Berriak
2026(e)ko uztailakren 08(a) 13:30
DS Industry: industria lehiakorrago, jasangarriago eta deskarbonizatuago baten aldeko ekitaldi berria
Ekonomia Sustatzeko Saila
Lehen edizioa 2026ko azaroaren 3tik 5era bitarte egingo da BECen
DS Industryren lehengo edizioaren aurkezpena
Ainara Basurko: "Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu egin nahi du lehenengo edizio hau nazioarteko erreferentziazko hitzorduaren hasiera izan dadin. Hitzordu honek agerian utziko du Bizkaiak eta Euskadik trantsizio energetikoari erantzuteaz gain, hura posible egingo duten teknologien, enpresen eta eredu industrialen sorreraren buru izan nahi dugula"
DS – Decarbonized & Sustainable Industryk industria bilduko du Bilbao Exhibition Centren azaroaren 3tik 5era. Nazioartekotasuna, berrikuntza eta benetako erronka teknikoei irtenbidea ematea izango dira lehen edizioaren helburu nagusiak. Industria-eredu lehiakorragoa, jasangarriagoa eta deskarbonizatuagoa lortzeko trantsizioa bizkortzea xede duen topaketa da.
Ekitaldiaren lehen edizioa gaur aurkeztu dute prentsaurreko bidez Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak; Irantzu Allendek, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuordeak; Mario Goffardek, Bilbao Exhibition Centreko Merkataritza eta Marketin zuzendariak; eta Thais Basañezek, erakunde bereko Negozio Garapenerako zuzendaria.
“Antolakuntzaren ikuspegitik, baldintza guztiak betetzen dira ekitaldi berri hau mundu mailako erreferentzia bihurtzeko. Euskadik gaitasun industrialak, energia-azpiegiturak eta aktiboak bateratzen ditu, baita energiaren eta ingurumenaren arloko zerbitzuak eta know how teknologikoa ere. Hori guztia dela eta, ingurune bereziki egokia da industria-deskarbonizazioko eta teknologia garbietako proiektuak bultzatzeko. Posizio hori are gehiago indartzen dute Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoek. Bi erakundeek industriaren eraldaketa bultzatzea, produkzio-eredu jasangarriagorantz aurrera egitea eta enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzea helburu duen estrategia partekatzen dute”, adierazi du Mario Goffard-ek.
Ainara Basurkoren hitzetan, “Industria-deskarbonizazioak enpresa traktoreak eta ETEak behar ditu; teknologia eta inbertsioa; ezagutza eta merkatua; ekimen pribatua eta lidergo publikoa. Hain zuzen ere, DS Industry gaitasunen batura hori da. Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu egin nahi du lehenengo edizio hau nazioarteko erreferentziazko hitzorduaren hasiera izan dadin. Hitzordu honek agerian utziko du Bizkaiak eta Euskadik trantsizio energetikoari erantzuteaz gain, hura posible egingo duten teknologien, enpresen eta eredu industrialen sorreraren buru izan nahi dugula”.
Irantzu Allendek azpimarratu duenez, “Euskadin deskarbonizazio bikoitza egiten ari gara, eskaintzaren eta eskariaren aldeko apustu bikoitza. Hau da, gure industria deskarbonizatzen ari den bitartean, nazioartean ere teknologia garbien garapenaren buru da, eta teknologia horiek funtsezkoak dira deskarbonizazio horretarako. Eusko Jaurlaritzatik, industriari trantsizio horretan laguntzen ari gara, eta horregatik gara kongresu hau jasotzeko Herrialde ‘bikaina’ ”.
Ekitaldiak arreta berezia jarriko du irtenbide teknologiko zehatzetara zuzenean iristeko aukeran eta industriarentzat praktikoak eta aplikagarriak diren erantzunak sustatuko dituen elkarrizketan. Hiru zutabe nagusi izango ditu proposamenak: Knowledge, Innovation eta Networking.
Knowledge arloak kontsumoaren deskarbonizazioari, energia-eraginkortasunari, industria zirkularrari eta cleantech teknologiari buruzko eduki espezializatuak eskainiko ditu. Horretarako, dibulgazio-kongresua eta jardunbide egokien azterketa egingo dira, nazioartean erreferenteak diren hizlariekin. Programa hiru bloke tematikotan antolatuko da: Teknologien tracka, Zirkularitatearen tracka eta Sektore elektrointentsiboen tracka. Horiek guztiek honako industria hauen (besteak beste) erronka nagusiak jorratuko dituzte: zementua, farmazia eta kimika, zeramika, finketa eta siderurgia.
Bestalde, Innovation gunean ekipamenduak, produktuak eta zerbitzu aurreratuak aurkeztuko dituzte, besteak beste, AFESA, BrenMiller Europe, Carlo Gavazzi, Contenor, Dominion, Globalfactor, Grupo Agaleus, Iberdrola, Larraioz, Petronor, RANK, Sener, Stratenergy (Velatia), TAMOIN, Tecnalia, Zabala Innovation eta Zabalgarbi enpresek eta erakundeek. Gainera, gune horretan workshop espezializatuak, poster teknikoen eremua, ekintzailetzako eta startupentzako gunea eta talentuaren huba ere egongo dira.
Networkingeko zutabea B2B bileren, bisita teknikoen, DS Awards sarien, galako afariaren eta afterwork drink ekitaldiaren bidez garatuko da. Helburua izango da harreman profesionalak sustatzea, lankidetza-aukera berriak sortzea eta sektoreko enpresen, erakundeen eta profesionalen arteko loturak sendotzea.
DS Industry 2026 topagune estrategikoa eta negozio-aukera bikaina izango da, bai enpresa hornitzaileentzat, bai erabakitzeko gaitasun handia duten bisitarien profilentzat. Horiek guztiak sektore hauetatik iritsitakoak izango dira: finketa, orea eta papera, galdaketa, kimika eta petrokimika, energia, zementua eta karea, siderurgia, beira, zeramika eta elikadura, besteak beste.
Ekitaldia bisitatzeko interesa agertu duten enpresa eta erakundeen artean, ondorengoak aurkitzen dira: Acciona Agua, AENA, AG Siderúrgica Balboa, Air Liquide, ArcelorMittal, Aries Industrial y Naval Servicios SL, Babcock Montajes, Befesa Zinc Aser, Ur Partzuergoa, FAES Farma, GESTAMP, Iberdrola I-DE, Petronor, ITP, Knorr Bremse, Moeve, Nortegas, OTIS Mobility, Sidenor, Siemens Gamesa, Sonelgaz Production de l'Électricité, ULMA eta Vicrila Industrias del Vidrio.
DS Industry 2026 Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du Bazkide Instituzional gisa. Iberdrola eta Petronor dira ekitaldiaren Platinozko Babesleak; eta Aclima, Basquenergy Cluster, EEE – Energiaren Euskal Erakundea, IHOBE, Net Zero Basque eta SPRI Taldea, Bazkide Sektorialak.