2026(e)ko ekainakren 01(a) 13:50

Bizkaiko Foru Aldundiak “Zaindu barruan duzun hondartza” kanpaina bultzatuko du, hareatzen errespetua eta zainketa partekatua sustatu nahian

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Kanpaina berriak hondartzen zainketa, bizikidetza eta natura-ingurunearen babesa jartzen ditu arreta-gunean, ikuspegi positibo eta partekatu batetik.
Berrikuntza gisa, zurezko pasabideen zabalera 2 metroraino handituko da erosotasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, eta zaintza-dorretxo berria jarriko da Lagan.
Guztira 103 pertsona arduratuko dira Bizkaiko hondartzak garbi mantentzeaz, eta hainbat ordutegitan arituko dira. 536 zakarrontzi eta hondakinak biltzeko 144 bidoi instalatuko dira.
Gaur hasi eta irailaren 30era arte luzatuko den denboraldian, 274 pertsona arduratuko dira hareatzen segurtasuna eta garbitasuna bermatzeaz.

Hondartza denboraldi berria

 

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur aurkeztu du Gorlizen hondartza denboraldi berria. Datorren ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30era arte luzatuko da, eta horrekin batera, “Cuida la playa que hay en ti / Zaindu barruan duzun hondartza” erakunde-kanpaina berria ezagutarazi du, Bizkaiko hareatzetan errespetua, bizikidetza eta zainketa-jarrerak sustatzea helburu duen ekimena.

Aurkezpenean Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua hartu du parte.

Kanpaina berriak ikuspegi-aldaketa dakar aurreko urteetakoekin alderatuta, hondartzak zaintzeko arduran jartzen baitu denboraldiko komunikazioaren ardatz nagusia. “Zaindu barruan duzun hondartza” lelopean, Aldundiak herritarrei jakinarazi nahi die hondartzez gozatzeak lotura zuzena duela hareatzak erabiltzeko eta errespetatzeko moduarekin.

Kanpainak natura-ingurunearen babesean, biodibertsitatearen eta instalazio publikoen errespetuan eta erabiltzaileen arteko bizikidetzan jartzen du arreta, eta erantzukizun partekatua eskatzen du, tonu positibo eta hurbilean.

Uda oro, 2 milioi pertsonatik gora hurbiltzen dira Bizkaiko hondartzetara. Natura-gune partekatu horien babesa, ordea, horietaz gozatzen duten guztien eguneroko keinu txikien esku ere badago. Alde horretatik, kanpainak herritarrek zainketa- eta errespetu-balioekin duten identifikazioa indartu nahi du, udako denboraldi osoan portaera arduratsuak sustatze aldera.

Ekipamenduak eta irisgarritasuna hobetzea

Uda honetan Bizkaiko Foru Aldundiak berriro jarriko ditu abian lurraldeko hareatzetan ohikoak diren zerbitzuak eta azpiegiturak. Guztira, hondartzek 86 dutxa, 78 iturri/konketa, 400 plataforma eta 2.500 metro pasabide izango dituzte.

Aurtengo berrikuntza nagusien artean, egurrezko pasabideen zabalera handitu izana nabarmendu behar da, 1,10 metrotik 2 metrora igaro baitira; horrela, erabiltzaileen esperientzia, erosotasuna eta irisgarritasuna hobetuko dira.

Halaber, Bizkaiak zurezko lau dorretxo izango ditu uda honetan sorospen-zerbitzurako. Azkena aurten jarri da Lagako hondartzan, hareatzako zaintza- eta arreta-baldintzak indartu nahian.

Gainera, foru-erakundeak hondartzako azpiegiturak modernizatzen jarraitzen du, dutxak eta megafonia-sistemak berrituta. Hormigoizko oinarri zaharren ordez altzairu herdoilgaitzezko egitura desmuntagarriak jartzen ari dira arian-arian. Egitura horiek udan bakarrik instalatzen dira, eta, horrela, hareatzen okupazio iraunkorra murriztu eta natura-ingurunearen gaineko inpaktua minimizatzen da.

Orobat, megafonia-zutoin eraisgarriek mantentze-lanak egiteko aukera ematen dute, hondartzan ibilgailu astunak sartu beharrik gabe, hareatzetan eragozpenak eta afekzioak murriztuz.

Lagundutako bainu-zerbitzua

Bainu lagunduaren zerbitzua martxan egongo da berriro denboraldiko lau hilabeteetan, La Arena, Ereaga, Laidatxu, Plentzia, Gorliz, Bakio, Isuntza eta Arrigorri hondartzetan.

Zerbitzuak 11:00etatik 20:00etara luzatuko den ordutegiari eutsiko dio, eta online nahiz aurrez aurre erreserbatu ahal izango da lagundutako bainu-guneetan.

Zerbitzu hori emateko, mugikortasun murriztua duten pertsonei laguntzeko salbamendu eta sorospeneko langile espezializatuak izango dira, eta, horrela, Aldundiak hondartza irisgarri eta inklusiboekin duen konpromisoa indartuko da.

Garbiketa, segurtasuna eta erabiltzaileak artatzeko lana

Denboraldian, 274 pertsonak lan egingo dute Bizkaiko hondartzetako garbiketa, sorospen, istripuen prebentzio eta arretako zerbitzuetan.

Garbiketa-operatiboan 103 pertsona eta hareatzen ezaugarrietara egokitutako baliabide teknikoak izango dira. Era berean, 536 paperontzi eta hondakinak gaika biltzeko 144 bidoi instalatuko dira.

Bestalde, istripuen prebentzio, sorospen eta laguntzako zerbitzua 155 soroslek eta 16 koordinazio-langilek osatuko dute, lurraldeko hareatzetan banatutako hondartzainen zerbitzuak lagunduta. Egunean-egunean izango dira lanean eremuko 7 koordinatzaile, koordinatzaile nagusi 1 eta 88 sorosle, honela banatuta: 7 La Arenan, 2 Areetan, 6 Ereagan, 4 Arrigunagan, 3 Gorrondatzen, 5 Barinatxen, 7 Arriatera-Atxabiribilen, 2 Muriolan, 4 Plentzian, 6 Gorlizen, 2 Armintzan, 7 Bakion, 2 Aritzatxun, 2 Laidatxun, 2 Toñan, 4 San Antonion, 6 Laidan, 4 Lagan, 2 Ean, 2 Ogellan, 3 Isuntzan, 5 Karraspion eta 2 Arrigorrin.

Zerbitzu horretako pertsonek 13 ontzi, 8 ur-motor, 13 buggy (8 elektriko), 3 quad, PGLko lur orotako 4 ibilgailu (petrolio-gas likidotua), 11 turismo (elektriko bat, 8 hibrido eta 2 gas-ibilgailu) izango dituzte, bai eta desfibriladore erdiautomatikoak, glukometroak, pulsioximetroak, ohatilak eta hondartzetan sorospena behar duten pertsonei laguntzeko behar diren elementu guztiak ere. Hondartzetan erabili beharreko ekipamendua hareatza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da.

Sorosleekin batera, hondartzetako segurtasuna zainduko dute 14 hondartzainek (8 egun bakoitzean).

 


Bideoak


Audioak