarrikatzea. Gerturatzen diren pertsonek espazioa libreki zeharkatu ahal izango dute bi orduz, 18:30etik 20:30era, eta proposamen artistiko batean murgildu; bertan, ikusleen eta sortzaileen, historiaren eta garaikidetasunaren zein industriaren eta modaren arteko mugak lausotuko dira.

Ekitaldia, gainera, La Encartada Modaren hurrengo edizioaren atarikoa izango da; izan ere, 2027an hamabigarren edizioa egingo da ohiko kokalekuan, La Encartada Fabrika-Museoan, ekainaren 12an.

Euskal Museoaren klaustroa zeharo aldatu eta fabrikaren atmosfera ekarriko du gogora, ehungintzan oinarritutako irudi, soinu eta elementu eszenografikoen bidez.

Jardunaldiaren ardatz nagusietako bat moda-argitaletxe handi bat zuzenean birsortzea izango da. Publikoak, desfile tradizionaletik harago, sorkuntza-prozesuan parte hartu ahal izango du, hain zuzen eskuarki aldizkari eta argitalpen espezializatuen orrialdeen atzean ezkutatuta egon ohi den prozesuan. Bizkaiko diseinuko eta firmetako hamabost profesionalek bi look oso aurkeztuko dituzte, eta horiek denbora errealean estilizatu eta fotografiatuko dira, La Encartada Fabrika-Museoaren ekoizpen-espazioetan inspiratutako agertoki batean. Modeloek, estilistek, argazkilariek eta arte-zuzendariek zuzenean osatuko dituzte irudiak, eta publikoari aukera emango diote bertatik bertara ezagutzeko nola garatzen den modako argitalpen-ekoizpen bat.

Ekintzak hainbat belaunaldi eta ibilbidetako sortzaileak bilduko ditu: entzutetsuak, talentu berriak eta Bilboko Kunsthal IEDeko (Istituto Europeo di Design) graduatu berriak . Partaideak honakoak izango dira, besteak beste: Gabriel Asian, Gaizka Albizu, Lyzard.wear, Lewin Lerbours, Aiza Couture, Wen Hauser, Jaione Anzola, Marot Bilbao, MAL Studio, Waves Style, H05, Andoni Beitia, Elizaveta Filippova, Miriam Ocariz eta Mal de Ojo; eta horiek guztiek lagunduko dute La Encartada Modak beti izan duen espiritua agerian jartzen, ekimen hau tokian tokiko sorkuntzarako topagunea eta ikuspen- eta sustapen-gunea izan baita beti. Alberto Sinpatron arduratuko da ekimenaren zuzendaritza artistikoaz, Lewin Lerbours eta Yaiza Txakartegi lagun dituela.

Proposamen nabarmenen artean, Miss Beigeren parte-hartzea dago, Ana Esmith-en alter ego artistiko ezaguna. Performance garaikidearen ahots berezienetako bat izaki, haren presentziak eskultura bizidun baten itxura hartuko du, publikoarekiko elkarrizketa isila ezarriz, obran bertan txertatuz eta egungo ikusizko kulturan nagusi diren irudikapen-, irudi- eta edertasun-kodeak zalantzan jarriz.

Harekin batera, Andrey Bartenev nazioarteko artista izango da, azken hamarkadetako abangoardia eszeniko eta bisualeko figura nagusietako bat. Bizkaiko performer eta dantzarien talde batek lagunduta, esku-hartze ibiltari bat egingo du; hala, espazioa ondoz ondoko bi ekintzaren bidez zeharkatuko du, klaustroa mugimenduz, kolorez eta antzerkiaz betez.

Arratsalde osoan zehar, La Encartadako soinu bereizgarrietan oinarrituko den zuzeneko soinu-girotzearekin osatuko da programazioa, bisitariak fabrikaren barrualdera eta haren historiara eramanez. Industria-jardueraren berezko soinuek, makinen irudiek eta ehungintza-tradizioari buruzko erreferentzien etengabeko presentziak esperientzia murgiltzailea eraikitzen lagunduko dute. Esperientzia horretan, La Encartadaren ondareak hizketan jardungo du moda garaikidearen sorkuntzarekin.

Proposamen hori Bizkaiko diseinatzaileek maneiatutako bost manikik osatzen duten erakusketa-instalazio batekin indartuko da. Sorkuntza-lanak ehun nabar (toile) tradizionalaren kolore nagusia izango du abiapuntu. Piezek, gainera, keinu nabarmena egingo diote La Encartadaren unibertsoari, txapelen, ehundutako zapien eta ondare industrialean eta ehungintzan oinarritutako beste baliabide batzuen gisako elementuen bidez. Erakusketak Lewin Lerbours, Aiza Couture, Waves Style, Gaizka Albizu eta Wen Hauser-en diseinuak izango ditu.

Proposamen honekin, La Encartada Fabrika-Museoak bere ondare historikoa zabaltzeko eta moda, diseinua eta sorkuntza garaikidea sustatzeko konpromisoa indartu nahi du, iragana egungo begiradatik berrinterpretatzeko gai diren kultur adierazpide gisa.


Vídeos


Audios

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp