Berriak
2026(e)ko urriakren 19(a) 15:19
Diseinuzek estatuko eta nazioarteko erreferenteak bilduko ditu Bilbon, erakundeen egungo erronkei diseinutik heltzeko
Ekonomia Sustatzeko Saila
Azaroaren 19an eta 20an, Bilboko EITBko Multibox aretoan, DISEINUZ ezagutza, esperientzia eta ideiak lankidetzarako aukera bihurtzeko topagune izango da
Diseinuz-en aurkezpena
Nola berritu ziurgabetasun-testuinguru batean? Nola integratu adimen artifiziala, eredu jasangarriagoetarantz aurrera egin edo erakundeekiko konfiantza indartu? DISEINUZ - Bilbao Bizkaia Design Summit diseinuak galdera horiei erantzuten nola lagundu dezakeen aztertzeko sortu zen. Azaroaren 19an eta 20an, EITBko Multibox aretoan, enpresak, erakundeak, diseinuko profesionalak eta ezagutzaren eragileak elkartuko dira, egungo enpresa- eta gizarte-erronken inguruko esperientziak eta irtenbideak partekatzeko.
Kongresua gaur aurkeztu da EITBren egoitzan, eta honako hauek parte hartu dute: Angélica Barco, EIDE Euskal Diseinuaren Elkarteko presidentea; Benicio Aguerrea, EIDE eta DISEINUZ Bilbao Bizkaia Design Summiteko koordinatzailea; eta Jesús Cao, DISEINUZ Talks podcastaren zuzendaria. DISEINUZ Bilbao Bizkaia Design Week-en bilakaera bat da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatu eta babesten dute. EIDEk, Euskadiko eta Nafarroako diseinuaren elkarteak, gidatu eta antolatzen du, eta EITBren laguntza du media partner gisa.
“Euskadik industria- eta enpresa-tradizioa du, eta sare profesional handia eta aitortua diseinuaren alorrean. Kongresu honekin profesionalen eta erakundeen arteko lotura bilatu nahi dugu, diseinutik aukera berriak sortzeko. Lankidetza erreala bultzatu nahi dugu, Euskadiko ekoizpen-sarearen lehiakortasuna hobetzeko, diseinuak ematen duen ezagutzatik abiatuta”, adierazi du Angélica Barcok, EIDE Euskal Diseinuaren Elkarteko presidenteak.
“Ezegonkortasunak eta etengabeko aldaketak markatutako testuinguru sozioekonomikoan, erakunde publiko eta pribatu guztiek aurre egin behar dieten erronkei erantzun nahi diegu diseinutik abiatuta. Berrikuntzarekin, lehiakortasunarekin, teknologiarekin, digitalizazioarekin, adimen artifizialaren erabilerarekin, jasangarritasunarekin edo erakunde-kulturarekin zerikusia duten gaiak, baina diseinuaren ikuspegitik. «Ikusezina neurtu» kontzeptupean, diseinuak erakundeei ematen dien balioan, eta bere erabaki estrategikoetan txertatzeko bideetan jarriko du arreta DISEINUZek”, azaldu du Benicio Aguerrea EIDEko eta DISEINUZeko koordinatzaileak.
Kongresua bereziki zuzenduta dago enpresa eta erakundeetan erabakiak hartzen dituztenei, berrikuntza, estrategia eta produktuen arduradunei, diseinuko profesionalei eta ikertzaileei. Perspektiba horiek lotzea du helburu, partekatutako erronkak ulertzeko eta lankidetzarako aukerak aktibatzeko.
Hitzaldi nagusiak, erronkak, mahai-inguruak eta diziplinen arteko gurutzaketak uztartuko ditu egitarauak, ponentzia eta elkarrizketez osatua, benetako esperientzia eta erabakietara bideratua. Protagonisten artean izango dira Dawn Lim, DesignSingapore Councileko zuzendari exekutiboa, 2035erako Singapurreko Diseinu Plana aurkeztuko duena; Uwe Cremering, iF Designeko CEOa, sektorearen bilakaerari buruzko nazioarteko ikuspegia emango duena; Nerea Aranguren, Danobatgroup-eko zuzendari nagusia; eta Jaime Moreno, Mormediko sortzaile eta CEOa.
Santander, Eroski, Designit, Manyone, Roche, Notpla, NTT Data eta Soulsight bezalako erakundeetako ordezkariek ere parte hartuko dute. Haien esperientziek hainbat gai jorratzea ahalbidetuko dute, hala nola diseinuan egindako inbertsioaren eragina, pertsonen ezagutzatik abiatutako berrikuntza, osasun-zerbitzuak eta alternatiba jasangarrien garapena.
Diseinuak euskal kulturari eta enpresei egiten dien ekarpenaren aintzatespena
“DISEINUZ Ambassador aintzatespenaren bitartez, Euskadin eta Nafarroan egiten den diseinuaren bikaintasuna aitortu nahi dugu. Saria DIARAri emango zaio, Euskadin aitzindaria den diseinu estudioari, aurten bere 40. urteurrena ospatzen duena, Olaia Irulegi zuzendari nagusiak ordezkatuta. Baina baita diseinuaren arloan funtsezkoa den pertsona baten aintzatespenarekin ere: Martín Azúa, 2026ko Diseinu Sari Nazionala eta Bilbao Bizkaia Design Week Ambassador 2018” azaldu du Benicio Aguerreak, EIDE eta DISEINUZeko koordinatzaileak.
Elkarrizketak DISEINUZ Talks-era ere zabalduko dira, Jesús Caok zuzendutako podcast-era, zeinen bost kapituluko serieak hiria, zaintzak, mugikortasuna edo etorkizuna jorratuko dituen. Mahai baten inguruan, ikuspegi desberdinek eremu bakoitzaren erronkak eta diseinuak eskaintzen dituen irtenbideak aztertzeko espazioa da.
Programa osoa eta hizlariei, sarrerei eta bestelako jarduerei buruzko informazioa hemen kontsultatu daitezke: diseinuz.com. Jardunaldi bakoitzeko eta kongresu osorako sarrerak eskaintzen dira, baita ikasle eta taldeentzako tarifa murriztuak ere. Kongresuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa du, lankidetza publiko-pribatuko eredu baten barruan.
Jakintza eta aukerak konektatzeko nazioareteko programa
Programak hainbat formatu konbinatzen ditu: hitzaldi nagusiak, herrialde eta sektore mailako diseinuaren inspirazio-iturri den ikuspegi estrategikoarekin; erronkak, erakundeentzako etorkizuneko gakoetan zentratuak; mahaia-inguruak, profil profesional ezberdinen arteko elkarrizketak, gaurkotasuneko gaien inguruan; eta gurutzaketak, diseinuak zeharka jardun duen proiektuak aurkezten dituztenak. Irekiera ofizialaren ondoren, programaren lehen jardunaldian Dawn Lim-ek parte hartuko du, eta «Design 2035 Masterplan» aurkeztuko du, diseinua politika ekonomiko bihurtu duen hamar urterako bide-orria. Horretarako, Idoia Postigo Bilbao Metropoli 30eko zuzendari nagusiarekin hitz egingo du, eredu horretatik Euskadira zer ekarri daitekeen aztertzeko.
Aurreikusitako programan, gainera, Nerea Aranguren Danobatgroup-eko zuzendari nagusiak industria-etorkizunari buruz hitz egingo du, eta Jaime Moreno Mormediko sortzaile eta CEOak diseinuak, ziurgabetasun-garaietan, enpresaren aliatu gisa duen eginkizunari buruz. Diseinuaren eta inbertsioaren arteko harremana izango da lehenengo mahai-inguruan jorratuko den gaietako bat, non diseinuaren balioa nola neurtu eta erakundeek bertan inbertitzea erabakitzeko zer informazio behar duten aztertuko den, Miguel Sabel (Designit), Adrian Larripa (Big D) eta Juanjo Lopezekin (Santander).
Era berean, erabiltzaile-esperientziaren bidezko berrikuntzari helduko dio Iñaki Remirok (Diseinu Estrategikoko aholkularia), Enrique Monzonis (Eroski) eta Mabel Lazzarin (Manyone) adituekin batera. Horrez gain, teknologiarekin eta irisgarritasunarekin, prestakuntzarekin eta gazteen talentuarekin lotutako gaiak landuko ditu. Bigarren jardunaldian, diseinuaren bilakaerari buruzko nazioarteko ikuspegia txertatuko da, Uwe Cremering iF Designeko zuzendari nagusiaren eta Benjamin Völksen iF Design Trend Report 2026ko koordinatzailearen eskutik. Programak osasun-zerbitzuen diseinuari lotutako esperientziekin jarraituko du, Jon Rodríguezen hitzaldiarekin (Roche-ko Bezero Esperientziaren liderra); eta jasangarritasunaren, berrikuntzaren eta merkatu berrien arteko harremanarekin, Henna Burney Notpla enpresako diseinatzaile eta ikertzailearekin.
Markak eta lidergoak, demokraziak, mugikortasunak, irisgarritasunak eta eraldaketarako beste esparru batzuek osatuko dituzte gainontzeko saioak. Carmen Bustos (Soulsight) eta Paula Sevilla (Victoria Shoes) izango dira Angélica Barcok (Ang Studio) koordinatutako mahaian; edo Cristina Pérez (NTT Data) eta Lara Salinas (UAL), Ione Ardaizek koordinatutako mahaian; edota Carmelo Di Bartolo buru duen eta Giacomo Mussinok (CIM) lagundutako ADUS proiektuarekin. Ekitaldiari amaiera emateko, Martín Azúak, 2026ko Diseinuaren Sari Nazionalak, Diseinuz Ambassador 2026 saria emango dio DIARAri, euskal diseinuaren estudio aitzindariari, bere 40. urteurrenarekin bat eginez. Ostean, aipamena egingo diegu nazioartean iF DESIGN AWARDS 2026 sariekin aintzatetsitako Euskadiko eta Nafarroako proiektu edo enpresei.
Eide Euskal Diseinuaren Elkartea
EIDEk diseinuaren diziplina guztietako profesional eta enpresak, goi-mailako prestakuntza-zentroak eta Euskadiko eta Nafarroako industria-enpresak biltzen ditu (125 bazkide guztira), eta 2026an berrogei urteko ibilbidea ospatu du.
Bere jardueren parte dira Bilbao World Design Capital 2014 hautagaitzan laguntzea, Diseinuaren UNESCO Hiria izateko Bilboren hautagaitza, eta nazioartekotze proiektuak Milan eta Txile bezalako merkatuetan. EIDEk diseinuaren nodo gisa jarduten du Euskadiko berrikuntza-sisteman, eta RIS3 Euskadi Creativa pilotaje-taldeko kidea da.
Elkartea READ, Espainiako Diseinu Elkarteen Sareko eta BEDA, Bureau of European Design Associations erakundeetako kide da, eta iF Design bezalako erakundeekin akordioak ditu. Tokiko ekosistemaren eta nazioarteko sareen arteko lotura horretatik abiatuta, DISEINUZ bultzatzen du, diseinuaren, enpresaren eta lurraldearen arteko konexio-gune gisa.
Instituzioak eta talde motorra
DISEINUZ Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatu eta laguntzen dute. Erakunde horiek hamaika urtez babestu dute Bilbao Bizkaia Design Week. Halaber, EITB euskal irrati-telebista publikoa du media partner gisa.
Sormen-zuzendaritzan, negozio-estrategian, diseinu estrategikoan eta berrikuntza-proiektuen kudeaketan ibilbide osagarriak dituzten zortzi profesionalek osatutako talde eragile batek kontzeptualizatu du kongresua. Kudeaketa eta antolaketa EIDEko barne taldeari dagokio, produkzioan, komunikazioan eta identitate bisualean espezializatutako hornitzaileen laguntzarekin.