Berriak
2026(e)ko ekainakren 05(a) 09:19
DenBBora sareak enpresak eta erakundeak gonbidatzen ditu lan-denboren inguruko hausnarketa egitera, osasuna, ongizatea eta berrikuntza sustatzeko tresna gisa
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila
“Denbora osasuna da. Denbora antolatzea pertsonak zaintzea denean” jardunaldiak profesionalak eta erakundeak bilduko ditu ekainaren 12an Bilbon, denboren kudeaketa osasungarriago eta jasangarriago baten inguruan hausnartzeko.
DenBBora.
Nola eragiten du denboraren antolaketak langileen osasunean? Zer eginkizun izan dezakete enpresek eta erakundeek “denboraren pobrezia” deritzon fenomenoari aurre egiteko? Posible al da laneko ongizatea eta lan-giroa hobetzea denboren kudeaketa berritzaileago baten bidez?
Galdera horiek eta beste hainbat izango dira hizpide denBBora Sarearen XII. Jardunaldian. Jardunaldia ekainaren 12an egingo da, 9:30etik 13:00etara, Bilboko Yimby gunean, “Denbora osasuna da. Denbora antolatzea pertsonak zaintzea denean” lelopean.
Jardunaldia pertsonak erdigunean jartzen dituzten antolaketa-ereduetan aurrera egin nahi duten enpresa, erakunde eta profesionalei zuzenduta dago. Esperientzien, hausnarketaren eta jardunbide egokien bidez, denboren antolaketak langileen ongizate fisikoan, mentalean eta sozialean nahiz erakundeen jasangarritasunean duen eragina aztertuko da.
Hasierako agur instituzionala Trinidad L. Vicentek, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko Berdintasun zuzendariak, eta Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotziak, egingo dute; bi erakundeak baitira denBBora Sarearen sustatzaileak.
Jardunaldia Rosa Fernández-Villa Gutiérrezek, Metro Bilbaoko Giza Kapitalaren zuzendariak, dinamizatuko du, eta gaiari ikuspegi osagarriak eskainiko dizkioten hiru adituren parte-hartzea izango da.
Alde batetik, Georgina Monge Lópezek, Bartzelonako Udaleko Genero Zeharkakotasuneko teknikariak, denboraren pobreziaren kontzeptua landuko du. Gero eta hedatuago dagoen
egoera horrek adin, sektore eta egoera guztietako pertsonei eragiten die. Denbora faltak eguneroko errealitate bihurtu da, eta ondorio sozial, ekonomiko eta laboral garrantzitsuak ditu.
Antolaketa-ikuspegitik, Ana Guridi Garcíak, Mutualiako Prebentzio arduradunak, lanaren antolaketaren eta laneko osasunaren arteko lotura aztertuko du. Azalduko du nola denboren kudeaketa egokiak prebentzio-tresna eraginkorra izan daitekeen arrisku psikosozialak murrizteko, ongizatea sustatzeko eta erakundeetan prebentzio-kultura indartzeko.
Jardunaldia Bizitegiren esperientzia praktikoarekin osatuko da. Iñigo Parga Orrantiak, Esku Hartze eta Kontzilia taldeko arduradunak, zaintzen duten pertsonak zaintzen dituen erakunde batek lan-ingurune osasungarriagoak, jasangarriagoak eta konprometituagoak nola sor ditzakeen azalduko du, zaintzan eta ongizatean oinarritutako kultura antolatzaileen garrantzia azpimarratuz.
Ekimen honen helburua da eztabaida zabaltzea, kontziliazioan edo laneko arriskuen prebentzioan soilik zentratu beharrean, denborak pluralean ulertzeko: lan-denborak, atseden-denborak, zaintza-denborak, parte-hartze sozialerako denborak eta bizitza pertsonalerako denborak. Ikuspegi horrek aitortzen du denboraren kudeaketa erronka kolektiboa dela, eta aldi berean aukera bat erakunde berritzaileagoak, lehiakorragoak eta zaintzaileak sustatzeko.
DenBBora Sarearen XII. Jardunaldia Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoaren baitan kokatzen da, denboren kultura berri bat sustatzeko. Sektore desberdinetako erakundeen arteko lankidetzaren bidez, sareak erakusten jarraitzen du denborak hobeto kudeatzea ez dela soilik kontziliazio kontua; osasuna, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko estrategia ere bada gizarte osoarentzat.
Gaur egun, sareak 60 enpresa eta erakunde ditu atxikita, eta guztira 33.900 langile baino gehiago ordezkatzen ditu; horietatik %60 emakumeak dira eta %40 gizonak. Ezarpen zabal horrek denBBora Sarea erreferentziazko gune bihurtu du esperientziak partekatzeko, jardunbide egokiak sustatzeko eta pertsonen bizi-kalitatea nahiz erakundeen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten antolaketa-ereduetan aurrera egiteko.
DenBBora Saretik Bilbo eta Bizkaiko enpresa eta erakunde guztiak animatu nahi dira jardunaldi honetan parte hartzera eta gero eta estrategikoagoa den hausnarketa honekin bat egitera. Frogatuta dago denborak hobeto kudeatzen dituzten erakundeek lan-ingurune osasungarriagoak sortzen dituztela, lan-giroa hobetzen dutela, taldeen konpromisoa indartzen dutela eta gizarte orekatuago eta jasangarriago bat eraikitzen laguntzen dutela.
Parte-hartzea doakoa da, aldez aurretik izena emanda.
Izen-emateak zabalik daude: