Berriak
23 DE ekaina DE 2026 11:09
DEMAk eta Kanarietako Institutu Teknologikoak (ITC) ekintzailetza indartzeko aliantza estrategikoa sortu dute
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila
Esparru-akordioak ezagutzak, metodologiak eta jardunbide egokiak trukatzea erraztuko du, baita baterako proiektuak garatzea eta ekintzailetza babesteko bi lurraldeetako sareen arteko lotura ere.
Teresa Laespada eta Guayarmina Peña.
Teresa Laespada: "Ezagutzak eta esperientziak kontrastatzeak hobetzen lagunduko digu."
Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak (DEMA) eta Kanarietako Institutu Teknologikoak (ITC) lankidetzarako esparru-akordio bat sinatu dute aste honetan, beren gaitasunak indartzeko eta ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloan baterako jarduera berriak sustatzeko.
Akordioa ITCk Pozo Izquierdon (Kanaria Handian) duen egoitzan sinatu zuten Kanarietako zentro teknologikoaren kontseilari ordezkari Guayarmina Peñak eta Bizkaiko ahaldun nagusiorde eta DEMAko presidente Teresa Laespadak.
Akordioak esparru orokor bat ezartzen du elkarrizketa, lankidetza instituzionala eta ekimen zehatzen garapena errazteko, hurbileko ekintzailetza-sarea indartzeko eta Kanarien eta Bizkaiaren oparotasun ekonomikoari eta gizarte-kohesioari laguntzeko. DEMA agentzia Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailari lotuta dago, eta ITC Kanarietako Gobernuko Unibertsitateetako, Zientzia eta Berrikuntzako eta Kulturako Sailari atxikita dagoen sozietate publiko bat da.
Laespada diputatuak adierazi duenez, DEMA agentzia «gure erreferentzia da Bizkaian enplegurako eta ekintzailetzarako». «Kanariekin elkarlanean hastea hiru hamarkada baino gehiagotan egin dugun ikaskuntza-bidearekin jarraitzea da. Ezagutzak eta esperientziak kontrastatzeak hobetzen lagunduko digu», gehitu du.
Bestalde, ITCren kontseilari ordezkariak nabarmendu duenez, «akordio honekin gaitasunak batzeko eta Kanarietako ekintzailetza-sarearentzat aukera berriak sortzeko funtsezkoa den lankidetza-sare baten irismena handituko dugu». Peñak honako hau ere adierazi zuen: «DEMArekin sortu dugun aliantzak indartu egiten du Europako sareen —Entrerprise Europe Network (EEN) eta Erasmus for Young Entrepreneurs (EYE)— eta eskualdekoen —Red CIDE— nodo gisa egiten dugun lana, eta erraztu egiten du ekosistemen arteko lotura, jardunbide egokien trukea eta baterako proiektuen sustapena».
Aurreikusi diren lankidetza-ildoek barne hartzen dute ezagutza, ikasketak, metodologiak eta jardunbide egokiak trukatzea; prestakuntza-jardueretan eta topaketa profesionaletan parte hartzea, eta ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloko baterako proiektuak edo proiektu osagarriak sustatzea, arreta berezia jarrita Europako finantzaketa-aukerei. Akordioak mesede egingo die, halaber, ekintzailetzari laguntzeko bi lurraldeetako sareen arteko loturari eta eragile publiko eta pribatuekiko lankidetzari, eta, horrez gain, sustatu egingo ditu digitalizazioaren eta merkataritza elektronikoaren bidez negozio txikiak merkatu berrietara iristea erraztuko duten ekimenak.
Akordio hau sinatzeak jarraipena ematen dio azken urteotan bi erakundeen artean hasitako harremanari. 2022an, ITCren Berrikuntza Arloko ordezkaritza tekniko batek bisita bat egin zuen EAEko ekintzailetza- eta berrikuntza-ekosistema aztertzeko, eta bisita horretan DEMArekin egon zitezkeen sinergiak eta lan-ildoak aztertu ziren. Gero, foru-agentziak Etorkizuneko aliantza estrategikoetarako sareen sarea nazioarteko azterlanean sartu zuen ITC, eta lankide estrategiko potentzial gisa identifikatu zuen bertan.
Ezagutzak eta esperientziak trukatzea
Topaketan parte-hartzaile gehiago ere egon ziren, esaterako, DEMAko zuzendari kudeatzaile Gloria Múgica, eta, ITCren aldetik, Berrikuntza Saileko arduradun Alma Cruz, bere taldeko beste kide batzuekin batera. Koordinazio teknikoko saioan, bil erakundeek beren lan-ildo nagusiak eta proiektu estrategikoak aurkeztu zituzten eta beren eskualdeetan sareko lanaren eta lankidetza-ekintzen bidez ekintzailetza bultzatzeko egon daitezkeen lankidetza-eremuak identifikatu zituzten.
Akordioa sinatu ondoren, DEMAko ordezkariek ibilbidea egin zuten ITCk Pozo Izquierdon dituen instalazio zientifiko-teknologikoetatik, eta han kanarietako zentroko ikerketa aplikatuko proiektuak, esperimentaziorako azpiegiturak eta espezializazio-arloak ezagutu zituzten. Bisitari esker, berrikuntza teknologikoak jarduera ekonomikoa sortzeko, ezagutzaren transferentzia errazteko eta enpresa-ekimen berriak sustatzeko tresna gisa duen potentziala erakutsi ahal izan zen.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp