2026(e)ko urriakren 20(a) 11:17

Bizkaiko udalek finantzaketarako 1299,2 milioi euro jasoko dituzte 2027. urtean

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Finantzetako Lurralde Kontseiluak tributu itunduetatik eratorritako udal-finantzaketaren zenbatespena onetsi du: 2027. urterako, 1299,2 milioi euro izango dira, hau da, aurten jasotako zenbatekoa baino % 7,67 gehiago (92,5 milioi) eta 2026ko ekitaldiko likidazio-aurreikuspenak baino % 6,75 gehiago. Nahiz eta 2026ko ekitaldiaren itxiera zein izango den otsailean jakingo den, aurreikusten da udalentzako likidazioa positiboa izango dela 10,30 milioi euroan, hau da, egindako konturako ekarpenekiko % 0,85.

Finantzetako Lurralde Kontseilua

Gaur goizean egindako bileran, Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak 2027. urtean zehar lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen zenbatespena onartu du, guztira 1 299 264 204 euro: 1 287 142 980 euro UDALKUTXAtik eta 12 121 224 euro Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bitartez.

Bi funts horiek % 7, 67 gehitu dira (92,5 milioi euro) 2026ko ekitaldiko aurrekontuan jasotako zenbatekoen aldean, eta % 6,75 2025eko likidazioaren aurreikuspenaren aldean (2026ko likidazioaren berri datorren urteko otsailean edukiko dugu).

Bileran, funts horietarako (UDALKUTXA eta Gizarte Zerbitzuen Funtsa) 2026ko likidazio-aurreikuspenak ere aztertu dira. Behin betiko datuen berri Finantzetako Lurralde Kontseiluaren otsaileko bileran jakingo dugu; hala ere, zenbatetsi da likidazioa positiboa izango dela (10,30 milioi euro) Bizkaiko udalentzat (% 0,85).

Foro horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bizkaiko udalerrietako ordezkariek adierazi dute zuhurtzia eta erantzukizuna eskatu behar direla beti aurrekontu-kudeaketan, eta udal-erakundeen finantza-iraunkortasuna bermatzen jarraitu behar dela.

Udalkutxa – Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren zenbatekoa erabakigarria da udalek hurrengo ekitaldiko aurrekontuak egin ahal izateko. Udalerrien arteko banaketa, besteak beste, irizpide hauen arabera egiten da: biztanleria, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxe publikoetako ikasgela-kopurua edo biztanleriaren sakabanaketa.

Finantzetako Lurralde Kontseilua dela eta

Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, udal-finantzaketaren banaketaz arduratzen dena, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-finantza eta aurrekontu arloetako jarduera koordinatzen du. Hamar kidek osatzen dute: hiru Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta beste bostek EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari dihardute, eta Bilboko, Amorebieta-Etxanoko eta Abadiñoko udalak dira.