2026(e)ko maiatzakren 30(a) 10:00

Bizkaiko Foru Aldundiak osasun mentaleko arretarekin eta mugikortasun irisgarriarekin duen konpromisoa indartuko du, Argia Fundazioarekin eta Bidaideak-ekin egindako hitz

Gizarte Ekintzako Saila

Foru erakundeak argi berdea eman die Bizkaian egoitza-laguntzak eta egokitutako joan-etorriak finkatzeko funtsezko bi jarduerari, zaintza eta laguntza sare hurbilago eta irisgarriago baten alde egindako apustuaren barruan

Bizkaiko Foru Aldundiak bi erabaki onetsi ditu Gobernu Kontseiluan, eta, haien bidez, indartu egingo da gaixotasun mentalen bat dutenentzako eta desgaitasuna dutenentzako lurraldeko laguntza-sarea: alde batetik, onetsi du lankidetza-hitzarmen berri bat egitea Argia Fundazioarekin, Berangoko Lantzarte egoitzan egoitza-zerbitzua emateko, eta, bestetik, dirulaguntza izendun bat ematea Bidaideak elkarteari, 2026an Aterik-Ate garraio egokituko programa garatzeko.

Bi erabaki horien atzean nahimen berbera dago: indartzen jarraitzea autonomia pertsonala hobetzen duten, gizarteratzea errazten duten eta askotariko laguntza-premiak dituzten pertsonei arreta egokia bermatzen dieten funtsezko zerbitzuak, oinarri hartuta Bizkaian errotuta dauden eta esperientzia duten hirugarren sektore sozialeko erakundeekiko lankidetza-eredu egonkor bat.

Argia Fundazioaren kasuan, hitzarmen berriari esker, jarraipena eman ahalko zaio Lantzarten ematen duen egoitza-zerbitzuari. Lantzarte Berangoko erdigunean dagoen baliabide bat da, eta nahasmendu mental larria duten pertsonak artatzen ditu. Hitzarmenaren indarraldia 2026ko apirilaren 16tik 2027ko abenduaren 31ra artekoa izango da (atzeraeraginezko ondorioekin), eta haren zenbatekoa, gehienez, 1.913.625 euro. Hitzarmen horretan, gainera, luzapen bakar bat egiteko aukera jaso da, hasierakoaren iraupen berekoa. Erabat finkatuta dagoen baliabide bati jarraipena emateko ere berritu da hitzarmena.

Akordio horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak sendotu egin du osasun mentaleko arazoak dituztenentzako arreta espezializatuarekin, jarraituarekin eta pertsonak ardatz dituenarekin duen konpromisoa, eta, aldi berean, finkatu egingo du foru-sare bat, zeinak bazterketa-egoerak prebenitzen, beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak saihesten eta bizi-proiektu autonomoagoak eta duinagoak sustatzen baititu.

Bestalde, Bidaideak Minusbaliatuen Euskal Sozietateari emandako dirulaguntzari esker, 2026an Aterik-Ate garraio egokituko programa finantzatu ahal izango da. Programa horrek 508.277 euroko hornidura dauka. Aterik-Ate mugikortasun-zailtasun larriak dituzten pertsonentzat da, eta Bizkaiko lurraldearen barruan ibilgailu egokituekin joan-etorri pertsonalizatuak egiteko aukera eskaintzen du. Atez ateko zerbitzua da, eskariaren araberakoa, eta erabiltzaileak berak dira ordutegiak eta abiapuntua zein helmuga zehazten dituztenak.

Baliabide horren hedapena eta eragina itxitako azken ekitaldiko datuetan islatzen dira: 2024an, Aterik-Atek 65.339 zerbitzu egin zituen eta 876 pertsonari eman zien arreta. Bidaideak elkartearen ibilbideak berak lankidetza horren balioa areagotzen du. Elkarteak desgaitasuna duten pertsonen inklusiorako eta haien gizarteko parte-hartzea zailtzen duten oztopoak kentzeko lan egiten du, eta Aterik-Ate autonomiarako, eguneroko bizitzarako eta baliabideak, jarduerak eta aukerak baldintza berdinetan eskuratzeko laguntza ematearen logika horretan integratzen da.

Dirulaguntza horrekin, Aldundiak berretsi egiten du desgaitasuna duten pertsonen mugikortasun-eskubidearekiko konpromisoa, funtsezko elementua baita haien autonomiaren alde egiteko, isolamendu-egoerak gutxitzeko, familiei laguntzeko eta lurralde osoan osasun-, gizarte-, prestakuntza-, lan- eta aisialdi-zerbitzuetarako sarbidea errazteko.

Bi akordio horiek onetsi izanak agerian uzten du Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza-sare hurbilekoa, espezializatua eta herritarrentzat erabilgarria indartzearen alde egiten duela, eta zeregin horretan lagun ditu esperientzia egiaztatua eta bereziki sentikorrak diren arloetan —hala nola osasun mentala eta irisgarritasuna— erantzuteko gaitasuna duten gizarte-entitateak. Ikuspegi horretatik, foru-erakundea aurrera egiten ari da pertsonak, haien eskubideak, autonomia eta komunitatean duten parte-hartzea erdigunean jartzen dituen gizarte-ekintzako eredu batean, non zerbitzuek, premiak asetzeaz gain, Bizkaia inklusiboagoa, kohesionatuagoa eta zaintzaileagoa eraikitzen laguntzen baitute.