Berriak
2026(e)ko urriaren 31(a) 10:00
Bizkaiko Neguko Bidezaintza Plana azaroaren 1ean aktibatuko da; 459 profesional, elurra kentzeko 99 makina eta siloen, metaketen eta gatzun-biltegien sare bat izango ditu
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila
Helburua da baldintza meteorologikoak txarrak direnean erantzuteko gaitasuna izatea, mugikortasunari eutsi ahal izateko eta errepideetako erabiltzaileen segurtasuna babesteko
Elurra kenzeko makina
Bizkaiko Foru Aldundiak datorren azaroaren 1ean aktibatuko du 2026-2027 Neguko Bidezaintza Plana, eta prest egongo da elurra, izotza eta tenperatura baxuak daudenean jarduteko eta, baldintza meteorologikoek ahalbidetzen duten neurrian, errepideen foru-sareko mugikortasuna eta segurtasuna mantentzeko. Plan hau aurrera eramateko 2,23 milioi euroko inbertsioa egingo da.
Eta, horretarako, mantentze eta kontserbazio integraleko ekipoetako 459 profesional aktibatuko dira, hala nola 222 gidari, 189 laguntzaile eta zaintzako 48 profesional. Talde horri Malmasingo Kontrol Zentroko profesionalak, BFAko suhiltzaileak eta Interbiakeko langileak ere batuko zaizkio.
Lanak egiteko berriz, elurra kentzeko 99 makina izango dituzte, leku hauen artean banatuta: kontserbazio-eremuak, Basalan, BFAko suhiltzaileak, AP-8a, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea, Artxandako tunelak, Agesa eta AP-68a.
Makina horiei laguntzeko, sare bat osatu da gure lurraldean zehar, beharrezkoak diren lekuetan urgarriak eta gatzuna edukitzeko aukera ematen duena. Planak 1.575 tonako edukiera duten 20 silo ditu, 6.880 tonako 10 metaketa, 275 m³-ko edukiera duten bost gatzun-biltegi eta beste 2.400 tonako bi biltegi gehigarri ere bai.
Gainera, sei estazio meteorologiko daude, bide-sareko puntu estrategikoetan kokatuta: Cadaguako korridorean, Balmasedan; Erletxetan; Bilbo-Mungia errepidean, Zabalondon; Arteagan; eta Autzagane eta Barazar gainetan. Azken horretan elur-neurgailua ere badago.
Teknologiari esker, uneoro egin daiteke errepideen bilakaeraren jarraipena eta dauden baliabideak unean uneko beharren arabera egokitu ahal izango dira. Sistemak kamerak ditu eta elurra kentzeko makinen kokapena ere badaki, eta horri esker denbora errealean jakin daiteke bai sarea zer egoeratan dagon bai ibilgailuak zer lan egiten dauden.
Kontrol Zentroak, gainera, flota kudeatzen du eta lanean dabiltzan ekipoek ibilgailuen pantailetan jasoko dituzten ibilbideak diseinatzen ditu. Eta ibilbideok aldatu edo berresleitu egin daitezke, unean uneko baldintzak edo aurreikusitakoak aldatu direlako eta sarean blokeak daudelako hala egitea beharrezkoa bada.
Plan honetan parte hartzen duten eragile horien guztien koordinazioa Malmasingo MKZ Kontrol Zentrotik egiten da; beraz, bertatik koordinatuko dira planean parte hartuko duten Bizkaiko Foru Aldundiko langileak, BFAko suhiltzaileak, Interbiakeko langileak eta errepideen kudeaketaz eta kontserbazioaz arduratzen diren foru-langileak.
Hiru lehentasun-maila sarearen baldintzen arabera
Neguko Bidezaintza Planak hiru lehentasun-maila ezartzen ditu bide-sarearen egoeraren aurrean eman beharreko erantzuna antolatzeko, errepideen garrantziaren eta baldintza meteorologikoen arabera. Halaber, lau zirkulazio-egoera bereizten ditu, bidearen egoeraren arabera.
Aurtengo kanpainari begira, zenbait jarduketa ere egin dira, tokian bertan eskuragarri dauden baliabideak hobetzearren. Jarduketon artean, aipatu daiteke zolatu egin dela N-240 errepidean, Barazar inguruan, dagoen urgarri-biltegi estalia eta neguko bideen operatiboari laguntzeko instalazioa.
Lan horiez gain, beste mantentze-lan batzuk ere egin behar dira: estazioak berrikusi, siloak konpondu eta berriz pintatu, itxiturak egin, sastrakak kendu, egokitze- eta seinaleztatze.lanak egin. Erletxetan, gainera, beste jarduketa batzuk egin dira ur-harguneari begira, ate bat egin zaio metaketari, eta instalazio fotovoltaiko bat ezartzeko aukera aztertu da.
Bidaiatu aurretik: informazioa eta zuhurtasuna
Neguko alerta-egoera baten aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiaren gomendioa da bidaia hasi aurretik errepideen egoera eta eguraldiaren iragarpena kontsultatzea. Informazio hori eskuragarri dago Euskalmeten, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko 011 telefonoan eta Bizkaimoven, Bizkairako.
Baldintzak kontrakoak badira, abiadura murriztu, segurtasun-tartea handitu, saihestu norabidea bat-batean aldatzea eta arreta berezia jarri izotz-plakak egon daitezkeela uste baduzu, batez ere leku ospeletan.
Ezinbestekoa bada errepidera irtetea, komeni da aldez aurretik egiaztatzea zer egoeratan dauden pneumatikoak, balaztak, frenoak eta izotz-kontrakoa, eta kateak, erregai nahikoa eta arropa beroak eramatea ere komeni da. Muturreko baldintzetan, gomendioa da joan-etorriak saihestea eta, ahal den guztietan, garraio publikoa aukeratzea.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp