2026(e)ko apirilakren 22(a) 10:00

Bizkaiko Foru Aldundiak merkatu estrategiko berriak identifikatu ditu lurraldeko enpresak egoera geopolitiko ezegonkor batean nazioartekotzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

"Bizkaitik mundura: Bizkaiko Lurralde Historikoko enpresak nazioartekotzeko agertoki berriak" txostena, Bizkaiko Foru Aldundiak Beaz foru-sozietatearen bidez prestatua, datorren maiatzaren 5ean aurkeztuko da Bizkaia Enpresa 2026 topaketan. Jardunaldi horretan, Bizkaiko ahaldun nagusiaren eskutik egingo da amaiera-ekitaldia, eta ON Bizkaia Enpresa sariak banatuko dira

Bizkaiko Foru Aldundiak, Beaz foru-sozietatearen bitartez, «Bizkaitik mundura: Bizkaiko Lurralde Historikoko enpresak nazioartekotzeko agertoki berriak» izeneko txostena prestatu du. Lan horretan aztertzen da nola ari den aldatzen nazioarteko testuingurua eta zer-nolako ondorioak dituen eraldaketa horrek nazioartekotu eta esportatu nahi duten Bizkaiko enpresentzat.

Txosten osoa maiatzaren 5ean aurkeztuko da, Bizkaia Enpresa 2026 topaketan, zeina BECen egingo baita «Bizkaitik mundura; aukera-agertoki berriak» lelopean, gai hauetan fokua jarrita: espantsio-merkatu berriak, arriskuei aurrea hartzeko beharra eta nazioarteko ingurune konplexu batean enpresei irekitzen zaizkien aukerak.

Azterketak egiaztatzen du globalizazioaren aurrerabidea ez dela, ez egonkorra, ez aurresangarria; horregatik agertoki horretan, analisi tradizionalak, merkatuetan, finantzetan edo lehian soilik oinarritzen direnez, ez dira nahikoak non nazioartekotu erabakitzeko. Faktore geopolitikoek, hala nola zehapenek, gatazkek, erregulazio-aldaketek, muga-zergen tentsioek edo hornidura-kateen berrantolaketak, bat-batean alda dezakete merkatu baten edo kanpo-operazio baten bideragarritasuna.

Begirada estrategikoa txertatzea

Horregatik, txostenak planteatzen du Bizkaiko enpresek ikuspegi geoestrategikoa txertatu behar dutela beren nazioarteko plangintzan. Horrek berekin dakar benetako egonkortasuna zeintzuk herrialdek eskaintzen duten ebaluatzea, hornitzaileak eta helmugak dibertsifikatzea, kanpo-arriskuak aurreikustea eta egokitzeko gaitasuna indartzea. Nazioartekotzea jada ez da aukera ekonomiko hutsa; ezinbestekoa da ingurune globala ulertzea eta adimenez kudeatzea.

Ildo horretan, dokumentuak nabarmentzen du Bizkaia oinarri sendo batetik abiatzen dela agertoki horri aurre egiteko. Bertoko ekoizpen-egiturei, industria-espezializazioei eta gaitasun teknologikoei esker, berme gehiagorekin hel diezaieke nazioarteko merkataritzan gertatzen ari diren aldaketei. Txostenak lurraldearen esportazio-indarra azpimarratzen du: 2024an, maila teknologiko handiko produktuen esportazioek 582,97 milioi euroko balioa izan zuten, hau da, aurreko urtean baino % 20 handiagoa. Horrek Bizkaia kontsolidatzen du eremu horretan EAEn esportatutako guztizkoaren % 54,9aren erantzule gisa.

Bizkaiaren esportazio-egitura bi zutabe handitan oinarritzen da: energia eta metalurgia-siderurgia. Ondoren, mugikortasunaren sektorea dator; gainerako jarduerek, berriz, ekarpen apalagoa dute.

Egungo merkatuei dagokienez, Bizkaiaren esportazioak batez ere Europan kontzentratzen dira, eta guztizkoaren bi heren baino gehiago dira. Frantzia da helmuga nagusia, eta ondoren Alemania eta Erresuma Batua datoz. Amerikan, Estatu Batuak eta Mexiko daude lurraldearen esportazioen hamar helmuga nagusien artean. Halere, txostenak ohartarazten du herrialde anglosaxoi harekiko harreman internazionalen ziurgabetasunaz; horregatik, Europarekin izandako azken tirabiren ondorioz, gomendagarria da arriskuak minimizatzeko alternatibak aztertzea.

Aukera-merkatu berriak Bizkaiko enpresentzat

Erradiografia horretatik abiatuta, txostenak adierazten du beharrezkoa dela merkatu estrategikoak sendotzea eta Bizkaiko industriarako aukera berriak esploratzea. Aukera-helmuga horien artean, herrialde hauek identifikatu ditu: Polonia eta Errumania, industria-hazkunderako Europako plataforma gisa; Turkia eta India, potentzial handiko merkatu emergente handi gisa; Brasil eta Argentina, Latinoamerika industrial estrategiko baten esparruan; Vietnam eta Indonesia, Asiako hub industrial berri gisa, eta Senegal eta Hegoafrika, energiari, azpiegiturei eta industria-eraldaketari lotutako aukerak dituzten merkatuak diren aldetik.

Txostenak azpimarratzen du nazioartekotzea ez datzala soilik merkatuak ondo identifikatzean, bidelaguntzarako tresna egokiak eskura izatean ere bai. Ildo horretan, Bizkaiko sostengu-ekosistema nabarmentzen du, zeinaren barruan Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat programa bultzatzen baititu industria-enpresa txiki eta ertainei eta zerbitzu aurreratuei nazioarteko merkatuetarako sarbidea errazteko, kanpo-espantsiorako planak babesteko, helmugak dibertsifikatzeko eta ezarpen-proiektuak bideratzeko. Horri besteak beste gehitzen zaizkio Bizkaiext zerbitzua eta berrikuntza, inbertsioa, digitalizazioa eta deskarbonizazioa bultzatzeko beste lerro osagarri batzuk, enpresen lehiakortasuna indartzen dutenak.

Bizkaia Enpresa, lurraldeko enpresen topaketa erreferentziala

Bizkaia Enpresa 2026 topaketan, txostenaren aurkezpenaz gain, «Bizkaitik mundura: nazioartekotze-agertoki berriei erantzun dieten enpresen esperientziak» izeneko gunea izango dugu. Bloke hori pentsatuta dago kasu errealak, estrategiak, ikaskuntzak eta aukerak partekatzeko, enpresak egungo testuinguruan nazioartekotzearekin lotuta. Auxemmann, Wolco eta Cenker Robotics enpresek azalduko dute nola ari diren lehiatzen, beren ikuspegiaren arabera, gero eta exijenteagoa den ingurune global batean.

Jardunaldia bukatzeko, amaiera-ekitaldi instituzionala egingo da Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren eskutik. Horrez gain, ON Bizkaia Enpresa sariak banatuko dira, zeinen bidez aitortza egiten baitzaie besteak beste arlo hauetan nabarmendutako enpresei: berrikuntza, nazioartekotzea, trantsizio digitala eta ekintzailetza. Sariok indartu egiten dute Bizkaia Enpresak lurraldeko enpresa-sarearentzako hitzordu erreferentzial gisa duen izaera.

Bizkaia Enpresaren edizio berri horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko enpresekiko duen konpromisoa indartzen du, eta jakintza, kontrastea eta bidelaguntza eskaintzen die, nazioarteko ingurunearen aldaketei aurrea hartu ahal izan diezaieten, hazteko aukera berriak aprobetxa ditzaten eta aurrerantzean ere jarrai dezaten lurraldeko industria, teknologia eta enpresa arloetako gaitasuna proiektatzen.